Zure bizitzaren 30 urte luze eskaini dizkiozu euskararen irakaskuntzari.
Nik uste dut txikitatik oso sartua nuela euskararenganako maitasuna. Zortea izan nuen, aitak oso garbi azaltzen zigulako euskaldunok zapalduak geundela gure hizkuntzagatik eta euskarari ez zitzaiola ematen hizkuntza guztiek duten balioa, hizkuntzak behar duen balioa, azken batean. Beraz, esan daiteke txikitatik hasi nintzela horretan. Bete-betean, beharbada, geroago sartu nintzen, 19 urterekin-edo hasi nintzen eskolak ematen, helduen euskalduntzean bereziki, baina baita haurrekin ere.
Eta nola laburbilduko zenuke ibilbide hori?
Jende asko ezagutzeko aukera izan dut. Erriberan aritu nintzen, Iruñean eta Sakanan ere bai. Batzuetan, noski, izaten dira zalantzak egiten dugun lan honekin zerbait erdiesten ote dugun, baina gero konturatzen gara baietz, ezagutu dugun jende asko, nolabait zerotik hasi dena, orain euskaraz ari delako. Beraz, merezi du lan horrek, euskaldun asko atera baita. Horietako asko irakaskuntzan, administrazioan edo beste lantoki batzuetan aritzen dira, eta, gainera, euskaraz bizitzen saiatzen dira ahal duten neurrian. Iruñean ez da erraza, baina horrelakoak ikusten ditugu. Ziur asko euskaraz bizitzeko pauso hori eman dezaten zerbaitetan lagundu diegu, ezta? Beraz, oro har, esanen nuke atsegina izan dela, aukera handia eman digula jendea ezagutzeko eta, gainera, poz handia izan dugula ikustean hainbeste heldu euskaldundu dela gure lan honetan.
Euskarak zer egoera bizi du gaur egun?
Nik uste dut aurrerapauso asko eman ditugula. Alde batetik, irakasleok prestatuago gaudela esanen nuke. Hau da, irakaskuntzak berak aurrerapausoak eman ditu neurri handi batean. Bestetik, euskararen batasunak edo euskara batuak testugintzan, literaturan, eskolan, helduen euskalduntzean, komunikabideetan… lagundu egin du. Horretarako pauso handia izan da. Horrez gain, gero eta jende gehiagok euskara ulertu, bederen, egiten du, eta jakin ere bai. Baina, aldi berean, ikusten dira atzerako pauso batzuk, izan ere, oraindik gaztelaniaren edo frantsesaren menpe gaude. Pausoak egin dira, baina beste gauza bat da nahi eta behar diren bezain azkar eman diren pausook. Nik uste dut batzuetan oso mantso doazela eta oraindik oztopo asko ditugula.

Zein dira oztopo horiek?
Nafarroara etortzen bagara, adibidez, zonifikazioak oztopo handiak ekarri ditu. Bestalde, diru aldetik oso eskas gabiltza. Azken batean, diskurtso ofiziala nolabait da euskarak ez duela balio; euskara desprestijiatua dago oraindik ere administrazioaren aldetik, eta jendeak balioari begiratzen dio, euskararen balioari. Enpresa pribatuetan, zoritxarrez, oso gutxi eskatzen da, eta administrazioan ere behar baino askoz ere gutxiago eskatzen dela ikusten du jendeak. Beraz, administrazioak duen jarrera ez da batere euskararen aldekoa. Hizkuntza-politika oso desegokia da. Askoz ere laguntza handiagoa beharko genuke aurrerapauso sendoagoak emateko.
Eta nola ikusten duzu EAEko eta Iparraldeko egoera?
Tristea da ikustea, Euskararen Legea onartu zenetik hainbeste urte pasatu ondoren, oraindik ere gazteak ez direla gai euskaraz komunikatzeko. Hau da, ulermena beharbada badute, baina oraindik badira haurrak eskoletan euskalduntzen ez direnak. Gero beste pauso bat da ia erabileraren arloan zer gehiago egin daitekeen, eta beharbada hor ez dugu asmatu, eta lan munduan ere ez. Nafarroan baino urrats gehiago egin dira, baina nire ustez ez da aski eta oraindik baditugu hutsarte handiak: hainbat postutan ez da oraindik euskara eskatzen, Osakidetzan ere gauzak ez daude normalizatuta… Nire ustez, normalizazio horretara iristeko, asko falta dugu oraindik. Egia da, gutxienik, planifikazioa egiten dela, planak aurrera ateratzen saiatzen direla, hizkuntza-politika horretarako bide bat markatzen dela gutxienik. Hemen kontrako bidea markatzen da. Alde horretatik, badago aldea. Iparraldean ere ofizialtasun falta dute eta nik uste dut horrek asko markatzen duela. Nahiz eta esaten duten euskara sartu dutela eskola publikoan, oraindik asko falta da. Gainera, askotan indar guztia irakaskuntzan jarri dugu, baina nik uste dut irakaskuntzatik at lan handia egin behar dugula eta arlo asko gelditu zaizkigula oraindik, oro har, zintzilik.
Iruñearen bihotzean zaudete. Nolakoa da hemengo errealitatea euskaraz bizi nahi duen batentzat?
Zaila du euskaraz bizitzea. Batzuok gehixeago lortzen dugu, azken batean, gu lanean horretan ari gara, eta egunero ordu gehientsuenetan euskaraz aritzen gara. Baina ikaslea lanean beste toki batean badago, oso zaila izanen du euskaraz hitz egitea, familian edo inguruan inor ez badu, ez du batere erraza. Hemen lantoki gehienek erdaraz funtzionatzen dute, ikastetxe gehientsuenek ere bai. Komertzioetan eta horrelakoetan gero eta euskaldun gehiago sumatzen ditugula esanen nuke, baina askotan lehen hitza euskaraz egitea falta zaigu konturatzeko aurrean dugun horrek ere badakiela euskaraz. Baina, hala ere, gehiengoa erdaldun hutsa da. Beraz, ez da erraza. Lagun-taldeetan eta aisialdian ere erdarak askoz ere presentzia handiagoa du, lagun-taldeetan askok ez dakite euskaraz; beraz, erdarara jotzen dugu denok. Ez da erraza, ez bada norbait ari euskaraz funtzionatzen duen lantoki batean edo familia eta lagunarte euskalduna ez badu, baina, bestetik, pausoak bai ikusten ditut eta gero eta jende gehiago entzuten dugu karrikan euskaraz.
Normalizazioa urrun ikusten duzu, beraz. Zein izango lirateke urratsak?
Hasteko, eskolak ziurtatu beharko luke orain eskoletatik pasatzen diren guztiek euskara jakitea, euskara ikastea, eta Nafarroan % 30 baino ez da. Beraz, asko falta da. Helduen euskalduntzerako, euskara ikasi nahi dutenei, erraztasun handiagoa eman beharko litzaieke, enpresetan ere egin beharko lirateke nolabaiteko hitzarmenak langileei denbora zati bat ordainduta, euskara ikas dezaten liberatzeko. Eta, batez ere, hizkuntza prestijiatu beharko litzateke eta administrazioko lanpostuetarako euskara eskatu beharko lukete lanpostu guztietarako. Horrela, jendeak euskararen balioa ikusiko luke eta gainera, arlo publikoan benetan euskaldunak baldin baditugu, euskaldunak lasaiago joanen lirateke toki horietara eta lasaiago mintzatuko lirateke euskaraz.

Ziurtagirien behar horrek euskararen aurkako jarrera ere sortu izan du. Sumatu al duzue horrelakorik zuen ikasleen artean?
Zentzu horretan arrazionalizatu beharko litzateke askoz gehiago zertarako eskatu behar den ziurtagiri bat. Edo agiri bat eskatzen bada, zer agiri-mota den. Nik pentsatzen dut ahozkoari askoz ere garrantzi handiagoa eman behar zaiola eta komunikatzen jakitea eskatu behar dela, aurrean duen jendearekin moldatzeko gai izatea; beraz, ez nabil EGA edo horrelako agiri baten bila. Nik pentsatzen dut hori ez dela egokia. Adibidez, erizain batek jakin behar du gaixoa euskaraz tratatzen, horrekin euskaraz hitz egiten, konfiantza ematen… Horretarako ez du jakin behar idazlan bat egiten. Nik uste dut ulermen-mailan idatzia beharko lukeela, baina bereziki jendearekin komunikatzeko gaitasunari, ahozkoari eman behar zaio garrantzi handiago. Hiztunak sortzea dugu helburu guk, eta nik uste dut hona etortzen diren ikasle gehienek hori nahi dutela, oso gutxi dira agiri bila datozenak. Irakaskuntzan sartu behar dutenak izan ezik, baina horien kasuan gehiago eskatu behar zaiela iruditzen zait. Hau da, eredu izan behar badute, irakaskuntzan ari direlako, hiztun onak izan behar dute eta horiei gehixeago eskatu beharko litzaieke. Gauza bera komunikabide batean aritu behar duen jendearentzat. Haiek ere euskara maila handiagoa behar dute, eta gehiago eskatu behar zaie. Azken batean, horiek dira hizkuntza finkatzen ari direnak; haiek dira besteentzat eredu, eta haiengandik aberastuko dira beste asko.
Zer mezu helaraziko zenieke prozesu horretan murgilduta daudenei?
Lehengoan ekitaldi bat egin genuen eta zoragarria izan zen entzutea D ereduan ikasi duten zenbait helduk eta haurrek beren gurasoei eskaini zieten esker ona. Esker ona beraiek D ereduan sartu dituztelako, baina, bereziki, gurasoak euskara ikasten ahalegindu direlako eta euskara ikasi dutelako heldu izatean; eta orain etxeko hizkuntza euskara delako. Batek esan zuen bezala, bere ama-hizkuntza gaztelania izan da; heldutakoan ikasi du euskara, baina orain bere seme-alaben ama-hizkuntza euskara da. Hori da mezua, norberarengan dago hurrengoen ama-hizkuntza euskara izatea. Esfortzu hori egiten dutenen lana txalotzekoa da; eskertu egiten diegu benetan, eta beraiek asko alda dezakete; giltza dira beren seme-alabek euskaraz egiteko. Eta euskarari esker, euskara jakin gabe ezagutzen ez duten mundu berri bat ezagutu dezaketela esanen nieke, etxe atarian dutena. Beraz, jarraitzeko horretan eta asko ikasiko dutela.
Euskaltzaindian duela bost urte ekin zenion ibilbideari. Zer moduzkoa izan da hasiera?
Ohore handia iruditu zitzaidan Euskaltzaindia nitaz oroitzea, baina beldurrez joan nintzen, uste nuelako oso jende prestatua, jakintza handikoa zegoela eta “nik hor zer eman behar dut”, galdetzen nion neure buruari. Baina, egia esan, beso zabalik hartu ninduten guztiek. Gero ikusi dut guztientzat dagoela lana. Beharbada, nire egitekoa ez dago ikerlanean, baina bai sustapenean, bertan ari naiz ni. Kontuan hartu behar da Euskaltzaindiak bi alor dituela, bata Iker eta bestea Jagon. Azken honetan nago ni. Hor sustapena, erabileraren inguruko kezkak, korpusaren ingurukoak eta horrelakoak daude.
Kanpora begira, erakundearen lana ondo ezagutzen al dute herritarrek?
Nik uste dut ez dela aski ezagutzen. Oro har, jende askoren baitan, arau-emailetzat hartzen da Euskaltzaindia, batasunaren inguruan neurri batzuk hartu dituena, estandarizazioan lagundu duena, korpusa finkatzen erabakiak hartu dituen instituzioa…, baina ez da arras ongi ezagutzen. Hala ere, esan behar dut oso ondo baloratuta dagoela eta jendeak aintzat hartzen duela. Hori ere garrantzitsua da aurrerapausoak egin nahi baditugu eta euskalgintzaren eta Euskaltzaindiaren arteko lotura sendoago izateko. Hala ere, oraindik harreman horiek gehiago landu behar dira, eta elkarren ezagutza areagotu egin behar da.
Zer eskaini dio Sagrariok Euskaltzaindiari?
Beste bat gehiago izan naiz eta beharbada ordura arte, unibertsitateko jende asko zegoen, ikerketan ari dena, gramatika eta filologiatik etorritakoak ere bai. Horregatik, herri mugimenduetatik eta euskalgintzako beste lantaldetatik jendea etortzea aberasgarria da erakundearentzat, uste dut horrexegatik gogoratuko zirela nirekin.
Europako Hiritarraren Saria jaso berri duzue Madrilen. Zer izan da zuentzat?
Sariak eskertzekoak dira beti, sinbolikoa bada ere. Lanaren errekonozimendu bat da, eta, zentzu horretan, sariak beti daude ondo. Europan etxe berean onartzen ez diren gauzak onartzea ongi dago, eta zer pentsatua ere eman beharko lieke batzuei. Europan euskara ezagutarazteko modua da, euskaldunak hemen gaudela eta gure hizkuntza badugula aldarrikatzeko.
Politikan ere aritu zinen zenbait urtez. Nolakoa izan zen esperientzia?
Bai, esango nuke gaztetatik ibili naizela politikan, betidanik izan naizela militante, baina kargua lau urtez izan nuen Iruñeko Udalean eta beste lau urtez Parlamentuan. Iruñeko zinegotzi izatea oso lan polita iruditzen zait, azken batean hiria gehiago ezagutzeko eta bertako jendeak eta bertan gertatzen direnak ezagutzeko aukera eman zidan. Gure proposamenak euskaldun eta ezkertiar ikuspegitik egiteko aukera ere eman zidan, nahiz eta gero ez ziren aurrera ateratzen. Hori polita izan zen.
Motzean:
Iruñeko txoko kuttuna. Iruñea bera, Alde Zaharra, erreka bazterra… Iruñea bera. Toki fisikoa baino gehiago, hemen bizi garenon berotasuna.
Nori emango zenioke gustura eskola. Uneotan, Yolanda Barcinari.
Nor ez zenuke nahi zure ikasle izatea. Denak nahiko nituzke. Zenbat eta jende gehiagok ikasten duen, orduan eta hobeto.
Konta daitekeen ametsa. Euskaltegiak gehiago lagun ditzaten eta benetan aintzat har ditzaten administrazioan.