Navanethem Pillay, Ruandako genozidioa epaitzen ari den emakumea

Kontu latz eta gogorrak ditu esateko Navanethem Pillay andreak. Hego Afrikako Epaitegi Gorenean epai-lanetan aritu zen lehen emakume beltza da, Mandelak berak propio izendatua. Orain Nazio Batuen erakundeak Ruandako genozidioa epaitzeko Portu zuen Nazioarteko Epaitegiko burua da. Ez dugu ahaztu behar 1994ko lau hilabetetan milioi erdi bat lagun hil zituztela lurralde hartan. Pillay epaileak orain 59 urte ditu, eta buru-belarri ari da lanean justiziaren alde beti. Emakume horren ustez, hau du orain arteko lorpenik nabarmenena: gerrako bortxaketak genozidioaren eta gizadiaren aurkako krimenen artean sarraraztea.

Abokatu gaztea zela, goi-segurtasunezko Robben Island kartzelan askotan sartzen zen, bizia arriskuan jarrita, Mandelari mezuak sujetadorearen azpian gordeta pasatzeko. Ausardia behar zen gero garai hartan hori egiteko!

Navanethem Pillay jatorriz indiarra da, Hego Afrikan jaioa. Harvard-eko Unibertsitatean doktoregoa egin zuen. Geroztik apartheid-sistemaren presoen eta biktimen defendatzaile sutsuenetakoa izan da beti.

Hala ere, Pillay andreak oso jarrera kritikoa azaldu zuen presidente beltzak eman zuen apartheid-krimenen amnistiaren aurrean. Ez zegoen ados, ezin irentsizko pilula zen harentzat. Hego Afrikari Egiaren Batzordea antolatu zen delituak agerian jartzeko, baina ez errudunak epaitzeko. Haren esanetan, bakea eta akordioa justiziaren gainean eraiki behar dira, ez bestela. Baina amnistia onartu egin zen, Mandela jakintsuak egoera hartan beste irtenbiderik ikusten ez omen zuelako. Erabaki horren truke, 300 urtean gutxiengo zuriak agintzen egon ondoren, agintea “beren borondatez” utzi omen zuten.

Pillay andrea orain Ruandako genozidioa ikertzen ari den Epaitegiko burua da. Baina, epaile izateak dituen mugetatik at, guztiaren gainetik, pertsona da, iritzi kritikoak jaulkitzen dituena, eta galdera sakonak planteatzen dituena. Askotan, goizean goiz jaiki bezain laster, galdetzen omen dio bere buruari: zer ari da gertatzen gaur egun munduan? Garai batean bakezale ziren herriak, zergatik dabiltza orain gerra eta borrokan nahastuta? Zergatik kanibalismoa eta bortxaketa ikaragarri horiek? Nork bultzatzen ditu gauza horiek egitera? Nork jartzen ditu armak, eta dirua? Non daude benetan epaitu beharko liratekeen eragileak?

Pillay andreak badaki epaile den aldetik, epaiketako gai-esparruaren barruan ari behar duela, baina, aldi berean, argi dauka protagonista nagusienak ez direla epaitegian azaltzen. Baina, epaile izateaz aparte, pertsona konprometitua da, kezkatua, gogoeta sakonak egiten dituen emakumea.

Nazioarteko legediak ez ditu delitu guztiak harrapatzen. Alderantziz gertatzen da askotan. Gaiztagin asko eta asko libre dabiltza Europako kaleetan. Esate baterako, delitu ekonomikoak legedian tipifikatu gabe daude. Argitzen ari dira ELF petrolio-multinazionalek Afrikako zenbait diktadoreri, Mobuturi besteak beste, eman izan dioten babesa. Legediak ez ditu horrelako kasuak harrapatzen. Horregatik, Pillay epaileak uste du epaitegietan delitu ekonomikoak tipifikatzeko garaia dela, epaituak izan daitezen.

Ezin da onartu norbaitek, dena delakoak, herri bat larrutu eta harrapatutako ondasunak Europako bankuetan bere kontu korrontean sartzea, eta gero herrialderen bateko agintariengandik asiloa lortzea edo begirune handiz onartua izatea, Mobutu Frantzian edo Idi Amin Ekialde Ertainean bezala. Ikaragarria da gero! Bukatuko ahal da egunen batean bidegabekeria hori!

Pillay epailea Ruandako genozidioa ari da ikertzen, krimen ekonomikoak ez ordea. Hauek ez omen dira, oraingoz, genozidioaren barruan sartzen. Dena dela, delitu ekonomikoak ere zigortu egin beharko lirateke. Haren esanetan, ezin ditugu begiak itxi Afrikako pobrezia ikaragarriaren aurrean. Hainbeste jende goseak hiltzen eta zenbait agintari eta lider eztitan, bilioika dolar handik atera eta Mendebaldeko bankuetan sartzen, hori ez al da ba genozidioa?

Ruandan 1994an gertatua ikaragarria izan zen. Eta hori ari da epaitzen Pillay andrea. Hark dioenez, ez zen tutsien aurkako hutuen ustekabeko mendekua izan, bat-batean sortua. Munduan hori horrela zabaldu bada ere, epaiketan besterik azaltzen da. Sarraskia goitik izan zen antolatua. Kanbanda ministro ohiak, beste zenbait lekukorekin batera, gauzak Gobernutik antolatzen zirela azaldu zuen eta bere burua errudun aitortu, armak banatzeko eta tutsiak hiltzeko erabakietan parte hartu baitzituen.

Epaitegi horrek ahalmena du 1994an Ruandan gertatutako delituak eta hilketak epaitzeko, bestelakotarako ez. Hori da epaitegi horren muga. Dena dela, Nazio Batuen epaitegi horretaz aparte, Ruandako epaitegi nazionalak ere ari dira gertatutakoak argitzen, 115.000 kasu baino gehiago aztertu dituzte eta epaitu. Hego Afrikako Egiaren Batzordean bezala, Ruandan ere delituak argitu egin nahi dituzte, eta horretan ari dira.

Indarkeria ez da politikoen aldetik bakarrik sustatu, negozioen eta multinazionalen munduko zenbaitek ere parte hartu zutela argi geratu da. Esate baterako, Tea Factory-ko Alfred Musema zuzendaria betiko kartzelara zigortua izan zen, hiltzeko eta bortxatzeko aginduak eman zituela frogatuta gertatua baita. Rutaganda negozio-gizon famatua interahamwe miliziaren buru-ordea izan zen. Dena dela, Pillay andreak dioenez, gerra latz horren atzean ze interes ekonomiko zeuden aztertzea eta epaitzea ez da, oraingoz, Nazio Batuen epaitegi horren zeregina.

Epaitegiaren akatsik handienetakoa motelegia dela, dio Pillay epaileak. Eta horixe bera gertatzen dela beste zenbaitetan ere, Jugoslavia ohian gertatu zen sarraskia ikertzeko eratu den epaitegian, esate baterako. Baina, hori bai, kontu bat azpimarratzen du Pillay epaileak, alegia, Jugoslavia.ohian ez bezala, Ruandan gauza bat erdietsi dela. Izan ere, Ruandan goi-mailako kargudunak eta agintariak ere epaitzea lortu dute, eta Jugoslavia-ohian ez.

Nazio Batuen bi epaitegi hauetaz ari garela, bada gauza bitxi bat, azpimarratzea merezi duena, bi epaitegi horietako buruak emakumeak direla: Pillay andrea Ruandakoan eta Carla del Ponte epailea Jugoslavia ohian. Pillay epaileak dioenez, emakumeak adore biziagoz ari dira krimenak eta delituak salatzen, eta azken gudu berrietako gorabehera itsuak argitara ateratzen. Arrazoiak asko izan daitezke, baina gerra horietako biktimak gehienbat emakumeak dira, eta besteak beste, umeen egoeraz arduratu behar izaten dute. Pillay.re esanetan, batez ere emakumeak ari dira kontzientzia berri bat sortzen. Seattlen Munduko Komertzio Erakundearen aurkako protestak gertatu aurretik, askoz ere lehenago, Afrikako emakumeak protesta bizian aritu ziren munduko zenbait erakunderen aurka: OMC, Banku Mundiala, FMI… Japonian ere manifestapen berberak egin zituzten munduko krimen ekonomikoen aurka.

Hala ere, legedia poliki-poliki aurrera omen doa. Pillay epaileak poz berezi bat azaldu nahi du: “Guk sortu dugu bortxaketa gerrako krimen bezala definituta geratzea, nazioarteko legedian tipifikatua. Guk genozidioari buruzko lehen epaia eman dugu, agian hurrengoak Pinochet, Milosevic, Karatzic eta beste asko izango dira”.

HIZTEGIA
ADORE.- Kemena. Valor, coraje.
AHALMEN.- Poder.
AUSARDIA.- Osadía.
BABES.- Protección.
BEGIRUNE.- Errespetua. Consideración.
BIDEGABEKERIA.- Injusticia.
BUKATUKO AHAL DA!.- ¡Ojalá termine!
DENA DELAKOA.- Quienquiera que sea.
ERAGILE.- Causante.
ERAIKI.- Jaso. Construir.
ERDIETSI.- Lortu. Conseguir.
ERRUDUN.- Culpable.
EZ BEZALA.- A diferencia de.
EZTITAN.- Disfrutando.
GAIZTAGIN.- Delincuente.
IRENTSI.- Tragar.
JARRERA.- Portaera. Actitud.
JAULKI.- Esan. Contar.
LARRUTU.- Desollar.
LEKUKO.- Testigo.
LORPEN.- Logro.
MENDEKU.- Venganza.
MOTEL.- Mantsoa. Lento.
PROPIO.- Berariaz. Expresamente.
SARRASKI.- Matanza.
SUSTATU.- Eragin. Estimular.
SUTSU.- Suharra. Ferviente.
USTEKABE.- Ezustea. Sorpresa.
ZABALDU.- Hedatu. Difundir.
 


Interesatzen zaizu



2001-03-01
16362705
1690