René Cassin (1887-1976), Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren aita

Baionan sortu zen 1887ko urriaren bostean, orain Ducéré izena duen udaletxeko karrikan. Renéren ama, Gabrielle Dreyfus, Baionakoa da; aita, Azaria Cassin, Nizakoa. René lau haurretarik hirugarrena da.
1891ko irailean, Baiona utzirik, familia Nizara doa bizi izatera. Artean Renék lau urte ditu. Hala ere, bakantzak amaren gurasoekin igarotzen dituzte Baiona Santizpiriteko etxean.
Familiako bi aldeetarik judutarrak dira. Baionako etxe on guzietan bezala, neskameak eta hazama guziak euskaldunak zituzten, eta hola berak entzun eta ikasi zituen lehenbiziko kantuak euskara hutsezkoak izan ziren. Halaxe du jasoa Jean-Louis Davant-ek Piarres Charriton apezak Rene Cassini 1966an Parisa egin zion bisitaren berri ematen duen eskutitzean: "Espainiako euskaldun aterpetu politikoei kasu egiten zien Frantziako euskaldun apez bezala agertu naizenetik, atera jin zait harrera egitera, ene harridurako kantu hau abestuz : "Boga, boga, Marinela!...Bai Indietara!... " eta hasiera hori argituz erran dit : "Aitzina! Aitzina!... Azalduko dizut... " eta gehitu dit haren amasoetarik bat euskalduna zela, Orzaize aldekoa".

René Cassinek Zuzenbide ikasketak Aix en Provenceko fakultatean eginen ditu eta garai hartan Simone Yzombard emaztegaia ezagutuko. Parisen biziko da lan xume batzuei esker, zuzenbideko doktoregoa prestatuz. Doktoregoa 1914an erdietsiko du, eta 1919an unibertsitate irakasle izateko agregazioa (prestigio handiko oposizioa). Bien artean gerla eginen du.
 

Marneko gudukan parte hartzen du. Baina, bala leherkari batek larriki zauritzen du besoan, saihetsean eta sabelean. Gerlako elbarritua denez, armadatik libre geratzen da.

Simone Yzombardekin ezkontzen da 1917an Parisen eta bikote gaztea Aix hirian plantatzen da. Lilleko unibertsitatean aurrenik eta gero Parisekoan zuzenbidea irakatsiko du.

1918an Union des combattants mutilés et veuves de guerre UF elkartearen sortzaileetarik dugu eta Frantziako gerlari ohien elkarte nagusi bihurtzen da Cassinen gidaritzapean: "Nazioaren defentsan jasaniko kalte pertsonalen ordain eskubidea" Estatuari onarraraziko dio.

Gerlako kaltetu guzien alde daraman lanak sona handia erdiesten du: UF elkarteko milioi bat kideen presidente hautaturik, SDNren zerbitzuko jartzen du: Société des Nations erakundea, 1920an sortua, Genevan kokatua, NBEren arbasoa dugu.

1924ko irailetik, Cassin Frantziak SDNean duen ordezkaritzan dago, beste hamaika kiderekin, Edouard Herriot politikari famatua buru dutela. Cassinek SDN erakundea etengabe sostengatzen du. Nahi luke "Nazioen erakunde juridikoa" bilaka dadin. SDNeko tribunatik Aristide Briandek Europako Batasun "federal" baten xedea oihuztatzen du: "Uste dut, dio, Europako populuen artean, lotura federal bat behar dela (...). Lotura horren finkatzera lehiatu nahi nuke. Lehenik ekonomikoa litzateke, gero politikoa eta soziala."

Alemania SDN erakundean sartua da, baina 1929an New Yorken hasi den krak ekonomikoak Alemania industriala erdiz erdi jo du: langabeak milioika ditu. Hitler gobernura heltzen da 1933ko urtarrilaren 30ean. Abian finkatzen du alderdi bakarraren diktadura eta beldurraren erreinua, lehen kontzentrazio-guneak eraikiz oposizioko alemanentzat.

Cassinek herritarrei bizitza nahi bezala ken dezakeen Estatu ahalguztidun baten ideia ez dezake onar. Berak jendea oroz gainetik dauka. Eta bortizkeria barneko legetzat daukan "Estatu terrorista" bat indartzen ikusten du. Cassinek sentitzen du munduko gerla berri bat badatorrela: zuzen eta laster hor da, SDNa eta demokrazia handiak ez badira berehala higitzen! Abisua abisuaren gain ematen du, baina alferrik.

Iheslarien alde ahal zuena eginik, Cassin Baionara heltzen da ekainaren 18an. Biharamunean Guy Menant adiskideak de Gaulle jeneralaren deia aipatzen dio. 1940ko ekainaren 24an Donibane Lohizunen azken ontzi britainiarra hartzen du, emaztea eta Raymond Aron irakaslea lagun, kasik lehen aleman motodunen sudurpetik. Plymouthen lurreratu eta 29an de Gaullek harrera egiten dio. Cassinek jakin nahi du ea de Gaulle, ofizioko soldadua eta eskuineko katolikoa, ezkertiar legegizon judu bat laguntzailetzat hartzeko gogotik prest ote den. Baina jeneralak abian baketu nahi du. Ez ote dira justuki biak Frantzia egin duten indar ezberdinen sintesi perfektua?

Cassin Londresen egonen da hiru urtez, gero Aljeren urte batez. De Gaulle eta Churchillen arteko hitzarmena idazten du: testu horretan oinarritzen da Frantzia Librearen eta Britainia Handiko Erresuma Batuaren arteko aliantza. Cassinen eskutik dator, halaber, Irujo-de Gaulle hitzarmenaren idazkia: Frantses Indar Libreen baitan, euskaldun gudari talde baten eraketa hitzartzen du. Churchillen debekuak tratua deseginen du, Francori munduko gerlan sartzeko estakururik ez baitio eman nahi.

Garai haietan Cassin BBCtik usu mintzo da: 140 hitzaldi eginen ditu orotara. 1941ean Frantses Inperioko defentsa kontseiluko idazkari iraunkorra da, eta gero Frantses Kontseilu Nazionaleko hezkuntza eta justizia komisarioa Kontseilu horren sorreratik. Frantzia Librea ordezkatzen du nazioarteko bilkuretan, esaterako, Aliatuek Atlantikoko Kartaren testua onartu zuenekoan.

Aljer utzirik 1944. urtean Cassinek Paris libratuan bere egoitza ediren du, ustekabean osorik. Haatik, askazi hurbiletarik hogei galdu ditu. Udazkenean, zuzenbide zibila irakasten hasiko da berriz Pariseko fakultatean. Bestalde, kargu handirik beteko du, baina beti justiziako eta kulturako gaietan:

Munduko Aliantza Israelitako presidentea 1942tik, UNESCO erakundearen sortzaileetarik da 1945ean eta Frantziako ordezkaria 1958ra arte, NBEko Giza Eskubideen Batzordeko presidentea, frantziar Estatu Kontseiluko presidenteordea (1944-1960), frantziar Kontseilu Konstituzionaleko presidentea, eta Europako Giza Eskubideen Gorteko lehendakaria 1965etik.
 

1948an, Eleanor Roosevelt andere adiskidearen babesean, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala zirriborroan idazten du, eta idazki hori, zuzenketa guti batzuekin, NBEko biltzar nagusiak onartuko du. René Cassin mundu osoko Aldarri horren aita dugu, beraz.

1959an, Pariseko Elysée jauregian, horren aitzinean zin egiten du Charles de Gaulle Errepublikako presidente berriak, Cassin behin-behineko Batzorde Konstituzionaleko burua baita. Jeneralaren itzulera politikoa sostengatu du, baita V. Errepublikako Konstituzio xedea 1958ko irailaren 28ko erreferendumean. Baina 1962ko urriaren 28ko erreferendumean, ezetz erraten dio Errepublikako presidentearen hautatzeko lege berriari, hots, bozketa orokorrez zuzenean hautatzeari: beldur da botere pertsonalera eraman dezan.

1960an zuzenbide zibileko irakaskuntzatik erretiratzen da: lan horretan 1919tik aritua.

1968ko abenduaren bederatzian Oslon, Olav erregearen aitzinean, René Cassinek Bakearen Nobel Saria ukaiten du Aase Lioanes anderearen eskutik, hau Nobel batzordearen burua delarik Norvegiako legebiltzarrean.

1969ko abenduan Estrasburgon giza eskubideen nazioarteko Ikastetxea sortzen du: giza eskubideen abokatuak eta epaileak moldatzen ditu bereziki. Cassinentzat hezkuntza, justizia, indar etikoa eta aburu publikoaren sostengua denen oinarrian daude. Gobernuz Kanpoko Erakundeek anitz egin dezakete giza eskubideen alde, bereziki Estatua bulkatuz.

1976ko otsailaren hogeian hil zen René Cassin Parisen.



Oharra:
Biografia honek lan honetan du oinarri: RENE CASSIN (1887-1976) BIZITZA ETA LANAK, Jean-Louis Davant (2010) (www.euskaltzaindia.net)
Ikus, halaber, Marc Agik: René Cassin / 1887-1976 / Prix Nobel de la Paix / Père de la Déclaration universelle des droits de l'homme / Librairie Académique Perrin, 1998

Argazkia: Life. Bill Ray


C1
2010-05-24
16362552
6984