Donejakue bidea
Donejakue apostoluaren erlikiak gurtzeko egiten zen, izatez, Santiagorako bidea. Eta bideak berak bezalako gorabeherak izan ditu berau burutzeko usadioak ere.
Donejakue apostoluaren erlikiak gurtzeko egiten da, izatez, Santiagorako bidea. Eta bideak berak bezalako gorabeherak izan ditu berau burutzeko usadioak: Erdi Aroan jende-kopuru andana biltzen zen bidean zehar; ondoren, beherakada nabarmena antzeman zen erromesen artean eta egun, berriz ere gora egin du bidea egin nahi duen jendearen interesak. Erlijio-arrazoiak indarra galdu eta turismo, arte eta kultura arrazoiengatik egin ohi da gaur egun ibilbidea.
Irudia: xtberlin, Pixabay
Santiago da jomuga, baina bertara ailegatzeko aukerak asko dira. Euskal Herrian bertan ere egon badaude hara daramaten hainbat bide. Gorka Zubizarreta arrasatearrak bitan egin du. “Lehendabiziko aldiz, Iban Toledo lankidearekin joan nintzen, bide frantsesetik. Geroago, kostako bidea egin nuen, neure kabuz joanda”, azaldu digu. Nerea Sainz tolosarrak ere bide frantsesa hartu zuen Santiagora ailegatzeko: “Kostakoaren berri ere banuen, baina, gogorragoa zela esan zidatenez, mutilak eta biok betiko bidetik joatea erabaki genuen”.
Kostako bidea udako garaian egin zuen Marta Esnaolak, Kazkabarra aisialdi-taldeko begiraleak. 12 eta 13 urteko umeekin egin zuen bide beraren zatitxo bat Aste Santuko oporretan. “Kresalak, mendietako berdeak eta itsasoaren urdinak konbinazio perfektua osatzen dute”, bere ustez.
Bizikletan eta konpainian, erosoagoa
Hiru ibiltariak ados daude, bide guztia bi gurpilen gainean egitea samurragoa da. Hala ere, aisialdi-taldeak oinez egitea erabaki zuen. “Guztira 30 haur inguru zirenez, oinez joanez gero guztiak kontrolpean izatea errazagoa gertatuko zitzaigula pentsatu genuen” azaldu digu begiraleak.
Elkarrizketatutako guztiek konpainia izan dute ibilbidean zehar. “Aurretik batere entrenamendurik egin ez nuenez, neure burua ez nuen prestatutzat jotzen, baina alboan jendea edukitzeak indarra eman dit”, aitortu digu Sainzek. Dena den, konpainia izateak une zailak ere eragiten dituela azpimarratzen du, bakoitzaren erresistentzia ezberdina baita, eta batzuetan bat ahul egon daiteke eta bestea oso indartsu. “Elkar ulertzea ezinbestekoa da”, esan digu tolosarrak. Denbora guztian bidai laguna izateak “arazoak konpontzeko” erraztasun handia ematen duela pentsatzen du Zubizarretak. “Bakarrik zoazenean, zure betiko ohiturak aldatu eta daukazun guztia ezagutzen ez duzun jendearekin konpartitzen hasten zara”. Bukaerarako, lagun kataluniarrak, kolonbiarrak, Kordobakoak, ingelesak eta euskaldunak egin zituela komentatzen du.
Bidean, mundua ezagutuz
Kontinente guztietako pertsonez gain, toki berriak ezagutzeko plazera ere ematen du Donejakue bideak. Martak kostaldetik egin zuen bidetik Zumaia-Itziar etapa azpimarratzen du. “Itsaso eta mendiaren arteko bat-egite hori, flyschak… oso paisaia ederra osatzen dute”. Hala ere, bide guztian zehar oso paraje politak daudela dio.
Sainzek barrualdeko ibilbidetik hiru puntu azpimarratzen ditu: Bercianos del Real Camino, Cebreiro eta Monte do Gozo. Lehendabizikoan, aterpetxean topatutako erromesekin harreman ona izan zuen. Ilunabarrean, nork bere izena eta jatorria aurkezteaz gain, bere hizkuntzan abestu omen zuen. “Herri txiki hori eta momentu hori ez ditut inoiz ahaztuko”, aitortu digu. Cebreiro herria “magiaz” beteta zegoela sentitu zuen. Oso berezia izan zen etapa gogor baten ostean, herri horretara ailegatzea. Monte de Gozo ere azpimarragarria iruditu zitzaion: “Santiago ikusten den lehen herria da eta horrek indar handia ematen dizu”.
Santiagoko Plaza do Obradoiroko sarrera ere ezin du ahaztu. Han gaita-jotzaile bat egoten da erromesei ongietorria ematen. “Oso polita izan zen”, laburbildu du. Zubizarretak ere une hori oso gogoan dauka. Beretzat plazara ailegatzea ibilbide guztiko unerik “bereziena” da.
Bizi behar den esperientzia
“Beste esperientzia bat balitz bezala hasten da, baina gero benetako bide bihurtzen da. Bideak behar duzuna ematen dizu eta ez zuk bilatzen duzuna” aitortu digu Sainzek. Bidaiatzeko modu berri bat dela gaineratu du Zubizarretak “bidea hasiz gero, jada atzera bueltarik ez dago eta amaitu arte egin behar da.
Horrelako bidaiak egitean, pertsona bezala garatu egiten zarela diote denek. “Ibilbidean aurrera egin ahala, ahuldu ordez, konfiantza gehitu eta indarrak batzen dira”, azaldu digu tolosarrak. Zubizarretak oso era “autonomoan” eta “independentean” funtzionatzen ikasten dela dio. Azpiegitura eta ostatu ugari izan arren, “nekez egiten den bidea da, eta horrek zugandik lana eta sakrifizioa eskatzen du”. Hala ere, “indarberrituta uzten zaituen bidaia” dela uste du arrasatearrak.
Donejakuera ailegatu, eta guztia hasi besterik ez dela egin diote. Esperientzia berri hau probatzean, errepikatzeko nahia sentitzen dela diote. Santiago helmuga da, adar asko dituena. Egin ez dituzten bide horiek probatu nahi dituzte, bakoitzak bere xarma baitauka.
Tolosarrak pertsona bakoitzak bidea desberdin biziko duela dio, baina guztientzat bidaia “berezia eta zoragarria” dela gaineratu du. Kazkabarrako begiraleak txoko kuttunak ezagutzeaz gain, zu zeu ere ezagutzeko baliagarria dela dio eta gonbidapena egiten dio edonori esperientzia hau bizitzeko.
Azaleko irudia: Miguel Angel Pérez, Pixabay