detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Seul, bukatzen ez den hiria

Seulek hamaika milioi biztanle ditu. Ez da munduko hiririk handiena, baina batzuetan halaxe ematen du. Tontor batean dagoen telebista-dorretik begiratuta, eraikin-multzoak  zeruertzean galtzen direla dirudi: ezin da inolaz ere jakin hiriak non duen bukaera.

Hogei solairuko etxeak, bata besteren atzetik, denak berdin-berdinak, euren apartamentu txikiekin.

Eraikinaren alde bat leihorik gabekoa izaten da, eta hor eraikinaren zenbakia margotzen dute, handi-handia, eta horrela bereizten dira euren artean etxeok. Nortasunik gabeko hiri-ikuspegi itogarri samarra da, Asiako hiri askorena bezalakoxea; jendeak neurriz kanpo gaina hartutako beste hiri bat, begi-bistakoa denez. 

Seul hiria ez da geldi egotekoa, baina badira lasaitzeko tokiak ere, budisten tenpluak adibidez. Budistak baitira, Konfuzioren jarraitzaileak ere bai, erlijioari begiratuta bi multzorik nagusienak Hego Korean. Kristauak ere ez dira gutxi. Asia osoan Filipinetan bakarrik dago Hego Korean baino kristau gehiago. Hemen ia lautik bat da kristaua edo protestantea, zeren katolikoak gutxi batzuk apenas badiren. Ohikoa da sermolari protestanteak parkeetan ikustea, Biblia astinduz.

Budisten tenpluetako dekorazioak, edo otoitzerako aretoen lasaitasunak, erakarrita etortzen dira bidaiariak. Areto hauetan estatua handi batzuk nabarmentzen dira, Buda irudikatuz. Interesgarriena Jogyesakoa da. Tenplu honen inguruan badira denda asko intsentsu-makilatxoak, lore-girlandak eta otoitzerako abesti-diskoak saltzen dituztenak.

Eskuko marren bidezko igarpenek, kutunek eta horoskopoak zaletu asko dituzte korearren artean. Bitxia da ikustea betiko asmakeria horiek eta teknologiarik aurreratuenak eskutik nola doazen. Adibidez, Seulen erdian dagoen Tagpol parkean dituzte igarleek euren saltokiak, eta handik metro gutxira telebista-pantaila erraldoiek etengabe dihardute iragarkiak eta berriak ematen.

Bi Koreak elkarren aurka aritu ziren Koreako Gerran (1950-53), eta Seulek kalte latzak izan zituen bonbardaketen ondorioz. AEBek Hego Korearen alde egin zuten, eta Txinak Ipar Korearen alde. Jauregi inperial asko onik atera ziren, zorionez. Merezi dute bisita egitea, arkitekturaren aldetik ederrak direlako, eta parke sarrietan daudelako. Jauregi hauei dagokienez, bi izen nabarmendu behar dira: Jongmyo eta Changdeokgung. Azken honetan Chosung dinastia-garaiko guardia-aldaketa egiten da egunero.

Eta 2008ko otsailean gudak lortu ez zuena suak lortu zuen: Seulgo monumenturik garrantzizkoenetakoa, Nandaemungo Atea, erretzea. 600 urtetik gora zituen. Ez da Seul hiri harresitua zegoen garaiko ate bakarra, baina bai seuldarrek gehien miresten zutena. Eta konpontzeke dago. Azoka, atearen izen berekoa, hurbil dago, eta zaila da pausorik ematea, handia baita jendearen emana salgai merkeak eskaintzen dituen azoka asiar tipiko horretan.

Koreako Gerra-Museoak aspaldiko gerra-hegazkinak ditu, ikusgarriak. Baina gerra horrek beste oroigarri bat laga die hego korearrei, eta, bi herrialdeek defentsa-hitzarmena sinatzearen ondorioz, AEBetako 35.000 soldadu dira Hego Korean. Yongsan-en dago amerikarren baserik garrantzizkoena, Seul hirian bertan. Gertu dute Itaewon kalea, eta egun libreak dituzten soldaduak maiz joaten dira horko taberna eta jatetxeetara, eta gau-girorako edo erosketarako kalea bada ere, badira hiriaren erdian leku atseginagoak, adibidez, Insadong kalea, antigoaleko salgaiak eskaintzen dituzten dendez betea. Eta bada gerra hotzak utzitako beste arrasto bat ere: 113 telefono-zenbakia; espiak salatzeko erabiltzen da: pentsatzekoa da ipar korearrak izango direla espiak.

Munduak Seul ezagutu ahal izan zuen 1988an, bertan izandako Joko Olinpikoen bidez,. Oraintsuago, 2002an, Munduko Futbol-Txapelketa izan zen hirian. Oso atsegin dute futbola, eta Europako txapelketak jarraitzen dituzte, baina hango kirol nazionala taekwondoa da, eta oso maila gorena dute kirol horretan. Gaztetxoentzako txapelketak ere antolatu izan dituzte Seulgo kaleetan.

Eta kaleetan jatetxeak ere badira, nahiz eta bertako janari tipiko batzuk ez izan sobera komenigarriak europar urdailentzat. Adibidez, gimchi izenekoa, aza hartzituz, berakatzaz, gengibrez eta piperminez osatua.

Seulek ez du Disney jolas-parkearen antzekorik, baina izan badu bere parkea. Koreako Folklore Herria da: parke eta aintziraz osatua dago, garai bateko lanbideak eta eraikinak erakusten dituzte, eta musika-dantza emanaldiak eskaintzen. Toki aproposa Hego Koreako hiriburuko zalapartatik, ordu batzuetan behintzat, alde egiteko.


x61pRelaContWAR



detalle2

Dokuteka

B2
2010-02-18

x61pRelaContWAR

  • Torquemada, Jesús
16499623

x61pViewCountWAR

6333

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR