detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Iker Muniain: "Hain gazte marka hausteak poza sortzen dit, baina baita ardura eragin ere"

Ez da erraza izan Iker Muniain (Iruñea, 1992) harrapatzea. Agenda beteta dauka, eta tarte gutxi geratzen zaio futbola ez den beste ezer egiteko: partidak ez direnean, entrenamenduak edo bidaiak dira.

Dena den, tartetxo bat ateratzea lortu du gure galderei erantzuteko. Bere hasieraz, sentsazioez eta egungo egoeraz hitz egin digu Txantreako jokalari gazteak.
 

Nolakoa izan zen zure hasiera futbolean?
Txantrean, nire auzoan, gainerako ume guztiak bezala hasi nintzen futbolean jokatzen. Hortik aurrera, nire ibilbidea nahiko azkarra izan zen eta segituan iritsi nintzen Lezamara.

Caparrosekin debutatu zenuen. Zer eman dizu entrenatzaile horrek?
Caparrosek konfiantza eskaini zidan hasieratik eta hori eskertzekoa da. Lehen entrenatzailea beti geratzen zaigu buruan, eta nire kasuan ere horrela izango da. Hamalau urte nuela aurredenboraldiko kontzentrazio batera eraman ninduen eta hori beti izango dut gogoan.

Ondoren, Bielsa heldu zen. Nolakoa izan zen zure esperientzia berarekin?
Oso esperientzia ona izan zen, asko ikasi genuen berarengandik, eta, gainera, lehen denboraldian oso joko ona eginez final bitara heldu ginen, Kopan eta UEFA Europa Leaguen, hain zuzen ere. Beraz, ezin gara kexatu.

Gizon berezia dela esaten dute. Hala al da?
Bai, berezia zen oso Bielsa: futbola intentsitate handiz bizi izan zuen uneoro, eta futbolari buruz zuen ikuspegia ere ez zen ohikoa; beste era batekoa zen, erasoan, eta bai defentsan ere, lan eskerga egin behar izan genuen. Horrez gain, partidak oso ondo irakurtzen eta aztertzen zituen.

 



Marka guztiak hautsi dituzu: jokalaririk gazteena izan zara debutatzen, jokalari bakarra Europako txapelduna izan dena bi aldiz, gola egin duen jokalaririk gazteena... Nola sentitzen zara horren aurrean?
Ba egia esan, sentsazio bikoitza daukat horren aurrean: alde batetik, poztasuna sentitzen dut hori guztia lortu dudalako; baina, aldi berean, arduratuta ere sentitzen naiz, hain gazte eta hainbeste jende niri so; ia beti ari naiz pentsatzen nire erantzuna egokia izango ote den.

Iaz kritika batzuk ere jaso zenituen, behera egin zenuela esan zuten. Zer dela eta izan zen hori?
Kirolariok horrelako boladak izaten ditugu, ezinezkoa da beti sasoian egotea, eta, futbolean, gainera, faktore askok dute eragina; adibidez, behar legezko aurredenboraldiak egitea, zortea izatea, lesiorik ez izatea, eta abar. Normala da bolada ez hain onak edo txarrak izatea. Ez nioke garrantzi handirik emango.

Zein dira zure ezaugarri nagusiak, jokalari moduan?
Neure burua definitu beharko banu, azkarra eta bertikala naizela esango nuke, baina kanpotik hobeto aztertuko naute.

Nola aurreikusten duzu aurtengo denboraldia?
Denboraldia ondo hasi dugu; beraz, ondo aurreikusten dut. Talde ona daukagu eta hasiera onari jarraipena eman beharko genioke, ea posible den.
 


Athletici askotan kritikatu izan zaio beste harrobietara jotzea jokalari bila. Nola ikusten duzu Athleticen kirol-politika hori?
Athleticen politika, zentzu honetan, argia da. Euskal Herrian jaiotako jokalariek edota euskal taldeetan egondakoek joka dezakete. Beraz, Athleticek jokalariak eremu horretan hartu behar ditu, beti izan da horrela.

Nafarra zara sortzez eta Bilbon bizi zara. Ez al duzu inoiz pentsatu euskara ikastea?
Bai, egia esan, behin baino gehiagotan hasi naiz euskara ikasten, baina profesionaltasunak ez digu tarte nahikorik uzten behar bezala ikasteko. Hala ere, prentsa-buruarekin eta euskaldunak diren taldekideekin egunero zerbait ikasten saiatzen naiz.

Nola ikusten duzu euskararen presentzia Athleticen barruan?

Ona dela esango nuke. Zorionez, gero eta euskaldun gehiago daude, eta klubetik sustatu egiten dute euskararen presentzia.
 

 

  

Kirol-ibilbide laburra, baina azkarra

21 urte bete zituen 2013ko abenduaren 19an Muniainek. Gaztea bai, baina bihurria da zelaian. Txantreako harrobikoa da bera, eta 14 urterekin Athleticera joan zen. Lehenengo taldearekin, Young Boys suitzarraren aurka estreinatu zen (0-1). Kanporaketa horren itzuliko partidan, Athleticekin gola egin duen jokalaririk gazteena bihurtu zen. Europa Ligako eta Errege Kopako txapeldunordea da Athleticekin. Eta Espainiako selekzioarekin, 21 urtez azpiko Eurokopa ere irabazi zuen. Hain gazte hainbeste titulu dituen jokalari bakarra da
 

 

 

 


detalle2

Dokuteka

B1
2014-01-27

x61pRelaContWAR

  • Noelia Lataburu (Maramara taldea)
16342000

x61pViewCountWAR

7388

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR