Aldizkari Digitala
Singapur: lehoi indiarraren hiri txinatarra
Singapur estatu-hiri bat da, herrialde independentea alegia, baina Singapur hiriak ia herrialde oso-osoa hartzen du bere baitan.
Uhartea da: 707 km2 eskas ditu (Gipuzkoaren erdia), eta 4,7 milioi lagun (ia zazpi bider Gipuzkoako jendea). Hau da, km2 bakoitzeko 6.646 biztanleko dentsitatea du, munduko bigarrena Monakoren ondoren. Eta hala eta guztiz ere, erdigunea nahiko lasaia da, eroso ibiltzeko tokia eskaintzen duena.
Marina Bay Sands: arkitektura-eraikin bakarrean hotela, kasinoa eta merkataritza-gunea
Singapurren lautik hiru Txinakoak dira jatorriz. Horregatik nabari da hiri guztian Konfuzioren ukitua. Singapurreko txinatarrak langileak dira oso, eta dirua irabazten dute. Gastatu ere asko, baina ahal duten guztia aurrezten dute. Eta batez ere, legea eta ordena maite dituzte. Kale garbi-garbiak dituzte. Espaloira paper-mutur bat edo txikle bat botatzeagatik dauden isunak handiak dira. Pentsa, txikleak farmazietan bakarrik saltzen dituzte, eta bertan erregistratzen eroslearen izena. Guztia da arau, guztia murrizketa: Txinan bezalatsu.
Txinatarren denbora-pasarik atseginena: mahjong-partida bat
Baina Singapur hiri txinatar bat baino zerbait gehiago da. Bertakoen %14 malaysiarrak dira (gehienak musulmanak), eta %8 indiarrak (hinduak gehiago musulmanak baino). Horrek guztiak ukitu berezia ematen dio Singapurri.
Tenplu hinduista baten sarrera
Indiar auzoetan tenplu hinduetara joaten dira gizon eta emakumeak. Gizonek kopetan puntu gorria daukate, eta emakumeek sari izeneko jantzi bizi-biziak. Dibinitate hindu guztien adierazle diren estatua koloretsuek tenpluen aurrealdeak betetzen dituzte erabat. Kaleetan, berriz, Indiako intsentsuaren usaina arnas daiteke. Auzoa malaysiarra bada, egoera oso desberdina da. Arropak goitik beheraino estaltzen du emakumeen gorputza, aurpegia salbu. Eta aurpegia ere bai, emakumeak musulman muturrekoak badira. Meskitara otoitz egitera joateko deia entzuten da; eta badirudi Ekialde Ertainera eramaten zaituela janaren usainak.
Malaysiar auzoko kalea Singapurren
Britainiarrak ere ugari dira Singapurren, edo estatubatuarrak, edo australiarrak. Raffles Place finantza-auzoko etxe orratzetan dabiltza lanean. Izan ere, Singapur da nazioarteko finantzagunerik garrantzitsuenetakoa, eta harreman handia du New Yorkekin eta Londonekin, kapitalismo anglosaxoiaren erabaki-guneekin.
Singapur bizi-maila handiko hiria da, Japonen neurrikoa, edo Europaren antzekoa. Bazter guztietan daude dendak, baina Orchard Road-ekoa, hori eromena da!: kale bat, ia 2 km, eta saltokiak bata bestearen ondoan; hantxe daude mundu-mailako marka handi guztiak. Singapurreko jendeari izugarri gustatzen zaio erosketak egitea, eta modaren azken joeren arabera ibiltzea. Eta atsegin dute, oso atsegin, kalean jatea. Txina, Malaysia, India, Indonesia, Vietnam, Frantzia, Italia, etab.eko ehunka jatetxe dituzte, herrialde guztietakoak, eta salneurri aldetik ere denetik bada: merke ematen dute jateko patioetan (food courts); baina badira nazioarteko sukaldari ospetsuen luxuzko jatetxeak ere.
Merlion, Singapurren sinboloa: arrain-isatsa duen lehoia
Singapurreko azken xelebrekeriak Marina Bay Sands du izena. Goi-goian terraza luze bat egin dute, itsasontzi itxurakoa, eta honi eusten hiru etxe-orratz. Eta terrazan, amildegira begira 200 metrotik, igerileku handia. Kasino-etxe estatubatuar bat da jabea. Eraikina egiteko eta orubea ordaintzeko 5.500 milioi dolar baino gehiago erabili zituzten. Lurra oso garestia da Singapurren. 2.560 logela baino gehiago dituenez, negozioa hotelarekin egiten dute, eta kasinoarekin. Batez ere kasinoarekin: hiru solairu ditu eta komertziogune erraldoi bat. Marina Bay Sands-ek iman bat dirudi: hara doaz Asiako aberats guztiak (Txinan ere ugaritzen ari dira dirua mila milioika zenbatzen dutenak).
Marina Bay Sands igerileku ospetsua, zintzilik dagoela dirudi.
Sanskritoz lehoia singha esaten da, eta hiri pura. Beraz, Singapur lehoien hiria da. Eta ez da harritzekoa Merlion estatua izatea hiriaren sinboloa: ahotik ura botatzen du, burua lehoiarena du eta buztana arrainarena. Estatua hau hiriaren kultura-etxetik (Esplanade) gertu dago. Kultura-etxea bi eraikinek osatzen dute: zine, opera, antzerki eta musika-aretoak ditu. Esplanadek itxura oso bitxia du. Dirudienez, Asiako Hego-mendebaldeko fruta tipiko batean dago oinarrituta, durian izenekoan, baina jende askok dio bi euli-begi handi ematen duela.
Singapurreko kultura-etxe handia, Esplanade
Raffles hotela betikoa da. Ohikoa da hara joatea kopa bat hartzera, eta ia derrigorrezkoa etxeko koktela eskatzea, Singapore Sling bat alegia. Ginebra, Benedictine, anana-zukua, gerezi-likorea, granadina eta Cointreau ditu edabe bitxi horrek. Kobratzen dutenarengatik ez du merezi, nahiz eta plater batzuetan kakahueteak musu-truk atera. Hori bai, horien azala lurrera bota dezakezu. Harrigarria Singapurren hori egiten uztea!
Segidan, herrialde honi buruzko informazio gehiago izan nahi duenak, ikusgai du bideo bat, Goiena.net orrialdean. Mikel Larrañaga bergararrak Singapurretik bertatik kontatzen du nolakoa den herrialde hau helbide honetan.
