detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Hasier Agirre: "Hitzekin ateratako argazki bat da aforismoa"

Halaxe dio Hasier Agirrek aforismo bat zer den galdetu diogunean. Hasier Agirrek, HABEko teknikariak, EHUk antolatzen duen aforismo lehiaketa irabazi du: "Iruditzen zait, nire kasuan hala da behintzat, hitzekin ateratako argazki bat dela aforismoa. 'klisk' batean, ezin laburrago, nahiz eta atzetik obserbazioaldi luzeak egon. Belgradeko Aforisten Zirkuluko leloak dioen bezala, denbora asko behar baita labur idazteko"

EHUk antolatzen duen aforismo saria irabazi duzu bigarren aldiz. Espero al zenuen?

Neure buruaren aurka lehiatzea gustatzen zait, neure burua estutzea. Uste dut iazko aforismoen mailari eutsi diodala aurten, eta hori da gehien inporta zaidana. Kontuan izanik parte-hartzaileak, zoritxarrez, oso gutxi garela, irabazteko esperantza handiagoa izaten da. Ondo legoke, datorren urteari begira, lehiaketari beste dimentsio bat ematea, atzerriko aforismogile batzuek parte hartzea. Nire ustez, mesedegarria litzateke, zalantzarik gabe.

 

Nola idazten dituzu?

Ez naiz konstantea. Inspirazio-mozkorraldi batzuk izaten ditut, baina, zoritxarrez, nahi baino gutxiagotan. Beste autore batzuk irakurtzeak asko laguntzen du. Nahiko anarkikoa naiz sortzeko garaian. Badakit autore batzuek gai konkretu bat begiz jo (demagun, “krisia” gaia begiz jota) eta abiapuntu horretatik hasten direla ideia bila. Nik gutxitan egiten dut hori. Uste dut asoziazioak egiten ditudala, eta ez dudala derrigor ideia bat abiapuntu gisa hartzen; askotan, hitz-jokoa, metafora, kontrastea, paradoxa, etortzen zait burura, eta ongien datorkion gaiari lotzen diot gero. Bertsoekin alderatzen uzten badidazu, uste dut gai librean aritzen naizela, aurretik gai jakin bat aukeratu gabe.

 

Zer da zuretzat aforismo bat?

Poesiaren eta prosaren erdibideko generoa dela esan ohi da. Laburra eta, aldi berean, trinkoa izan nahi badu, aforismoak, era batera edo bestera, zarrada eragin behar du. Probokatzailea, iradokitzailea, paradoxikoa, kontraesankorra, ironikoa, poetikoa edo dena delakoa izan daiteke, baina, Igerabidek ongi esaten duen moduan, tximistak jota utzi behar zaitu. Aforismo asko idatzi dira “aforismoaz”, baina, bat aukeratzekotan, Aleksandar Baljak serbiarrarena aukeratuko nuke: “Aforismoa miniatura monumental bat da”.

 

Nolako aforismoak gustatzen zaizkizu?

Estilo asko gustatzen zaizkit, baina iruditzen zait aforismo onak bi baldintza bederen bete behar dituela: laburra izatea bata, eta unibertsala izatea bestea. 2006an, Žarko Petan esloveniarraren aforismo-liburu bat euskaratu nuen, eta, horrek eraginda akaso, uste dut balkaniar eskolak erakartzen nauela gehien. Gogoan dut behin nola esan zidan aforismoak muturreko baten parekoa, probokatzailea izan behar duela. Leteren abestiarekin gogoratu nintzen, Historiaren tabernan jasotzen dituen muturreko horiekin, alegia. Egoera batzuetan, bertsoak edo aforismoak idaztea da muturrekoak bueltatzeko modu bakarra. Dena dela, ez dezala inork pentsatu aforismogileak moralista merkearen papera jokatzen duenik. Kritika soziala txanponaren alde bat baino ez da, txanponaren beste aldean ere ez baitago alternatiba handirik: azken batean, giza izate edo kondizioarekiko desenkantua nabari dut nik, nabarmen, egungo aforismogile garaikideen artean; determinismo eta eszeptizismo dosi handiak. Petanek bere burua ere ez du salbatzen, zera dioenean: “Idazlea naiz: epaitu nazazue hitzetatik, ez egintzetatik”.

Beste hau ere asko gustatzen zait, egile kroaziar batena: “Denik eta mundurik onenean bizi gara, ez baitago besterik”.

 
Euskara hizkuntza ona edo txarra da aforismoak idazteko? Edo berdin da, aforismoak pentsamenduak direlako eta hizkuntza guztietan berdin idatzi daitekeelako?

Oro har, aforismo ona unibertsala da, eta, ondorioz, hizkuntza guztietara itzultzeko modukoa. Uste dut euskara ez dela, ez hobea, ez okerragoa aforismoak egiteko. Batzuetan, gertatzen da sorburu-hizkuntzako aforismoa itzuli eta beste hizkuntza batean egokiago edo musikalago geratzea ere! Edo aforismoren bat zure ohiko pentsamendu-hizkuntza ez den beste erdara batean bururatzea. Hori ere gertatzen da. Niri, esaterako, “todos tenemos nuestro aparte de la razón” gaztelaniaz bururatu zitzaidan, eta ondoren itzuli nuen euskarara: “Guztiok daukagu gure arrazoiaren apartea”. Badaude esamolde jakin batzuk gure inguruko erdaretan erabiltzen direnak eta euskarak, oraindik, bere egin ez dituenak. Horretan, ados nago Amurizak bere liburuan planteatzen duenarekin. Euskarak behar du inguruko erdarek duten ondare komun hori, airoso ibiltzeko. Eduki, eduki behar du hiztegietan jasota, nahiz eta gero noiz eta nola erabili beste kontu bat den. Aforismoaren helburua tximistak jota uztea izanik, tristea litzateke benetan irakurleak hiztegira jo beharra lerro bakarreko esaldian ulertu ez duen hitz baten bila! Nik badaukat aforismo bat, euskaraz pentsatua, baina xuxen-ek azpimarratzen didan hitz batekin hasten dena: “Bitalitatez hiltzea da suizidatzea”. Horren ordez, “Bizitasunez hiltzea da suizidatzea” idatzi izan banu, nire ustez, indarra galduko zukeen …  Badakit diskutigarria izan daitekeela, baina egileak eskubidea behar du lizentzia horiek hartzeko.

Aforismo bakoitza mundu bat da; badaukat, esaterako, gaztelaniaratu ezin dudan bat ere. Hauxe da: “Gurean, errua, haiena da beti”. Nola eman “gurean” hori gaztelaniaz? Nola eutsi gurean-haiena kontraste-jokoari? Beste erdaretara, oker ez banago, pasatu daiteke, “gurean” hori itzuli baitaiteke frantsesera “chez nous” moduan edo alemanera “Bei uns” moduan… Bitxikeriak dira.

 

Bukatzeko, zein da zure gustukoena?

Aforismo asko dauzkat gogoan, zaila da bat edo beste aukeratzea. Butulescu errumaniar aforismogileak esaten du “inor ez dela aforista bere herrian”. Berrogeita hamar hizkuntzatara itzuli dituzte bere aforismoak baina errumaniarren artean ez da bereziki ezaguna. Arrazoi horrexegatik, hemengo autoreen aforismo batzuk aipatu nahi nituzke, hemen ere, Euskal Herrian, euskaraz, aforismo eder askoak irakurri daitezkeela aldarrikatzeko. Lauak dira, zein bere erara, zoragarriak:

“Daukazunarekin baino, kontua gehiago da kentzen dizutenarekin bizitzen ikastea” (Karlos Linazasoro)

“Bakardadea inoiz ez da bakarrik etortzen” (Juan Kruz Igerabide)

“Ez dakit euskal idazle bat naizen. Nori galdetu behar diot?” (Karmelo Iribarren. Karmelok gaztelaniaz idazten du)

“Zaila da zure amaginarrebaren etxean poeta zarela esatea” (Harkaitz Cano. Ez dakit aforismo gisa bataiatua daukan, baina aforismo peto-petoa da, inondik ere).

 

Euskadi Irratian Hasierri egindako elkarrizketa entzun nahi izatera, hona jo.

 

 


detalle2

Dokuteka

B2
2013-12-02

x61pRelaContWAR

16293410

x61pViewCountWAR

8014

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR