Aldizkari Digitala
Koldo Mitxelena Kulturunean Amable Ariasen artelanak
Amable Ariasen erakusketak "Kaosari eta zoriari forma" du izenburua. Bere obrarik berezienak ikusteko aukera dugu Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean: 150 collage, marrazki eta pintura.
Lan gehienak inoiz erakutsi gabeak. Hauez gain koaderno, liburu, katalogo eta aldizkari ezberdinak irudi txiki eta oharrez beteak.
“Amable ez zen batere konbentzionala, batere friboloa, batere mistikoa…”
Maru Rizo
Amable Arias Bembibre del Bierzon (Leon) jaio zen 1927an. Bizitza gogorra izan zuen eta 57 urterekin hil zen Donostian. Bederatzi urte zituela trenaren bagoi batekin jasandako istripuak bizitza osoan makuluekin ibiltzera behartu zuen. 1942an Donostiara etorri zen bizitzera bere familiarekin.
La expresión del propio yo
Ascensio Martiarenarekin egin zituen pintura ikasketak. 1953an lehenengo paisaiak margotu zituen, lur kolorekoak gehienak. 1958an Donostiako Garibai kalean jarri zuen bere estudioa eta bertan egin zuen “Los Diez” izeneko bere lehen erakusketa. Hirurogeiko hamarkada oso aberatsa izan zen Amablerentzat. Gipuzkoako Elkarte Artistikoaren lehendakaria izan zen. Parisera eta Italiara bidaiatu zuen hango giro artistikoa ezagutzera. Zumeta, Mendiburu, Sistiaga, Ruiz Balerdi, Oteiza, Chillida eta Basterretxearekin batera Gaur taldeko partaide izan zen.
Vicisitudes y anchoas
Amable Arias margolari eta idazle izateaz gain, irakurle sutsua ere bazen. Bere jarduera plastikoa eta soziala ez zituen inoiz banatu. Amable nortasun handiko margolaria izan zen. Margolari eta pentsalari erreboltaria. Martiarenaren tailerrean egindako ikasketek ez zuten zuzeneko eraginik izan bere artegintzan.Amable Ariasen sormena etengabea zen. Maru Rizok dioen bezala, “Amableren prozesu sortzailean denak balio zuen”.
Postako gutunazalak, txinatar paperak, zigarro-paketeak, orrialde-zatiak edo beste edozein euskarri baliatzen zuen marrazkiak eta iruzkinak gauzatzeko.
Bere jarduera anarkikoak teknika ezberdinak erabiltzera bultzatu zuen. Batzuetan abstrakzio espresionistaren bidea hartu zuen, Polocken erara, eskuaren automatismoan oinarrituz bere artelanak. Gogoko zuen surrealismoa ere, batez ere, subkontzientea eta ametsen mundua ulertzeko. “Geometria no euclidiana con perritos” idazlanean abstrakzioaren eta figurazioaren arteko mugak aztertu zituen. “Pintura de la gota” deituriko teknikarekin margotutako koadroak, pintura zorrotadaka oihalean isuriz daude eginak. Artelan lauak eta kolore bakarrekoak dira.
Amable Ariasen erakusketa ekainaren 8ra arte egongo da Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean.
Informazio gehiago, helbide honetan.
