Aldizkari Digitala
Mandalay, Birmaniaren bihotzean
Birmania herrialdea kolonia britainiarra zen garaian Mandalay zen hiririk garrantzizkoena, nahiz eta Rangun izan hiriburua. Gaur egun herrialdeak Myanmar izena du, eta Rangun hiriari Yangon esaten zaio.
Erret Jauregia da Mandalayko monumenturik esanguratsuena. Esparruak lauki-itxura du, ia bi kilometro aldeko. Eta inguruan zortzi metroko garaiera duen harresi sendoa du, eta ur-fosa bat babes gisara. Jauregi-zati bat eraberrituta dago, eta nahiz eta birmaniar askok zaharberritze hori gustuko ez izan, mendebaldekooi gustatzen zaizkigu urre-kolorez eta laranjaz pintatutako asiar-itxurako teilatu hain tipiko horiek.
Erret Jauregia –eta bidenabar hiri osoa– hobekien ikusteko lekua Mandalay muinoa da. Horko hainbat pagodek merezi dute bisita, baina ikuspegi orokorra da nabarmentzeko modukoa, eguzkia sartzean batez ere.
Hala ere, hiriko pagodarik nagusiena ez dago bertan, Mandalayren beste muturrean baizik. Mahamuni du izena, eta Budaren 4 metroko estatua dauka barruan. Brontzezkoa da berez, baina kanpotik urrez estalita dago guztiz. Izan ere, sinestunek desioak eskatzean urrezko xafla meheak ezartzen dizkiote. Egunero, goizeko lauretan, monje-talde batek aurpegia garbitzen dio Mahamuniko Budari. Birmania osoko milaka budista joaten dira pagoda horretara, gizon eta emakume, baina Buda dagoen kamerara bakarrik gizasemeak sar daitezke. Azken batean, oso herrialde matxista da oraindik Myanmar.
Mandalayko monumentu guztietan ageri da Buda
Monje budistak, beren tunika laranjekin, Mandalayko paisaiaren parte dira. Myanmarko gazte guztiak monasterioren batera joaten dira sasoi baterako, lehen hemen soldadutzara bezalatsu. Tarte horretan debekatuta dute alkohola edatea, baina, bitxia badirudi ere, erre dezakete.
Monje umea monasterio batean (Mandalay)
Mandalayk badu ikusteko beste zerbait, erakargarria: Gau Azoka. Baina Myanmarko kale guztietan bezala, argiztapena nahiko ahula da; gainera, maiz eteten da, eta zaila egiten da Gau Azokan zer saltzen den ondo ikustea. Beraz, saltzaileek kandelak eta olio-lanparak jartzen dituzte arazoa konpontzeko, eta emaitza oso bitxia da.
Mandalayk inguruan bisitatzeko moduko toki ugari ditu, batzuk monumentuengatik eta beste batzuk historikoki garrantzitsuak direlako: Mingun, Ava eta Amarapura.
Mingunen bada pagoda ikusgarri bat, nahiz eta bukatu gabe egon erraldoia dena. Bodawpaya erregeak eraikitzeko agindu zuenean, 1790ean, egun dena baino hiru aldiz garaiagoa izan behar zuen, baina erregea hil eta eraikuntza gelditu egin zen.
Ava, berriz, uhartea da, Ayeyarwaddy ibai zabalean kokatua. Uhartean zalgurdiz baino ezin da ibili. Oso nekazari-girokoa da, eta nonahi laborariak ikus daitezke arroz-landetan lanean. Kosta egiten da pentsatzea hain jende gutxi bizi den toki hori Birmaniako Erresumako hiriburua izan zela 400 urtez, XIV-XVIII mende-bitartean.
Landa-eremua (Ava, Mandalaytik gertu)
Amarapurako gauzarik aipagarriena teka-egurrezko zubi luze-luzea da. Lakua zeharkatzen du, eta kilometro eta erdiko luzera du. Han eguzkia sartzen ikusi duenak ez du erraz ahaztuko!
U Bein zubia Amarapuran, Mandalaytik gertu
Mandalayko kanpoaldean ibiltzeko autoa behar da, baina ez da komeni autoa alokatzea, zerbait bitxia gertatzen delako Myanmarren. Kolonia britainiarra zen garaian, eta gerora ere bai 1969. urtera arte, ezkerretik gidatzen zuten, britainiarrek bezalatsu. Gaur egun eskuinetik egiten dute, baina Myanmarko autorik gehientsuenak japoniarrak dira, bigarren eskukoak, eta Japonian ere ezkerretik gidatzen denez, eskuinean dute bolantea autoek. Beraz, aurreko autoa aurreratu nahi baduzu, hemen bezala egin behar duzu, ezkerretik pasa, baina bolantea eskuinean duzunez, ez duzu ezer ikusten.
Gauzak gehiago nahasteko, egunean 8 litro gasolina erabil daitezke bakarrik. Gehiago behar izanez gero, merkatu beltzera jo behar da. Bide-bazterrean gasolina saltzeko gune batzuk badira; plastikozko bidoietan saltzen dute, baina oso gasolina txarra da. Horrez gain, kontuan harturik errepideak estuak direla, eta zuloz, animaliaz eta oinezkoz beteak, taxistaren batekin prezioa adostea da onena, eta berak eramatea.
Lehenbailehen joan behar da Myanmarra, aldatu egingo delako berehala. Orain joatea iraganera bidaiatzea bezala da: jendea oso abegikorra da, turistei gazteak etortzen zaizkie ondora beraiekin ingelesez aritzeko; dendak oso aspaldikoak dira, eta bertan oinarrizko gauzak saltzen dituzte; oso merkea da dena. Ia ez dago nazioarteko jenerorik. Baina 2010eko abenduan militarrek oposizio-burua askatu zuten: Aung San Suu Kyi (Bakearen Nobel sariduna), eta orduz geroztik, herria kanpora irekitzen hasi da, 40 urteko isolamenduaren ondoren.
