detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Onzinema, euskal eta euskaratutako filmen ataria aurki

Filmak kalitatez ikusi eta entzun, etxetik atera gabe. Asmo horretatik abiatuta, Irusoin eta Barton Films ekoizpen-etxeek elkarlanean Onzinema.com plataforma sortu dute. Iñaki Gomez Irusoin ekoizpen-etxearen zuzendaritza taldeko kideak adierazi digunez, horrelako plataformak mundu osoan ari dira sortzen azken urteetan. Horrexegatik izan zuten plataforma sortzeko ideia: "Euskal ikus-entzunezko edukientzat eta euskaraz dauden ikus-entzunezkoentzat garrantzitsua iruditu zitzaigun plataforma propioa edukitzea". Plataforma sortu dute, baina ez dago publikora irekia oraindik, finantzazio bila dabiltza eta.

Eta zer da, bada, Onzinema.com? Gomezek berak azaldu duenez, “filmak Interneten online streaming bitartez bereizmen handiko kalitatean ikusteko sistema bat da”. Bi ezaugarri nagusi izango ditu plataformak, martxan jartzen denean: “Lehenengoa, euskal pelikulak eskainiko dituela eta bigarrena, eskainiko diren nazioarteko pelikulek euskarazko bertsioren bat ere izango dutela, hau da, euskaraz bikoiztuta edota azpidatziak  euskaraz izango dituztela”.

Etxetik atera gabe euskarazko filmak kalitatez ikusteko aukera emango du plataformak.

Erabilera erraza du plataformak. Erabiltzaileak izena eman besterik ez du. Behin pauso hori bete duenean, ikusi nahi duen filma, dokumentala edo telesaila aukeratu beharko du. Eta, azkenik, aukeratu duen produktuaz gozatzea baino ez zaio geratuko, etxean patxada ederrean.

Interneten ondorio
Hau guztia plataformaren arlo komertzialaren zatia da, hiritarrentzat irekita egongo dena. Horrez gain, plataforma honek beste hainbat eragileri zuzendutako zerbitzua eskaintzeko aukera ere badaukala argitu digu Iñaki Gomezek. Hain zuzen ere, “ikus-entzunezkoen eduki-ekoizleei, era guztietako zinemaldiei, hainbat erakunde publikori (filmategiak, Etxepare, Kimuak...) eta abar”.
.
Arrakasta handiko filmak ekoiztu ditu Irusoinek, esate baterako, Aupa Etxebeste!, 80 egunean, eta Urteberri on, Amona.

Plataformaren ideia Interneten garapenaren ondorioa ere izan da. “Internet errealitatea da gaur egun, baina oraindik oso garrantzi txikia dauka zinemaren eta filmen ustiaketa ekonomikoan. Etorkizunean aukera zabalak eskainiko ditu, baina oraindik ikusteke dago ekonomikoki norainokoak izango diren”. Irusoingo kideak ez du uste plataformak zinema-aretoei kalte egingo dienik. Haren ustez, “aretoak mantendu egingo dira, baina filmak kalitatez ikusi eta entzuteko beste aukera asko garatu dira eta garatzen jarraituko dutela pentsatzen dut”.

Egoerarekin kezkatuta
Iñaki Gomezek aitortu digunez, Onzinema.com martxan jarri eta ekonomikoki iraunkorra bilakatzea da epe laburrera duten helburuetako bat: “Urtebete bada plataforma martxan jarri genuela, baina erabilgarri izateko finantzazio bila jo dugu hainbat erakundetara eta, nahiz eta oraindik ez dugun nahi genuen erantzunik jaso”. Dena den, baikor azaldu da Gomez eta ez du zalantzarik, “martxan jartzea lortuko dugu”.

Baina ez da hau Irusoinen egiten duten lan bakarra: “Hiru jarduera nagusi ditu: batetik, euskarazko bikoizketa; bestetik, ikus-entzunezkoetarako eta zinemarako audio eta irudi postprodukzio zerbitzu integrala, ikus-entzunezko edukien ekoizpena telebista edota Interneterako edozein euskarri eta formatu digitaletan; eta, azkenik, filmen ekoizpena”. Ekoizpen-lanak bere gain hartzen ditu telebista, zinema eta sarerako ikus-entzunezkoen edukiak aukeratzea, gidoia, talde teknikoa eta zuzendaria nortzuk izango diren erabakitzea eta finantzazioa bilatzea, hau da, produktua saltzea. “Hau guztia egin ondoren, marketing eta komunikazio-plana egin behar dira, inbertitu den diru guztia bueltan nola jaso daitekeen zehazteko”.

Esku artean dituzten erronkak
Onzinema.com plataformaz gain, baditu Irusoinek beste hainbat proiektu martxan. Datorren urtean, esaterako, Loreak errepidean izeneko filma estreinatuko dute, eta etorkizun laburrean hiritarren parte-hartze zuzena izango duen proiektua dute buruan. “Munduan zabaldutako mugimendua da, sozialki interesa duten gaien inguruan herritarren artean ekoiztutako proiektu batzuk gauzatzea da asmoa”.

Dena den, egoera ez da samurra. “Orain arte gure jarduera nagusi guztiak euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpen eta berauen postprodukzio zerbitzuen inguruan garatu ditugu, baina une honetan horietako batzuk ezerezean geratzeko arriskuan daude: ikus-entzunezko edukien euskarazko bikoizketa, adibidez”. Izan ere, krisiaren eragina ere heldu da sektore honetara. Alde batetik, lehiakortasuna handia da. Bestalde, oso proiektu arrakastatsuak egin dituzten arren –80 egunean filma da horren adibidea–, “ez dugu arrakasta ekonomikorik lortu oraindik”. Arrakastak kualitatiboak izan dira orain artekoak, baina “bizi garen eredu ekonomikoak arrakasta ekonomikoak eskatzen ditu bizirauteko”. Horregatik, Gomezek oraindik ere “arrakastaren giltzaren bila” dabiltzala esan du, “ia topatzen dugun...”.

Krisiaren inguruko hausnarketa ere egin du Gomezek: “Krisia dela eta, oso une garrantzitsuak bizitzen ari gara. Politikariek, erakunde publikoek eta inbertitzaileek ulertu behar dute kultur edukien sorkuntza bultzatzea, indartzea eta babestea, Euskal Herrian sektore ekonomiko berri baten aldeko apustua egitea dela. Sektore honek eta, oro har, sorkuntzaren inguruan hedatu daitezkeenek, kulturaren inguruko guztiek –eduki digitalek, bideo-jokoek, modak, diseinuak eta abarrek– izugarrizko aukera eskain dezakete euskal gazteentzat lanpostuak eta enpresa berriak sortzeko. Ahaztu gabe, ikuspegi politiko estrategiko batetik, arlo hauen guztien artean bereziki euskal kultur edukiak eta euskarazkoak indartzeak eta bultzatzeak ekarriko duena”.


detalle2

Dokuteka

B2
2013-09-20

x61pRelaContWAR

  • Noelia Lataburu (Maramara taldea)
16291791

x61pViewCountWAR

5720

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR