Jateko ohituren bilakaera

Euskaldunok mahaiaren bueltan ospatzen dugu guztia: urtebetetzeak, lagun arteko eztabaidak, adiskidetzeak, urtaro berriaren etorrera, jaiak… Edozein aitzakia ona da otordu ederra prestatzeko. Baina nolakoak dira gure ohiturak egunerokoan? Jale onak al gara? Kalean topatu ditugu galdera horien erantzunak.

Dietistek, medikuek eta osasun-adituek argi daukate: egunerokoan orekaz eta osasuntsu jan behar dugu. Otordu arinak egin behar dira, organismoarentzat beharrezkoak diren osagaiak erabiliz, eta kaltegarriak direnak albo batera utzita. Gosaria omen da garrantzitsuena eta afariak arinena behar du izan. Egunean bost otordu egitea gomendatzen dute, eta fruta eta barazkiak jan beharko lirateke gehien.

Baina aholku hauetatik haratago, gurean jatearen kultura oso barneratuta daukagu. Gastronomia omen da euskaldunon ezaugarrietako bat. Eta zuek zer eta nola jaten duzue zuen etxean? Garai bateko ohiturak mantentzen al ditugu oraindik ere? Hainbat belaunalditako jendeak honen berri eman digu, bilakaera horren gakoak hobeto ulertzeko.

Juan Arzallus (65 urte): Baserrian pobreak ginen, ez geneukan apenas dirurik, baina jatekorik ez zen falta. Ni txikia nintzela, kalean miseria zegoen; gerra ondorengo urte haietan, baserrietan bizi ginen ondoen, bertan ez zen plater berorik falta, behintzat. Askotan kaletarrak jan eske etortzen ziren gurera, pentsa! Lurrak ematen zigunarekin egiten genuen aurrera. Lau senide ginen eta guztiok genuen zer jan. Hori bai, beti babarrunak eta urtean behin edo bitan hildako txerriarekin ateratzen ginen aurrera, ez genuen beste aukerarik, gaur egun bezala. Egun berezietan, garbantzuak jaten genituela gogoratzen naiz. Otorduetako garaia oso garrantzitsua zen, elkarren berri izateko unea izaten zen gurean.

 

Gauetan, berriz, katilukada bat esne hartzen genuen etxean bertan egindako taloarekin. Goseak geratzen baldin baginen, bi katilukada hartzen genituen. Etxean lan gogorrena egin behar zuenak, berriz, hau da, aitak, arrautza ere jaten zuen.
   
Maite Herrero (34 urte): Gure etxean asko jan izan dugu beti. Entsaladarik ez zen inoiz falta mahaian. Hori izaten zen lehen platera. Eta amak beti prestatzen zituen beste bi plater. Lehen platera, oro har, lekaleak izaten genituen: dilistak, txitxirioak, babarrunak…; barazkiak ere bai. Eta bigarrena haragia jaten genuen, batik bat; arraina, gutxiago. Postrerako ere gazta eta esnekiak hartzen genituen. Afariak ere sendoak ziren, egunean zehar galdutako indarra berreskuratzeko edo (kar, kar). Senideok beti aipatzen dugu etxean pila bat jaten genuela. Orain, nik neurean ez dut hainbeste jaten. Bi plater prestatzen ditut, baina arinagoak. Uste dut garai bateko ohiturak zirela; aberatsak ez, baina jatekorik ez zedila falta izaten zen kontua. Baina, aldi berean, familia guztia elkartzeko tartea ere bazen. Gure aitak kanpoan lan egiten zuen, baina eguerdian eta iluntzean beti itxaroten genion, otordua elkarrekin egiteko. Ondorengo tertuliari garrantzi handia ematen zitzaion eta senideok eutsi egin diogu ohitura horri. Janari gutxiago dago orain gure mahaietan, baina, bukatu ondoren, mahaian jarraitzen dugu solasean. Elkarren berri edukitzeko unea da.

Nagore Zalakain (19 urte): Gure etxean tamainan jan izan dugu beti eta orain ere horrela egiten dugu. Ordutegiak direla eta, ez dugu denok elkarrekin jaten. Aita, ama eta anaia bizi gara elkarrekin. Anaiak txandaka egiten du lan lantegi batean; beraz, astero aldatzen du jateko ordutegia. Ama, berriz, etxean egoten da. Ni oraindik ikasten ari naiz eta batzuetan unibertsitatean geratu behar izaten dut. Iluntzean ere bakoitzak bere ordutegia daukagu. Asteburuetan ere geure planak izaten ditugu. Hala ere, saiatzen gara guztiok elkarrekin bazkaltzen. Nahiko orekatu jaten dugula esango nuke, hau da, denetarik: barazkiak, lekaleak, pasta eta arroza, haragia, arraina… Eta dagoena jan behar izaten dugu. Hori ondo erakutsi digute anaiari eta bioi. Txikitan nahiko jale txarra nintzen, baina orain ia denetarik jaten dut.

Haimar Bergara (9 urte): Nik gosaltzeko esnea hartzen dut gailetekin. Hamaiketakoa amatxok prestatzen dit ikastolan jateko, egunero zerbait desberdina jartzen dit; bestela, aspertu egiten naiz: fruta, ogitarteko txiki bat, esnekiak, gailetak. Eguerdian aitonarekin bazkaltzen dut etxean; niri gehiena makarroiak gustatzen zaizkit, baina aitonak jartzen didana jan behar izaten dut. Bakarrik jaten dut berarekin; geroago etortzen dira amona eta izeba. Asteburuetan gurasoekin egoten naiz gehienetan.


 

Adinean behera egiten dugunean, ikus daiteke otorduek familiarekin biltzeko gune izateari utzi diotela. Bizimodu-aldaketaren seinale izan daiteke. Orain amak zein aitak etxetik kanpo egiten dute lan –eta askotan, ez ordutegi berean–, eta elkartzeko beste gune batzuk sortu dira, askotan etxetik kanpo. Horrez gain, gaur egungo familietan asko jateari baino garrantzia handiagoa ematen zaio osasuntsu jateari. Eta zein dira zure ohiturak?


B1
2013-10-22
16292558
11685