detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Ludger Mees: "Euskararen zailtasuna neurri handi batean mito bat da" 1/2

Ludger Mees, EHUko euskara errektore-orde berria dugu. Alemaniarra jatorriz, historia katedradun honek euskara-maila ikaragarri jasoa du. Elkarrizketa honetan Ludgerrek bere euskalduntze bide bitxia azaldu digu eta unibertsitatea euskalduntzeko asmoen eta ikuspegiaren berriere luze eta zabal aritu da.

HABE.- Unibertsitateko gaiei heldu aurretik, Euskal Herrira etorri zineneko garaiaz arituko gara: Zer dela eta etorri zinen Euskal Herrira?
Ludger Mees.-
Orain dela 25-30 bat urte, gure familia osoa Gernikara etorri zen uda-garaia pasatzera. Gure aitak Zeberioko apaiza izandako gizon bat oso lagun min zuen eta haren bidez etorri ginen Gernikara. Orduan hasi nintzen hemengo kontuak ikusten, galderak egiten, oraingo nire oso lagunak ezagutzen, eta orduantxe piztu zitzaidan hemengo kultura-historiarekiko grina hori. Unibertsitatean ere hemengo gaiekin aritu nintzen eta hala euskal nazionalismoari buruzko doktoradutza tesia egitera hona etorri nintzen. Gero hemen geratzea erabaki nuen.

 

Euskara eta gaztelania ikasteko urratutako bideak

 
H.- Hona etortzean bi hizkuntzekin egin zenuen topo, gaztelania eta euskara. Gaur egun biak zein baino zein hobeto menperatzen dituzu. Baina, nola egin zenien aurre bi hizkuntzei? Zein eskuratu zenuen aurrena, zein geroago eta zer ibilbide bataren eta besteareneskuratzean?

L. M.- Bai, oso bitxia izan zen. Garai hartan jada banekien frantsesez eta latinez. Gaztelaniaz ez, ordea. Gernikako lagun haiekin hitz egin ahal izateko, mantso eta poliki egiteko eskatzen nien eta horrela pixkana-pixkana haiek ulertzeko gauza izan nintzen. Gaztelania horrela ikasi nuen, kalean. Eta gero, jakina, liburuak irakurriz, historiari buruzko liburuak irakurriz eta abar. Inongo klase bakar bat ere hartu gabe ikasi nuen. Baina, aldi berean, lagunei euskararen inguruan galdezka hasi nintzaien. Hitz batzuk ikasteko aurreneko pausuak Mikel Laboaren kanta batzuekin eman nituen. Oso musika polita iruditu zitzaidan eta abestietan zertaz ari zen jakin nahi izan nuen. Horregatik, Gernikako lagunei itzultzeko eskatzen nien eta horrela, pixkana-pixkana, doinua jasotzen hasi nintzen.
Doktoradutza-tesia egitera etorri nintzenean, banekien bolara baterako hemen biziko nintzela eta hemengo hizkuntza ere ikasi nahi nuela. Orduan, HABEko euskaltegian ikastaro trinko horietako bat egiten hasi nintzen. Alemanok burugogorrak garela esaten denez, nire kabuz ere jarraitu nuen arratsaldetan tabernetan, kalean. nekien apur hori aplikatzen. Eta horrela pausoz pauso, pixkanaka-pixkanaka hasi nintzen ikasten.

 
H.- Beraz, gaztelera eskolara joan gabe ikasi zenuen baina, euskara euskaltegira joanaz. Hala ere, esango al zenuke euskara berez zailagoa dela ala baldintza edo testuinguru diferenteek eragindako ikas-prozesu desberdinak diren neurrian nekezagoedo errazago ikasten direla?

L. M.- Askotan galdetzen didate hori. Nire ustez zailtasuna neurri handi batean mito bat da; mito bat eta aitzakia bat ikasi nahi ez duten pertsona askorentzat. Hala eta guztiz ere, puntu batean egon ninteke ados zailtasunaren tesi horrekin. Zergatik? Hasieran euskara ezagutzen ez duenak, ikasten hasten denean, ez daukalako heldulekurik. Hau da, nahiz eta ezagutu ingelesa, alemana edota gainontzeko hizkuntza asko ezagutu, ni gogoratzen naiz aurreneko asteetan euskaltegiko klase haietan elkarrizketa labur bat entzuteko eta bikotekidearekin errepikatzeko kasete bat jartzen zigutenean, badakizu: 'kaixo, zer moduz, ni Ludger naiz' eta horrelako gauzak, hemengo jendeak hori jada entzunda zeukanez, ez zeukan inongo arazorik esaldi hura errepikatzeko. Nik, ordea, nola ez nekien non hasten zen hitz bat eta non bukatzen zen hurrengoa, benetan tontoa bezala sentitzen nintzen klasean, ez bainintzen gauza izaten ezta esaldi bakar bat errepikatzeko ere. Hala ere, irakasleei galdera pila bat eginez, pixkanaka-pixkanaka, euskararen egitura nireganatu nuen eta gainontzeko hizkuntza guztietan gertatzen den bezala, hori egiten denean, hau da, barneko egitura horren logika barneratzen denean, hortik aurrera euskararen ikasketa normala izan zen.

 
H.- Hemen ezkondu eta familia bat osatu duzu. Zure familian nola eratzen duzue komunikazio-sarea: euskaraz, gaztelaniaz, alemanez, ingelesez?

L. M.- Batzuetan gure familiak Babelgo Dorrea ematen du, zeren azken finean denetarik hitz egiten baita. Normalean laurok, hau da, bi semeak, emaztea eta laurok elkarrekin gaudenean, euskaraz hitz egiten dugu. Nik neuk nire bi semeekin alemanez hitz egiten dut, emaztearekin normalean euskaraz hitz egiten dut, eta esate baterako aiton-amonak daudenean, emaztearen gurasoak daudenean, erdaldunak dira eta, gaztelaniaz. Askotan egoten dira etxean ingelesez aritzen diren kanpoko lagunak, orduan, ingelesez hitz egiten dugu ahal den neurrian. Bestalde, gaiaren arabera, batean edo bestean aritzen gara. Esate baterako, laurak mahai inguruan bazkaltzen edo afaltzen ari garela futbolaren gaia ateratzen bada, automatikoki alemanera pasatzen gara, nahiz eta Errealari buruz hitz egiten dugun.

 

Hizkuntza eta kultura

 
H.- Kultur eta hizkuntza aniztasunaz zein iritzi duzu? Nola bizi izan duzu?

L. M.- Hizkuntza guztiak komunikatzeko tresna bat baino dezente gehiago dira. Ez nuke esango, ordea, hizkuntza bat erabat kultura bat denik, nahiz eta hizkuntza kultura baten osagai oso garrantzitsua den. Ni konturatu nintzen euskara ikasten hasi nintzenean, eta baita jada euskaldundu eta gero ere, euskara jakiteak hemengo kulturaren ate asko zabaldu zizkidala, segur aski gaztelaniaz arituta irekiko ez zirenak. Hori da nire inpresioa.

 
H.- Eta kulturak elkarturik egonda, zer gertatzen da? Alegia, zuk euskal kultura jaso duzu baina, kultura alemanaren ekarpenik ere egin zenuen, noski, zure etxean, zure inguruan, gastronomian, lana egiteko moduan edo kultura arloetan, esaterako.

L. M.- Bai. Hain zuzen ere, nire bizitzaren helburuetako bat beti izan da nolabait nireganatzea eta transmititzea ezagutzen ditudan leku, herri edo kultura desberdinek daukaten onena betiere. Halako sintesi europar bat egiten laguntzea da nire helburua. Orduan, nik pentsatzen dut hemengo kulturaz eta jendeaz zer ikasi asko daukadala eta alderantziz ere beste hainbeste gertatzen dela. Ideia horretatik abiatuz, orain dela pare bat urte eskas halako elkarte euskal alemaniar bat sortu genuen Gernikan, hain zuzen ere, elkar truke hori pixka bat bultzatzeko.

 

Errektore-orde lan berria

 
H.- EHUko Errektore berria den Juan Ignacio Perez-ek Berrian idatzitako
'Eliteak Euskaldun' artikulua aipatu nahi nizuke: hitzak aipatu nahi nizkizuke: Izan ere, unibertsitateko bidea hartzen duten ikasleen %70a euskalduna omen da. Aldiz A eta B eredutik datozenek bestelako ikasketetara jotzen dute. Euskara herri xehearen hizkuntza izatetik elitearena izatera aldatuko dela iruditzen al zaizu?

L. M.- Zehazten hasi beharko genuke. Une honetan, neurri handi batean, ez dut uste elitea euskalduna denik erabat eta nik uste dut, edo susmoa daukat behintzat, nahiz eta diskurtso publikoak bestelakoak izan, elitean dauden batzuek oraindik bere buruan hori daukatela: euskara dela mitinetan goraipatu behar den fenomeno bat baina, eguneroko bizimoduan balio ez duena. Hala eta guztiz ere, nik uste dut kontuak asko aldatu direla azken urte hauetan eta gure Unibertsitatea aitzindaria izan dela lan horretan. Esaterako, joan den astean, euskaraz egindako tesi baten epaimahaian izan nintzen. Epaimahaikide guztiak euskaldunak ziren eta tesiaren prozedura oso-osoa euskaraz egin genuen eta inongo arazorik gabe, beste edozein hizkuntzatan bezala.

 
H.- Hala ere, ez al zaizu iruditzen euskararen presentziak gizartean piramide moduko bat egiten duela? Alegia, behean, oinarrian, eskolaurrean eta haurtzaindegietan euskara nagusi da. Gero, ordea, gora goazen heinean euskara gutxitzen doa, Unibertsitate-sarreran %30a izanarte. Nola gertatzen da hori?

L. M.- Gauzak aldatzen hasi dira, nahiz eta oraindik piramidearen irudia egon badagoen. Hori garbi dago. Baina, pentsa: esate baterako, azken urte hauetan gure Unibertsitatean euskaldunen kopurua etengabe gorantz doa eta badirudi aurrerantzean ere horrela izango dela. Azken datuen arabera, erdi-erdian gaude eta hori, nik uste dut, datu historikoa da.

 
H.- Zertan da Unibertsitateko irakasleriaren euskalduntze-plana? Hezkuntzako beste zikloetan martxan dagoenaren antzekoa al da?

L. M.- Administrazioko zerbitzuetako langileentzat bada jada euskalduntze-plangintza bat, bere martxa daramana. Irakasleriari dagokionez, batez ere kontratazioaren bidez bideratzen da. Horregatik, gaur egun ateratzen diren ia lanpostu berri gehienak elebidunak dira. Gainera, ateratzen den lanpostu berri bakoitzeko neronek txosten bat idatzi behar dut perfila egokia den ala ez adieraziz. Eta ezezkoa baldin bada, elebakarra proposatzen delako, momentuz, behintzat, eten egiten da.

 
H.-. Aurrera begira, euskara errektoreordetzako ildo nagusiak zedarritu al dituzu?

L. M.- Jauzi kualitatibo bat emateko garai iritsi da. Unibertsitate honek ez ditu gizartearekin oso harreman sendoak eta gizarteak ez daki Unibertsitatean zer egiten dugun. Orain nik uste dut garaia iritsi dela, euskara errektoreordetzan, euskal adar eta arlo horretan zer baliabide dauzkagun ikusi eta gizarteari zer eskain diezaiokegun aztertzeko. Buruan daukadan kontu bat, esate baterako, hauxe da: kazetaritza arloko ikasketa guztiak jada euskaraz egin daitezke. Gizartean, bestalde, tokiz tokiko komunikabide berri ugari sortzen ari dira baliabide gutxirekin. Hortaz, eta adibide bat jartzearren, zergatik ez dugu pentsatzen Unibertsitate mailan ba ote daukagun zerbitzuak eskaintzeko nolabaiteko institutu bat sortzeko aukera? Hau da beste jauzi kualitatibo bat emateko garaia iritsi dela esaten dudanean adierazi nahi dudana, adibide bat aipatzearren.


detalle2

Dokuteka

C1
2011-04-01

x61pRelaContWAR

16351529

x61pViewCountWAR

17541

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR