Iman Lizarazu, artista poliedrikoa

Guztiok dugu zerbait berezia, eta neurri batean, guztiok gara bakar, are Iman Lizarazu, zeren arau guztien eta definizio guztien gainetik, esan daiteke bera are bakarrago dela. Euskal Herrian sortu eta hazi zen, ardogile zen sendi batean. Baina, aitak Bolshoi Baleta zuzentzen zuen Moskun, eta han ere hazi zen neska. Berlinen ere bizi izan zen arte-ikasle garaian, eta Parisen mimo ikasten ibili zen Marcel Marceau handi eta mitikoarekin, eta Munichen zer lortuko eta, Municheko Max Planck Institutuan Astrofisika Doktore egitea. Wallace Bain kazetariaren eskutik emakume ikusgarri honen berri izango dugu; Santa Cruz Sentinel egunkaritik hartu eta laburtu dugu ondoren doakizuena.

Santa Cruz, Kalifornia, AEB

Kaliforniako Santa Cruz-en bizi da egun Iman Lizarazu. Argazkilaria da, artista kontzeptuala, pintorea eta titiriteroa. Bost hizkuntza dakizki: euskara, ingelesa, frantsesa, errusiera eta alemana. Zirkuko teknikak ikasten dihardu, dantza eta flamenkoa. Mundu guztian da ezagun, ohiko eskenatoki eta festibaletan esku hartu du, baina baita errefuxiatu-landetan ere: 'Aspertu egin nintzen beti gauza bera egiteaz. Ez da besterik' esan zuen behin. 40 urteko emakume hau malabarista da, eta pailazoa. Beraz, bere ikuskizunak badu zirkotik, baina baita arte-komediatik ere. Honekin zerikusi gutxi du astrofisikak. 'Astrofisika izugarri gustatzen zait, baina atxikiegia dago militar arloari, eta hori ez dut batere atsegin. Beraz, arte-ikasle egin nintzen, eta Dresdengo Arte Akademian sartu nintzen'. Hor hasi zuen munduko bazter guztietara, Mugarik gabeko Pailazoekin lankidetzan, eramango zuen bidaia. Izan ere, talde honek errefuxiatu-landa askotan parte hartu du kontinentez kontinente. Kalifornian, aldiz, Iman Lizarazuren beste alderdi bat ezagutzen dute: bere marrazkiak, argazkiak eta multimedia artea.

 
Erakusketa eztabaidagarria

 

2003an inbaditu zuten Irak, eta Lizarazu eztabaida sutsu baten gune izan zen. Gerraren kontrako erakusketa zirraragarria, eta latza, egin zuen. Erakusketan erabilitako hainbat material ez ziren ohikoak, esaterako, hildakoak estaltzeko plastikoak. Plastiko horietako batzuk haur-tamainakoak ziren. Lizarazuren ustez iparramerikarrak oso inuzenteak eta adeitsuak dira izugarrikeriekin, batez ere gerra eta terrorismo kontuetan, endemas AEBetatik kanpo izaten direnean gertaera horiek: 'Nire herrian terrorismoa beti aipatzen den gai bat da. Irailaren 11az geroztik amerikarrek shock izugarria nozitu zuten, inoiz ez zutelako antzeko zerbait jasan hain zuzenki. Uste dut berdin diola zein sistematan bizi zaren, edo noren alde zauden, zer egiten duzun edo nora zoazen. Gerra eta terrorismoa txarrak dira, gaiztoak, eta aurre egin behar zaie. Eta kito'.

 
Pailazoen mezua

 

Aipatu dugun erakusketan hainbat bisitarik mezuak utzi zizkioten, euren desadostasuna azalduz: 'Arteak zerbait esan behar duela uste dut nik. Ez dut inolako indarkerian sinesten' uste du Lizarazuk. Hala ere, clown gisara aritzen denean, bere mezuak ez dira hain politikoak, apalagoak baizik. Baina ez du uste pailazoak haurren kontu xaloetarako bakarrik direnik, ezta ere gizartean eraginik izan behar ez dutenik: 'Eskenatokian ikusleengandik ikasi egin nahi dut, eta 'uki' nazatela ere desio dut, eta 'uki' ditzala nire ikuskizunak'. Hauxe nahi du: 'Nik bizitzan ezagutza irentsi nahi dut. Bizitzak eskaintzen didana, hartu bakarrik ez, irentsi, berriro diot. Ezagutza, edertasuna. dena barrura. Ahalik eta gehiena ikasi nahi dut, eta ikasitakoa erabili gauza xumeak, baina onak, egiteko mundu honetan'. (http://www.euskalkultura.com ataritik hartua)

 

Berri gehiago: 'One of a Kind: clown/juggler/artist Iman Lizarazu', http://www.santacruzsentinel.com helbidean. Eta AEBetako Mugarik gabeko Pailazoak taldearen helbidean: http://www.clownswit houtborders.org


C1
2005-11-21
16341239
3632