BABELIUM PROJECT, ahozkotasuna lantzeko tresna
Babelium Project EHUko Grupo Hipermedia y Multimedia ikerkuntza-taldeak abiarazitako ekimen berritzailea da. Hainbat hizkuntzatan -batez ere, euskaraz eta ingelesez- ahozkotasuna eta ulermena lantzeko webgunea programatu dute, bideoak erreminta nagusi dituena.
Dagoeneko 200 bat bideo dituzte zintzilik eta, aldi berean, euskaltegientzat antzeko gailuak diseinatu dituzte. Juanan Pereira EHUko Informatika-irakaslea da proiektuaren zuzendaria eta Inko Perurena, berriz, ikasketa-bukaeran proiektua landu duena eta bertako langilea gaur egun.
Noiz eta zelan sortu zenuten Babelium Project?
Juanan Pereira: Guk eta jende askok duen arazo bati erantzuteko jaio zen. Hizkuntza bat ikasten ari zarenean irakurtzea eta idaztea lor dezakezu, baina hitz egitea eta ahozkotasuna lantzea zailagoa da. Gu informatikariak garenez, arazo hori gainditzeko irtenbide bat programatzea erabaki genuen. Konturatu ginen teknologiak ahozkotasuna praktikatzeko zerbait programatzea ahalbidetzen zuela. Horrez gain, bideoekin lan egin nahi genuen, eta hor agertzen zena aprobetxatu; izan ere, norbaitek hitz egiten badu euskaraz edo ingelesez bideo batean, hori nolabait errepikatuz hobetu ahal dugu gure ezagutza. Gai honekin lotuta, orain dela bizpahiru urte ikasketa-bukaerako proiektuekin hasi ginen lanean.
Guztira, 10 bat pertsonaren artean garatu dugu aplikazio hau. Beti izan ditugu arazo teknikoak, denbora errealean jarri behar delako pertsonen ahotsa eta irudia, eta sinkronizatu beharra dagoelako bideoan ikusten denarekin.
Zertan datza webgunea?
Juanan: Bikoizketaren kasuan, bi pertsonaren arteko elkarrizketa ikusi eta entzun dezakezu; eta gero erabaki horietako baten rola hartu eta bere ahotsa zuk sartzea. Hortaz, aukeratutakoak hitz egin behar duenean, audioa isildu eta zure ordenagailuko mikrofonoa eta webcama badituzu, piztu egingo dira. Une horietan zuk grabatu beharko duzu ahotsa, ezer entzun gabe, baina nahi baduzu, azpitituluen laguntzarekin.
Inko Perurena: Badira ariketa errazagoak ere, adibidez, azterketa ofizialetan gertatzen dena simulatzea. Gaia jartzen dizute, zuk irudiak ikusteko denbora-tarte bat duzu; eta gero gai horretaz hitz egin behar duzu webcamarekin edo mikrofonoa bakarrik erabilita. Gero beste batzuek ebaluatuko zaituzte bideoa ikusita.
Zuk zeure burua entzutea ere oso garrantzitsua da; askotan, batez ere atzerriko hizkuntza batean ari bazara, ez duzulako zeure buruari entzuten hitz egiten ari zarela. Gainera, jende askok aukera gutxi du ikasten ari den hizkuntza praktikatzeko.
Juanan Pereira eta Inko Perurena
Bi egitasmo paralelo lantzen dituzue: Babelium Project batetik, eta euskaltegiekin egiten duzuen lana bestetik
Juanan: Babelium Project erakusleiho tekniko bat da, teknologiak zer aukera ematen duen erakusteko. Hor guztia librea da, ikusten duzuna nahiz grabatzen duzuna, eta edozeinek ikus dezake. Baina eskolaren esparrurako ez omen da aproposena.
Horregatik, irakasle batzuek eskatu ziguten modu pribatu batean ikusgai izatea. Horrelako kasuetan erabaki genuen Babelium Project-eko kodea eta zerbitzaria hartzea, eta zerbitzari pribatu bat egitea euskaltegi eta hizkuntza-akademietarako. Azken aukera horretan irakasleak bakarrik ikusiko ditu bideoak edo horrek erabakitzen badu publikoa izatea, bertako ikasleentzat izango da bakarrik.
Dagoeneko hainbat euskaltegirekin lanean ari gara. Beraien bideoak partekatzen dituzte, oso bideo onak. Orain arte euskaltegi bakoitzak bere bideo-multzoa egiten zuen, baina guk hori partekatu zezaten nahi genuen, guztiek lan bera egin behar ez izateko.
Inko: Europan badago marko bat materiala hizkuntza-maila eta konpetentzien arabera sailkatzen duena. Eta guk horren araberako mailaketa egin nahi dugu bertan kargatutako bideo guztietan. Gero, etiketa bidez-eta, bilaketak askoz errazago egiteko.
Juanan: Ingelesezko bideoak ere baditugu, EHUko eta Nafarroako Unibertsitateko irakasle batzuek ere parte hartu dutelako.
Edozein hizkuntzatako bideoak igo daitezke?
Inko: Hasieran, bideoen hizkuntza euskarara eta ingelesera mugatu genuen, baina egin ditugun aurkezpenen ondorioz, jende askok eskatu digu beste hizkuntza batzuetan ere egiteko aukera eskaintzeko; hortaz, ateak zabalik uztea erabaki dugu.
Badu ekimenak web 2.0-ren filosofia: software librea, jendeak bideoak igotzea, beste batzuek ebaluatzea…
Juanan: Bai, baita kodeak ere. Orain jende gutxiago gaude proiektuan programatzen, eta munduan gehiago zabaldu dadin, programatzaile gehiago behar ditugu. Horregatik, software librean utzi dugu, zabaltzeko eta beste batzuen ekarpenekin handiagoa egin dadin. Hizkuntza, kodea, dokumentazioa, grafikoak… elkarlanean biribildutako proiektu bat.
Noiztik dago erabilgarri webgunea?
Inko: 2011. urtearen hasieran jarri genuen ikusgai eta erabilgarri. Lehenagotik ere martxan genuen, baina ez genuen publizitaterik egin probatan geundelako.
Zein dira helburuak epe ertainera?
Juanan: Euskararen alorrean gure proiektua ahalik eta gehien ezagutaraztea, euskaltegiekin elkarlana gehiago lantzea eta ahalik eta hizkuntza gehien batzea. Horiek hizkuntzari lotuta. Teknikari dagokionez, berriz, sakelako telefonoek erabili ahal izateko Babelium-en bertsio bat diseinatzen ari gara eta dagoeneko prest daukagu prototipoa.
Egitasmo honen inguruko informazio gehiago Babelium Project-eko webgunean aurkituko duzu.
Gogoan izan!
Euskaltegietako irakasleen etengabeko prestakuntza ekitaldien barruan, bi ikastaro antolatu ditu HABEk Leioan eta Donostian aurtengo udan Babelium Project-en inguruan, Babelium proiektua: ahozkotasuna praktikatzeko bideo-ariketak nola landu izenburupean. Informazio guztia, helbide honetan aurkituko duzu.
- Barandiaran (Arteman), Iker
- Arantzabal (argazkiak) , Josetxo