detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Sydney, Australiako hiri zoriontsua

Sydneyk guztia du hiri zoriontsua izateko. Giro epela, ingurune oso ederra, hondartza apartak, bizi-maila handia eta gizartean aniztasuna.

Horren adibide dira komunitate homosexuala eta Asiako etorkin ugariak. Bortizkeria eta eskale-kopurua, berriz, oso txikiak dira beste hiri handi batzuekin alderatuz gero.

Hondartzetan, Manly eta Bondi-n batez ere, mutil gihartsuek eta kolore beltzarana hartutako neskek ikuskizuna ematen dute, guztiak surfa egiten erlijioa balitz bezala. Hondartza hauek Sydneyn barruan daude, baina, hiri-erditik urrun samar egon arren, badute puntu bat interesgarriago egiten dituena: bertara iristeko itsasontzia hartu behar da Sydneyko badia osoa zeharkatzeko, munduko handienetakoa.

Manly hondartza, Sydneyko herrikoiena

Sydneyk oso historia bitxia du. 1788an Britainia Handiak bertako presondegiak gainezka zituen, eta zertxobait hustu zituen presoak Australiara bidaliz, eta bide batez hori kolonizatuz. Beraz, planetaren beste muturrera 1.200 lagun bidali zituen: presoak, horien soldadu zaintzaileak eta guztien senideak. Badia sakon batean lehorreratu ziren, kontinente handiaren hego-ekialdean, eta herrixka xume bat sortu zuten, Lord Sydney, hala bataiatua kolonietako britainiar ministroaren omenez. Hazi egin zen herria, eta egun hiria oso aberatsa da. Iraun duten etxerik zaharrenak 1850.ekoak-edo dira, eta The Rocks izeneko barrutian ikus daitezke.

1850ekoak dira etxerik zaharrenak

Sydney mundu osoan ezagun egin duen monumentua Opera da. Bere garaian izugarrizko arrakasta lortu zuen, duen formagatik: itsasontzi baten haize-oihalak zabalik. Danimarkakoa zen arkitektoa, Joern Utzon; bitxia zera da, maisulan hori egin arte ia ezezaguna zela, eta geroztik ere ez duela ezer nabarmenik egin. 1973an inauguratu zuten Sydneyko Opera, eta orduz geroztik bera da hiriaren sinbolo. Bost areto ditu, eta egunero dago ikuskizunen bat: musika, antzerkia, opera edo baleta.  

Sydneyko Opera eta hiriko etxe-orratzak

Badiako Zubia (Harbour Bridge) burdinazkoa da osorik, eta hiriko postal ohikoetako bat da. 1932an bukatu zuten; ingeniaritza-lan ikusgarri bat da, ia kilometro bat luze, eta badiako bi ertzak lotzen dituena. Zubi-puntaraino igotzeko (140 metro ur-azaletik) txangoak antolatzen dira. Mendi-espedizio bat egingo bazenu bezala janzten zaituzte, eta astronauta-itxura ematen dizun jantzia ipintzen. Arrisku-kirolak asko gustatzen zaizkie australiarrei, eta horrek ikuskizun-ukitua badu, askoz hobeto.

Harbour Bridge: goraino igo daiteke

Beste hiri askok bezala, Sydneyk ere badu telebista-dorrea. Hara igota hiriaren ikuspegi ederra bistaratzen da bertatik. 350 metro garai dago AMP Tower delakoaren antena, eta hiria ikusteko aretoa 250 metrora. Horrelako tokietan ohi bezala, goian buelta osoa ematen duen jatetxea dago. Igogailuek 40 segundo behar dituzte goraino heltzen. Eta lasai, huts egiten badute, eta goian trabatuta geratzen bazara, jaisteko eskailera bat dago … 1.504 maila dituena.

Trenbidea errailbakarrean; eta telebista-dorrea

Australiako Itsas Museo Nazionala ere interesgarria da. Bertan benetako urpekuntzi bat ikus daiteke barrutik, Onslow izenekoa, 1969-1999 urte-tartean lanean aritutakoa. Giro itogarria sentitzen da hor barruan. Harrigarria da hain toki txikian nola bizi daitekeen hainbeste jende, eta hainbeste egunez, egoerarik gogorrenetan.     

Sydneyko jendea gertutik ikusteko, onena hiriaren erdian dagoen parkeren batera joatea da, eguerdian. Han biltzen dira finantza-auzoko bulegoetako langileak, inguruko dendetan erositako janaria azkar batean bazkaltzera. Betiko sandwich horiek jaten dituzte, eta, harritzekoa, askok baita sushi platertxoak ere. Jendeak oso atseginak ditu platertxo horiek, edo Vietnam, Indonesia edo Thailandiako janaria. Izan ere, herrialde horietako etorkin ugari dago, azken hamarkadetan iritsitakoa. Chinatown bat ere bada, txinatarrez josita. Txinatar horiek orain 100 urte pasatxo iritsi ziren, XIX. mende-bukaeran, samaldan urre bila.

Oxford Street auzoa da afaltzeko, edo zerbait edateko, girorik onena eskaintzen duena. Era askotako jatetxeak ditu. Eta auzo hau da gay eta lesbianek gehien bisitatzen dutena. Homosexual jendearentzat munduko hiriburu ez-ofiziala da Sydney, San Franciscorekin batera. Ozeano Barearen alde banatan dauden bi hiri hauek, bata ipar-hemisferioan eta bestea hego-hemisferioan, oso antzekoak dira giroari dagokionez.

Sydneyn ere bada Euskal Etxea, oso txikia baina

Sydneyk, itxuraz, arazo bakarra dauka: kostaldean marrazoak ugariak direla, eta noizbehinka eraso egiten diotela surflariren bati. Horixe da hiri zoriontsuak duen kezka nagusia.
 


x61pRelaContWAR



detalle2

Dokuteka

B2
2012-09-04

x61pRelaContWAR

  • Torquemada, Jesús
  • Jesus Torquemada (argazkiak)
16361748

x61pViewCountWAR

10718

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR