Vandana Shiva indiarra, bizitza osoan lurren defentsan

Vandana Shiva fisikari, filosofo eta idazlea lurraren alde egiten duen borrokagatik da ezaguna.

Txiki-txikitatik liluratuta begiratzen zion izadiari, eta hain maite zuenez, fisika-ikasketak burutu zituen barrutik ezagutzeko. Gaur egun munduko liderrik handienetako bat dugu lurraren alde borrokan ari direnen artean. Donostian izan zen Eusko Ikaskuntzak gonbidatuta. Egonaldi honetan azaldu zituen gaiak: biodibertsitatea, biodemokrazia, zientzia erantzulea...

 

Vandana Shiva fisikaria da, filosofoa eta idazlea. Une honetan Indiako Dehraun-go ' Research Foundation STRP (Science, Technology and Natural Resource Policy)' erakundearen buru da. Orain dela 49 urte jaio zen emakume hori erreferentzia-puntu bihurtu da munduko biodibertsitatearen alde ari direnen artean. 'Biziaren indarrak ezin dira pribatizatu; nola liteke bizia patentatzea?'. Argudioak oso garbiak dira, baita metodoa ere, demokrazia azken muturreraino eramanez. Mila auzi irabazi ditu epaitegietan eta kaleetan 'Lurra ez da gure arerioa' lelopean.

 

Gogoan du oraindik Indiako jendeak parke batean bota nahi zituzten zuhaitzak besarkatuz, lau mila emakumek eragotzi zuten eguna. Mobilizazio asko eragin ditu nekazarien artean laborategi globalek egiten dizkieten bidegabekerien aurka. Adibide xume bat jartzearren, azafrai-haziak patentatu egiten dituzte, eta nekazarien bizimodua lur jota dagoenean garestiago saltzen dizkiete. Vandana andreak auzi asko jarri ditu biopiraten aurka, Espainian argitaratu duen 'Biopiratería' (Icaria) liburuan argi eta garbi azaltzen duen bezala.

 

Ekofeminismoa da oso maite duen beste gaia: 'Emakumeen marjinazioa eta biodibertsitatearen hondamendia elkarrekin lotuta garatzen ari diren prozesuak dira'. Aurrerabidearen eredu patriarkalak ezinbestez monolaborantza eta homogeneotasuna dakar berekin, Francis Baconek formulatu zuen bezala, 'lurra ama izatetik mendean hartu behar den eme bihurtzen dute gizasemeek. Emakumeak, aldiz, errealistagoak dira eta atzematen dute bizi-iraupena dibertsitatearen baitan dagoela'.

 

Vandana Shiva Qatar-ko biltzarrari buruz hitz egitean, adierazten du nazioarteko merkataritzan isilpean egiten diren akordioen inguruko gauzez jabetzea gustatzen zaiola. Gobernuek ez dute adorerik izaten hiritarrei zein konpromiso eta presio gogor saihestu behar izaten dituzten azaltzeko. 'Baina demokraziak eskatzen du gertatzen diren gorabeherei buruz jendeari informazioa ematea. Horretxegatik joaten naiz biltzar horietara negoziazioetan zer gertatzen den jakiteko'.

 

Oso garrantzitsua da bilera horietan lagunekin hitz egitea, besteei entzutea, nahiz eta herrialde eta erlijio desberdinetakoak izan. 'Nire erlijioa justizia da eta espezie guztiak babestea. Niretzat, jendea jainkotiarra da, izadia ere bai. Horregatik ikasi nuen fisika, eta horrek ekologiara eraman ninduen. Eta gauza horiek gogoan ditudala joaten naiz izadiari buruzko biltzar horietara'.

 

"Qatar-en ere ikusi nuen arduradunak arazoak ezkutatzen saiatzen zirela, horregatik asko murriztu zituzten akreditazioak berak ere. Hala ere, erakunde ez-gobernutarretako ehun bat kide bildu ginen, erabat kontrolatuta geunden, ordea. Dena dela, protesta-ekitaldiak burutzen genituen biltzarrak egiten zituzten hotelaren aurrean, zenbait lelo aldarrikatuz: 'globalizazio honek pobretasuna sortzen du, jendea lanik gabe uzten du, makroprodukzioek kalte izugarri diote ingurugiroari'. Eta egia da protesta horien ondorioz Merkataritzako Erakunde Mundiala hasia dela esaten globalizazioak lagundu egiten diola garapen ekonomikoari eta ingurugiroa babesten duela. Baina ez dute esaten, adibidez, hobekuntza hori europarrentzat dela eta ez enpresari indiarrentzat. Garapen ekonomikoak denentzat beharko luke beste eredu bat martxan jarriz: elkarrekin lan egiteko beste modu bat, lana demokratikoki banatuz eta gure planetako natura babestuz".

 

Hain zuzen ere, gerra-garai honetan hori planteatzea utopia hutsa dela esaten zaionean, Vandana andreak batez ere gerran inolako errurik eta zerikusirik ez duen jendeak sofritzen duela erantzuten du. Atzo Iraken, gaur Afganistanen, eta bihar non? "Bada beste arazo bat burutik kendu ezin dudana, eta emakume izanik oso kezkatuta naukana, beldurra-iturri izanik hain maskulinoa den gezurrezko 'patriotismoaren' gaia. Beldurra biziaren indar librearen eta garapenaren aurkakoa da. Beldurra askatasunerako izua da, eta orain legeak, giza askatasun-eskubideak murrizteko egiten dira, hain zuzen ere. Hori da denok etsai edo terrorista potentzialak garela adierazteko beste modu bat. Horrelako lege berri bat nahi du gobernu indiarrak Parlamentuak onartzea. Baina, Indiako umeei telebistan egunero gerraren gogorkeria azaldu beharrean, giza legearen arauak irakatsi beharko litzaizkieke".

 

"Nik ez dut alderdi politiko jakin batean jarduten, baina independentea izanik saiatzen naiz alderdi, talde eta mugimendu desberdinen arteko akordioak lortzeko bideak egiten', dio Vandana Shivak. 'Garrantzitsuena ez da alderdi politiko jakin batean sartzea, baizik eta lankidetza sustatzea politikan, sindikatuetan edo beste eremutan. Dibertsitatearen baloreak gustatzen zaizkit, jendea bere jarreraren erantzule bihurtzen duen dibertsitatearena. Afganistango gerra, aldiz, dibertsitatearen aurka dago, baina bestela badirudi ere, jarrera horrek ez du etorkizunik".

 

Akordioak burutzea ezinbestekoa da, arazoak konponduko badira.

 

Zorionez, gizasemeak eta emakumeak ikasten ari dira elkarrekin bizitzen. Gizonezko asko konturatzen hasiak dira ez zaizkiela aginte-harremanak hainbeste interesatzen, izadiarekin eta gizakiaren konektatzen ikasten ari direlako. Horrek eragiten du gizasemeek demokraziaren indarrak arakatzea eta babestea, eta besteengana konfidantza edukitzea. Eta horrekin batera ikasi dute gozamena dela izadiaren barietatea eta bizi-formak errespetatzea. Horiek oso aberatsak eta anitzak dira, eta ez dira inoiz ere erabateko kontrolpean egongo.

 

 

Gure planeta izan daiteke denon etxea. Hori da, hain zuzen ere, globalizazioak suntsi dezakeena.




2002-05-06
16283118
3044