detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Bigarren etxebizitza, arazoa ala aukera?

Ekonomiaren gainbeherak gero eta alor gehiagotan dauka eragina. Esaterako, egoera ekonomiko txarraren ondorioak oso nabarmenak dira higiezinen merkatuan. Arazo larrienak hipoteka ezin ordaintzeagatik gertatzen ari diren kaleratzeak dira, baina horiek ez dira buruhauste bakarrak. Pertsona asko diru-arazoak edukitzen ari dira bigarren etxebizitza izatearen ondorioz.

Baina, zer da bigarren etxebizitza? Hirigintzako hiztegiak definizio hau ematen du: “Familia-unitate batek tarteka okupatzen duen etxea, hau da, normalean beste bizitetxe nagusian bizi eta oporraldiak edota tartekako egonaldiak egiteko erabiltzen duena”. Beharrezkoa da zehaztapen hori egitea, hipotekak eskatzeko garaian garrantzia duelako. Bankuek, esaterako, ez dituzte berdin ematen lehen eta bigarren bizitetxerako hipotekak.

Gipuzkoar askok etxebizitza Donostian
Etxebizitzen prezioak gora jo zuen etengabe. Dirua aurreztea baino errentagarriagoa zen higiezinak erostea, 90eko hamarkadan eta 2000ko lehen zortzi urteetan. Horrekin batera, ekonomia orokorraren goranzko joera gertatu zen. Hori guztia dela-eta, pertsona eta familia askok bigarren etxebizitza erostea erabaki zuten. Espainiako Estatistika Institutuak (INE) plazaratutako datuen arabera, 100 familiatatik 14k bigarren etxebizitza zuen 2003 urtean. Ordutik ez du horren inguruko estatistikarik argitaratu INEk.

Higiezinen salmenta-bulegoek eskaintza zabala dute; horren adierazle dira erakusleihoetako kartelak. / M. Goñi

Bigarren etxebizitza horien barruan hiru mota bereizten dira: jabeen bizilekutik gertuko herriren batean daude lehen taldekoak; bigarren taldean daude jabeen jatorrizko herrietako etxeak; hirugarren multzokoak kostaldeko edo mendialdeko toki turistikoren batean egon ohi dira. Bizkaiko Gorliz eta Gipuzkoako Hondarribia dira azkeneko taldearen adibide. Beste fenomeno bitxi bat gertatzen da Gipuzkoan; hain zuzen ere, bertako herrietako jende askok dauka bigarren etxebizitza hiriburuan, Donostian.

Denbora gehiago behar etxea saltzeko
Krisiaren lehen urteetan ez zen arazorik izan bigarren etxebizitzarekin, jabeek egoera ekonomiko egonkorra baitzuten. Baina makalaldiak luze jo du. Rosa Garcia Gipuzkoako Kaleratzeak Stop taldeko kidea da. Garciak dioenez, krisiak errenta baxuenak zituzten pertsonak jo zituen hasieran. “Gaur egun, ordea klase ertain-altuak ere jo ditu”. Hala ere, Garciak azaldu duenez, bere taldeak ez du kasu honetan arazoa zabaldurik ikusten. “Egon daiteke kasuren bat; baina, normalean, bigarren etxebizitzaren hipotekarekin arazoa duenak higiezin hori salduta konpon dezake”. Alorreko profesionalak bat datoz horrekin, baina jabeek dirua gal dezakeela diote.

Mediterraneoko kostaldea da bigarren etxebizitza izateko toki zabalduenetakoa.

Donostiako Don Piso higiezinen agentziako arduraduna da Montse Nieto. Bigarren etxebizitzen merkatua ondo ezagutzen du Nietok, eta aldatzen ari dela dio. “Etxebizitzak saltzeko epea asko luzatu da, eta are gehiago bigarren etxebizitza izatea ohikoa den zonaldeetan”. Une honetan, sei eta hamabi hilabete arteko epea behar izaten da etxebizitza bat saltzeko. Etxe-saltzaileak ñabardura egin du. “Dena prezioaren araberakoa da, hasieran jarritako prezioa egokia den edo ez. Zonalderako ezarritako irizpideak gainditzen baditugu, etxebizitza saltzeko beharko dugun denbora luzeagoa izango da”.

Abagune egokia etxea erosteko
Beste aldaketa bat hipotekak eskatzeko garaian gertatu da. Gaur egun , jendeak ez du bankura jotzen hipoteka handia eskuratzeko asmoz. Nietok honela zehaztu du: “Une honetan, erosi nahi dutenek aurreztutako dirua edukitzen dute, eta lehen baino diru gutxiago eskatzen diete bankuei”. Hori guztia ohiko etxebizitzaren salerosketei buruz esan du.

Etxebizitzak salgai daudela esaten duten kartelak oso ohiko bilakatu dira urteotan. / M. Goñi

Era berean, saltzaileak dioenez, bigarren etxebizitzaren merkatuan mugimendu handia dago. Baina badu berezitasunik, eta horrela azaldu digu. “Mugimendu hori, batez ere, bigarren etxebizitza hori saldu nahi duen jendearena da, eta eskaintza handia dago”. Nietok deskribatu ditu erosleak: “Erosleak egon badaude, baina bezeroak atzerritarrak dira, eta gainera merke erosi nahi dute”. Are gehiago dio saltzaile donostiarrak: “Une honetan hemengo jendeak ez dauka oporretarako etxebizitza izateko grinarik”. Hala eta guztiz ere, saltzailearen ustean, horietako etxebizitza bat merke erosteko aukera ezin hobea dago gaur egun.

Inkesta
Kalean ibili gara jendeari galdezka bigarren etxebizitzari buruz.

MIRIAN ERBITI
Zure familiak ba al dauka bigarren etxebizitzarik?
Gurasoei eskiatzea asko gustatzen zaie, eta apartamentu bat erosi zuten Jakan. Askotan joaten gara bertara. Batez ere, neguan joaten gara, baina niri udan joatea ere gustatzen zait. Pirinioen erdi-erdian dago eta mendira joateko oso toki aproposa da.
Bigarren etxebizitzarik erosiko al zenuke? Non?
Momentuz, ez. Lehena ere ez daukat eta! Ni neu alokairuan bizi naiz. Baina gustatzen zait gurasoen apartamentu hori erabiltzea.

AIMAR SANCHEZ
Zure familiak ba al dauka bigarren etxebizitzarik?
Ez, garai batean amonaren pisua izan genuen, baina aitak saldu egin behar izan zuen, berak eta bere senideek dirua behar zutelako. Uste dut diru horrekin ordaindu zutela etxea gurasoek.
Bigarren etxebizitzarik erosiko al zenuke? Non?
Egia esan, ez. Nik oporretan bidaiatzea dut gustuko, eta uda guztiak toki berean pasatzea aspergarria egiten zait.

NOELIA VILLALOBOS
Zure familiak ba al dauka bigarren etxebizitzarik?
Bai. Nire gurasoak Burgoseko herri txiki batean jaio ziren, eta bertan daukagu etxe bat. Ez da gurea bakarrik. Osaba-izebek eta lehengusuek ere erabiltzen dute, baina handia da eta denontzat dago tokia.
Bigarren etxebizitzarik erosiko al zenuke? Non?
Ez dakit, baina baietz uste dut. Herriko bizilagun batek berea saldu nahi du, eta nik erosi egin nahi dut. Orain, senarrarekin adostu beharra daukat.


detalle2

Dokuteka

B2
2014-07-14

x61pRelaContWAR

  • Mikel Goñi (Maramara Taldea)
16345069

x61pViewCountWAR

10844

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR