Aldizkari Digitala
Marrakex, Afrikako atea
Marrakex hiriak badu bai zerbait, harrapatzen zaituen zerbait. Bai, jakin badakigu Djemaa El-Fna plaza inguruko arratsalderoko ikuskizuna turista zuhurtziagabeei dirua kentzeko egiten dela. Bateko suge-sorgintzaileren bati atera diozun argazkiarengatik ordaindu beharra, eta besteko urketari bitxiren bati ateratakoagatik ere sosak utzi beharra izaten da. Eta bai, turistentzako tranpa dira ere kalesa izeneko zalgurdiak. Baina hasiberri-saria ordaindu duzularik, eta plazan hara eta hona hasten zarenean, jabetzen zara marokoar asko daudela bertan, ipuin-kontalariak entzuteko gogoz, edo kaleko musikariekin belarriak gozatzeko asmoz, eta kutunak eta betiko botikak erosten dizkietela zoruan euren generoa zabaldu dutenei.

Zoko edo azoka ugari dago hirian. Nahiz eta turistaz beteta izan, ugaritasun horri esker irudipena izango duzu hiriak bere izaerari eutsi diola, artisauek egin bezala egiten direla gauzak, patxadaz, azken mendeetan bezalatsu. Zokoak kale-labirintoak dira, bertan aise galtzeko modukoak. Zoko batean oihalak saltzen dira, oihalak besterik ez, bestean espezieak bakarrik, eta bestea buztingintzari emana dago guztiz, eta hurrengoan metalezko lanparak baino ez dira saltzen. Beraz, espezializatuak daude zokoak. Eskuz egiten da dena, makinarik gabe, eta zamabere preziatua da astoa oraindik.
Tradizioari eutsi dio hiriak, baina modernizatu ere egin da. Alde zaharreko monumentu eta zokoez gain, bada hiri berritu bat, kale zuzen eta zabalekin, eraikin berriztatuekin eta denda dotoreekin, nazioarteko marka-etxeak barne. Baina ezingo dugu ahaztu Maroko herrialdean gaudela, kaleko giroak behin eta berriz gogoratuko digu, eta nahasian ageriko zaizkigu zalgurdiak eta autoak, eta janzkerari dagokionez, emakumerik gehienak burua estalita daramate zapi batez, batez ere alde zaharrean, hirian europar erara janzten direnak ere badiren arren.
Eta hiri honetan interesgarriak dira ziberkafeak. Toki oso txiki batzuetan ordenagailu dezente sartu eta hantxe aritzen dira gaztetxoak jolasean eta txateatzen. Eta hor biltzen dira atzerriko senitarteekin harremanetan jarri nahi dutenak ere. Zirrara sortzen du nekazari alfabetatugabe itxura duten andere xaharrak ikusteak, biloba ondoan eserita lagun dutela, Internet bidez hizketan Europan lanean duten seme-alabaren batekin.
Baina bisitaria beti itzuliko da alde zaharrera, etenik ez duen zalapartara, hiriko ezaugarri den gorri-arrosa koloreko adobezko etxeak ikustera kale-tarteetan. Eta ikusteke dituen monumentuei so egitera. Kutubiari, adibidez. Dorre hau 70 m. luze da eta Sevillako Giralda dirudi. Ez da harritzekoa: almohadeen garaian egin ziren biak, eta Iberiar Penintsulan nagusi ziren arabiar marokoarrak. Gibraltar Lurmuturreko alde banatan zirenek harreman handiak zituzten euren artean. Andaluziako langile eta artisau ugari aritu zen Marrakex eraikinez osatzen, eta baita Andaluzian bertan ere, arabiar erako monumentuak jasotzen.
Zalaparta aipatu dugu, baina patxada ere eskaintzen du hiri honek bere lorategietan. Adibidez, Majorelle lorategian, hildako Yves-Saint-Laurent jostun frantsesarena izandakoa. Bada beste lorategi bat, guztietan nabarmenena, Menara, hiriaren kanpoko aldean. Urmaelean jauregitxo teila berdeduna islatzen da, eta atzeko Atlas mendi-lerroa! Horregatik turismo-bulego marokoarrek gehien darabilten irudia da Menarako hori.
Marrakex basamortuaren atarian kokatuta dago eta Afrikako atea da. Lehenbizi, Atlas mendi-katea zeharkatu behar da, 2.000 m. baino gehiago dituen Tizi n'Tichkako igarobidetik eta handik aurrera Todra, Dades eta Draa haranetarako sarbidea dago. Sahara basamortua ere hortxe da, gamelu-multzoen lurralde, eta hiritik Niger ibaira bitarteko zabaldi handi horretan ibilitako merkatariena. Egun, osteratxoak egiten dituzte gameluek, turistak gainean dituztela. Zer egingo diogu bada, globalizazioaren ajeak!
