Aldizkari Digitala
Kafea ala infusioa?
Azken urteotan infusioak kontsumitzeko ohitura zabaldu da gurean, nahiz eta oraindik kafea den eskari handiena duen edaria. Bataren eta bestearen ezaugarriak aztertuko ditugu jarraian eta gure kontsumo-ohiturak zein diren argituko.
Tabernara sartu eta zer hartu? Batzuek argi dute: kafea bezalakorik ez dago. Beste batzuek, berriz, infusiozaleak dira. Bata zein bestea onuragarriak dira osasunarentzat, tamainan hartuz gero. Dudarik gabe, kafea da, uraren atzetik, munduan gehien kontsumitzen den edaria; egunero 2.000 milioi katilukada kafe hartzen omen dira mundu osoan. Bazkari eder baten ondoren, oso gustukoa dugu kafea hartzea, baita lagun artean taberna batean biltzen garenean ere.
Hala ere, kafe gehiegi edateak urduritasuna sortzen du eta horixe da kontsumitzaile gehienek kafea ez hautatzeko arrazoia. Kafearen atzetik, infusioak daude zerrendan. Hirugarren edaririk kontsumituena omen da. Kontuan izanda infusio-aukera zabala dagoela, ez da harritzekoa. Infusioen osagaiak oso onuragarriak dira gure organismoarentzat eta minak arintzeko ere egokiak dira, gaitz askoren aurkako infusioak baitaude merkatuan. Antzina ere landareak erabiltzen zituzten edariak egiteko, eta infusioak ohitura horren garapenaren ondorio baino ez dira.
Kafearen onurak
Baina zein dira edari hauen onurak? Has gaitezen kafearekin. Zerrenda luzea da. Lehen-lehenik, kafe-aleak dituen antioxidatzaileak oso onuragarriak dira. Osagai horiek zelulak babesten ditu eta horien zahartzea atzeratu. Masustak, marrubiak, orburuak eta ahabiak dira kafeak baino antioxidatzaile gehiago dituzten jaki bakarrak. Honez gain, adituek diotenez, kafe-bihien osagarri batzuk hortzetan txantxarra eragiten duen Streptococcus mutans bakteria suntsitzeko gai dira. Ikerketa ugari egin dira kafearen ondorioen inguruan. Horietako batzuek ondorioztatu dutenez, egunean hiruzpalau kafe katilu edateak II motako diabetes gaitza pairatzeko arriskua % 25 murrizten du. Hogei urtez egindako beste ikerketa baten datuen arabera, kafea egunero hartzen dutenek zahartzaroko dementzia izateko arrisku gutxiago dute, % 65 gutxiago, hain zuzen ere. Kafeak nerbio-sistema zentralean duen eraginaren ondorioa da hau. Honi lotuta, zenbait ikerketak diote endekapenezko gaixotasunei aurre egiteko –Parkinsonari edo Alzheimerrari, adibidez–, oso ona izan daitekeela kafearen kontsumoa.
Kafe-aleak
Kirolarientzat ere ona omen da kafea edatea, euren erresistentzia fisikoa hobetzen lagundu baitezake. Izan ere, kafeak eragin ergogenikoa izan dezake, hau da, giharren potentzia handitu dezake iraupeneko kirolariengan. Adi egoteko ere ezin hobea omen da egunean lauzpabost kafe katilu hartzea, eta kontzentrazio-maila altuagoa luzaroan izaten ere laguntzen du.
Eta infusioei buruz, zer?
Kafearen onurak zenbatu ditugu, baina askotan, osasunaren profesionalek mugatu egiten dute kafe kontsumoa. Horren ordez, infusioak edatea aholkatzen dute. Infusioak edari naturalak dira eta adituek esaten dute oso osasungarriak direla, edozer dietaren osagarri izan daitezkeelako. Izan ere, gure organismoarentzat oso eragin onak dituzte. Kaltegarriagoak izan daitezkeen beste zenbait edariren ordez hartzeko egokiak dira, eta urteko edozein sasoitan har daiteke infusioa, neguan beroa eta udan hotza hartu baitaiteke.
Infusioa
Eskaintza zabala denez, unean uneko infusiorik egokiena har dezakegu. Osagai ugari dituzten landareen infusioak daude markatuan eta, beraz, ez da zaila gustuko zaporea topatzea. Hauek ere antioxidatzaileak dituzte eta onurak asko dira, aukeratzen dugun infusioaren arabera: batzuk erlaxatzeko, loa hartzen laguntzeko, digestioa egiteko, urduritasuna arintzeko egokiak dira; beste batzuk esnatzen laguntzeko…. Adituen ustez, egunean bizpahiru infusio hartzea da egokiena. Hala, gure gorputzak hidratatzeko behar duen likido kopurua -bi litro ur behar omen dugu egunean- edaten dugu.
Eta euskaldunok, zer nahiago dugu?
Taberna batera jo dugu erantzun bila. Orioko Kolon Txikiko arduradunak, Juanjo Zubeldiak, urteak daramatza barraren bestaldean eta berak bezeroen artean ikusten duena azaldu digu: “Azken urteotan infusioen eskaera handitu egin da, moda kontua dela esango nuke”. Eskaintza zabala da eta ohikoez -kamamila, menta, tea…- gain, jendea infusio berriak ere eskatzen ari da. “Orain, esate baterako, modan dago te bantxa delakoa, gazte jendeak asko eskatzen du hori. Haien eskaintza moda horren arabera moldatu behar dutela ere aitortu digu: “Ikusten badugu jende askok infusio-mota jakin bat eskatzen duela, eskaera horri erantzun egin behar zaio”.
Juanjo Zubeldia tabernaria
Terrazan lasai egon nahi duenak askotan infusioa eskatzen duela argitu digu tabernariak, gazteen artean, batik bat. “Dietan dagoenak ere eskatzen ditu infusioak, edota bere burua zaindu nahi duenak”. Uda aurretik asko nabaritu omen zuten hori. Dena dela, Zubeldiaren ustez, “Euskal Herrian kafea kontsumitzen dugu gehiena; jende helduak errazago hartzen duela iruditzen zait. Kafea betiko edaria da eta ez da modaz pasatuko”.
Beste hainbatetan gertatzen den bezalaxe, infusio eta kafearen arteko aukeraketa horretan ere… zenbat buru, hainbat aburu. Eta zuk, zer nahiago duzu?
Irudia: Pacto Visual, Pixabay
