QR kodeak
QR kodeak Japonian sortu ziren eta asko erabiltzen dira han. Gurean, pixkanaka-pixkanaka, ezagunak bilakatzen ari zaizkigu, eta, batez ere, kode horiek irakurtzeko gai diren sakelako telefonoen eskutik zabaldu dira. Azken boladan, kode hauen erabilera asko zabaldu da marketinean eta komunikabideetan.
Zer da QR kodea?
Ezer baino lehen, Wikipediak QR kodea nola definitzen duen esango dugu. QR kodea (quick response barcode “erantzun lasterreko marra-kodea”) puntuz osatutako matrize batean informazioa biltzeko sistema da, edo bi dimentsiotako marra-kodea, Denso Wave etxe japoniarrak 1994an sortua. Etxe hau Toyotaren enpresa subsidiarioa da. Kode hauetan edozein informazio gorde daiteke, baina gehienbat URLak edo testua gordetzeko erabiltzen dira. QR kodeak karratu txiki batzuk dira, barruan beste karratu txiki zein handi batzuk dituztenak. Kodea irakurtzeko gailuak (mugikorra, tableta bat, ordenagailua…) izkinetako hiru karratu beltzak aurkitzen edo detektatzen dituenean, informazioa bilatzen hasten da hiru karratu beltz horietatik kanpo, beste karratu txikietan. Azken boladan, kode hauen erabilera asko zabaldu da marketinean eta komunikabideetan.
Nola egin eta irakurtzen dira?
Oso erraza da QR kodea sortzea. Kode hori doan sortzeko web asko daude, adibidez, codigo-qr.es, codigo-qr.com eta qrcode.kaywa.com. Zein informazio-mota nahi duzun aukeratu ondoren, testua idatzi, kopiatu edo URLa jarri behar da; jarraian, tamaina aukeratu eta kodea sortzeko botoia sakatu.
Kode horien arrakasta eta zabalkundea, neurri handi batean, sakelako smartphone-en zabalkundearekin dago lotuta, telefono aurreratu horiek QR kodeak irakurri ahal izateko aplikazioak ekartzen baitituzte. Gailuok argazki-kamara darabilte kodea jasotzeko.
Ezin konta ahaleko erabilerak
Web orri batean aurki dezakezu, blog batean, sare sozialetan, poster batean, orrialde edo liburu batean… Ikus ditzagun adibide jakin batzuk.
Egunkari zein aldizkarietako paperezko edizioan azaltzen dira kode hauek azken boladan, albisteen ondoan. Horrek lotura bat eskaintzen du bideo edo argazki bat ikusteko, edo albiste horri buruzko informazio gehiago…
Kontzertu, futbol-partida, pelikula edo beste edozein ekitaldiren berri ematen duen poster batek kode hori badu, ekitaldi horri buruzko informazioa guztia jaso daiteke mugikorrean: ordutegia, lekua, sarreren prezioa, bertara heltzeko modua zein den…
Publizitatearen alorrean ere geroz eta gehiagotan ikusten dira kode hauek. Jatetxe baten menua dakarren orrian, edo plateraren azpian jartzen den mantelean, karta osoa eta salneurriak azaldu daitezke. Eta nola jende sortzailea baden bazterretan, kode hauek erabiltzen hasi dira etxea edo autoa alokatzeko edota saltzeko: betiko telefono-zenbakiaz gain, informazio osagarria jar daiteke kode horretan: harremanetarako datuak, salneurria, ezaugarriak…
Garraio publikoetako geltokietan ere hasi da kodea azaltzen. Hala, erabiltzaileak jakin dezake autobus baten geltokiak, ordutegia, txartelaren prezioa… Eta arroparen etiketako kartoitxoa –salneurria, tamaina, eta lisatzeko edo garbitzeko aholkuak dituena– orain QRak ordezka dezake. QR honek aukera ematen dio dendari edo enpresari jakiteko arropa eskaintzen dion etxeak zein beste produktu dituen, esaterako; eta erosleak jakin dezake berak erosi nahi duen markako arropa hori beste nonbait erosi ahal duen, eta abar.
Janari-ontzietan nutrizioari buruzko informazio guztia joan daiteke sistema horren bidez, edo kalitate-ziurtagiriei buruzko informazioa. Eta museo batean, erakusketa batean, QR kodea koadro baten aldamenean baldin badago, ikusleak jakin dezake obrari edo artistari buruzko gauza gehiago, bideo osagarri bat ikusi, edo adituen testuak irakurri.
Ohitu beharra daukagu, beraz, asmakizun honetara ere, eta kodeak deszifratuz atzean dagoen informazio eta aukera guztiak baliatu.