Aldizkari Digitala
Anselmo Guinearen pinturak Bilboko Arte Eder Museoan
Anselmo Guinea (Bilbo 1855-1906) margolariaren 80 lan jarri dituzte ikusgai Bilboko Arte Eder museoko areto nagusian. Bere lehen erakusketa monografikoa da. Pintura eta marrazki asko eta asko oraindik inoiz jendaurrean erakutsi gabeak.
Mikel Lertxundi, katalogoaren idazleak dioenez, Anselmo Guinearen obra oso garrantzitsua da euskal artearen modernitatea ezagutzeko.
Anselmo Guinea marrazkilari bikaina izan zen. Antonio Maria Lecuona margolariaren estudioan egin zituen lehen ikasketa artistikoak. Bere ikaskideak Paco Durrio eskultorea, Adolfo Guiard margolaria eta Miguel Unamuno izan ziren, besteak beste. Tolosar pintorearen estudiotik Federico Madrazoren tailerrera, Madrilera, joan zen teknika berriak lantzera. Madrileko egonaldiaren ondoren, Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan irakasle izan zen. 1882an Juan Zuriaren koadroa pintatzeagatik urrezko domina eskuratu zuen.
1875 eta 1876. urteak Italian igaro zituen. Han ekialdeko eta antzinako pintura ezagutu eta gai historiko eta klasikoak lantzeko aukera izan zuen. Erroman eta Napolesen, Posillipo eta Fortunyrekin harremanak izan zituen. Beraien ikuspegi naturalista erakargarria egin zitzaion eta Guinearen paleta argiagoa eta beroagoa bilakatu zen.
XIX. mendearen azken hamarkadan, Anselmo Guinea Parisen bizi izan zen. Inpresionismoa gertutik ezagutu nahi zuen eta Losada, Pablo Uranga eta Paco Durriorekin batera Montmartreko giroan murgildu zen. Degas eta Maneten eragina nabarmena izan zen Guinearen pinturan eta, Parisko Udaberriko Aretoan, margolari inpresionisten ondoan bere koadroak erakutsi ahal izan zituen.
Europan zehar ibili ondoren, Anselmo Guinearen pintzelkada arinagoa bihurtu zen. Paisaiak eta erretratuak argi-tonuen arabera margotzen ikasi zuen. Arte aditu batzuek diote euskal estilotzat hartu ohi diren pinturaren berezitasunak Guinearen garaian sortu zirela: marrazketa sendoa, paleta neurritsua, kromatismo gris, urdin, morea eta abar. Nolanahi ere, Anselmo Guineak eta Adolfo Guiardek eragin handia izan zuten euskal pinturaren eraldaketan eta beraien artelanak ezinbesteko erreferentzia dira, beste batzuekin batera.
Deustuko Erribera
Anselmo Guinearen artelanik ezagunenak Foru Aldundiko eta Ibaigane jauregietako freskoak dira. “Jendea. Erromako zubi bat”, “Kristaua!”, “Pazko loretsua”, “Emakumearen erretratua”, “Deustuko Erribera” eta “Idilioa Arratian” koadroak ere oso ezagunak dira.
Anselmo Guinearen erakusketa hau 2012ko maiatzaren 20ra arte egongo da ikusgai.
Informazio gehiago, helbide honetan.
Erakusketa martxan jarri zeneko bideoa duzu segidan ikusgai.
