Aldizkari Digitala
Imanol Agirre, GAROA kultur lab.
"Irakurtzen ditudan liburuek askotan ideiak ematen dizkidate"
Imanol Agirre (Zarautz, 1978) zuzenbidean lizentziaduna. Donostian egin zituen Zuzenbide ikasketen lehen hiru urteak eta, ondoren, Genovara joan zen ikasketak amaitzera. Ikasketak amaitutakoan, Genovan bertan antzoki batean lanean geratu zen. Lanean ari zela, kultur kudeaketaren inguruko Management Culturale Internazionale izeneko masterra egin zuen. Kasualitatez, 2004an, Genova izan zen Europako Kultur Hiriburua, eta bertan jardun zuen. Handik Milanera egin zuen, eta han Institutu Cervanteseko kultur ekimenak kudeatzen eta zuzentzen aritu zen. Azkenean, erabaki bat hartu behar izan zuen: Milanen geratu edo etxera itzuli. Orduz geroztik, etxe inguruan dabil Imanol.
GAROA liburu-denda.
Etxera bueltatu zenean, bere gurasoen liburu-dendan hasi zen lanean. Txikitatik dendan laguntzen aritu izanak dira, bai Imanol eta bai Eneko bere anaia ere. Gurasoek duela 43 urte Zarautzen Garoa liburu-denda zabaldu zuten, eta, umetatik, udan gurasoei laguntzen edo azoketan parte-hartzen, gurasoen inguruan aritu izan dira bi anaiak. Argitaletxe batean ere aritu izan da lanean Imanol eta horrek aukera eman izan dio liburugintzan salmentek eta banaketa-prozesuek nola funtzionatzen duten ikasteko. Gero, Euskal Kultur Transmisioaren masterra egin zuen, eta duela lauzpabost urte, anaiarekin batera, Garoa gurasoen liburu-dendaren gidaritza partekatu du.
Garoa liburu-denda izatetik Garoa Kultur Lab. izatera pasatu zarete. Zer da Garoa?
1973. urtean sortutako liburu-denda jaioberria da. Gure gurasoek sortu zutena, gaurkotua eta eraberritua. Garoan liburuak gomendatu eta saldu egiten ditugu, eta, horrez gain, hainbat ekimen kultural ere eskaintzen ditugu. Elkargune bat da, kultura, sorkuntza eta esperientziak partekatzeko gunea.
Zer aurkituko dugu Garoan?
Alde batetik Garoa liburu-denda dago, eta bestetik Garoa indartzen duten ekimenak dauzkagu: “Paperezkoak” izena dutenak, hain zuzen. Paperezkoetan bai Donostian eta bai, Zarautzen, irakurleen taldeak daude, “Paperezko Lagunak” izenekoak. Horretaz gain, liburu batean oinarrituta sortutako antzerkia, filmak, kontzertuak... antolatzen ditugu: horiei Paperezko Kontzertuak, Paperezko Zinema eta Paperezko Antzerkia deitzen diegu. Ekimen horiek guztiak liburuetan oinarrituta eraikitzen ditugu.
Noiz erabaki duzue gurasoen liburu-dendarekin jarraitzea?
Historia oso polita dago, betiere oso-oso pertsonala dena. Gure ama 18-19 urterekin ingelesa ikastera joan zen. Eta liburu-dendaz liburu-denda ibiltzen omen zen, eta denbora luzea pasatzen omen zuen, batez ere, Foyles liburu-dendan. Behin amona bisitan joan zitzaion eta Foyles liburu-dendara eraman zuen amona ere, eta esan zion: “Ama, liburu-denda bat irekiko dut aitonaren lokalean”. Eta gurekin historia errepikatu egin zen. Orain dela 5 urte, Londresen nengoen; ama joan zitzaidan bisitan eta banekien amaren azkenetako bidaia izango zela; izan ere, ama gaixo zegoen eta aitak esan zidan: “bisita izango duzu”. Orduan erabaki nuen ama Foylesera eramatea eta bertan esan nion: “Ama, zure ametsarekin jarraituko dugu eta liburu-denda nik hartuko dut”. Errepikatu egiten dira historiak. Eta gustatuko litzaidake hurrengoek ere gure historia errepikatzea.
Kultur laborategia, zergatik?
Oso garbi genuen Donostian ireki behar genuen liburu-denda ez genuela ohiko liburu-denda izatea nahi; eta, horretarako, izenetik abiatu behar genuen: planteamendua laborategi kulturala izatea zen. Sortzen diren esperientziak bistan eta plazan jartzeko gunea. Horregatik, ez dugu liburu-denda soilik izan behar: betiko liburu-denda bat gara, eta, aldi berean, eraberritutako liburu-denda bat. Betiere etxean egin dutena, esentzia, errespetatuz.
Zailtasunak zailtasun, Imanolek bete-betean sinisten du gaur egungo eredu berrietan.
Zuena proiektu berritzailea da?
Ohiko negozio modeloak aldatzen ari dira, baita ohiko liburu-dendak ere. Erreferentzialtasuna irabazteko, ekimenak egitea nahitaezkoa da, kafe bat edo ardo bat eskaintzea... Hasiera bateko esperimentu hura derrigorrezkoa bilakatzen ari da. Alegia, hemendik aurrera liburu-dendariek kafe bat edo ardo bat eskaini beharko dute. Denda-erakusleku sistema erabat bukatuta dago.
Kontuan hartu behar dugu egunean 2 liburu-denda eta erdi ixten ari direla Espainian. Beste era batera esanda, goizean liburu-denda bat ixten da eta arratsaldean beste bat. Administrazioak ez badu kontuan hartzen errealitate berri hau, hemen gauza grabeak gertatuko dira. Ezjakinen gizarte bat sortu nahi badugu, bete-betean horretara goaz. Ez badira horrelako proiektu berritzaileak administrazioan aldetik ere babesten eta bultzatzen, denok galtzen bukatuko dugu.
Aldiz, zu, betiko liburu saltzailea zara.
Bai, etxean hori erakutsi digute: liburuak gomendatu egin behar direla. Garoa ez dut bestseller liburuen tokia izatea nahi. Nik neuk irakurritako liburuen eta bere lekua merezi duten liburuen tokia izatea nahi dugu. Nik, datorren bezeroa pixka bat ezagutu eta nire ezagutzatik abiatuta, gomendatu egiten diot berari gustatuko zaiola uste dudan liburua. Ez dakizue zer polita den liburua erosi duen pertsona hori berriz ere guregana etortzea eta esatea: “Gomendatu zenidan liburua izugarria izan zen; mesedez, gomendatu beste bat!”.
Webguneen eta sare sozialen bidez zuen ekimenen berri ematen ari zarete. Zein da horien funtzioa?
Hainbeste ekimenen arrazoietako bat marka sendotzea eta erreferente bihurtzea da. Ezinezkoa da leku batera iritsi, Donostiara kasu, eta liburuak saltzen erreferente izatea. Hemen, Donostian liburu-denda gehiago daude, eta bertako jendeak ohitura propioak ditu liburuak erosterakoan. Ezin dugu “hemen nago, ireki eta erreferente izango naiz” pentsatu. Prozesu baten parte da, urtetako prozesua eta ekimenen bidez Donostiako mapan presente egoten saiatzen ari gara.
Ekimen horien momentuko dimentsioa ez ezik, Interneteko lana denboran irauteko modua ere bada, jende gehiagorengana iristeko. Horregatik, antolatzen diren Paperezkoetan bideoak egiten ditugu, Debolex Films ekoizpen etxearekin. Honek guztiak ezohiko egitura edukitzea eragiten du, komunikaziorako pertsona bat dugu lanean. Zein dendak du komunikazioan zentratuta dagoen langile bat kontratatuta?
Formatu txikiaren aldeko apustua da zuena. Zergatik?
Konbentzituta gaude formatu txikian lan egin nahi dugula, pertsonalean, hurbilekoan. Bertara joan, egon, sozializatu eta eztabaidatzeko arnasa-gune batzuk sortzen ari dira. Gaur egun gizartean horrelako espazioak behar-beharrezkoak ditugu, txikiak eta hurbilak.
Garoa geratzeko al dator, edo moda-kontua da?
Jakina geratzeko datorrela. Proiektu honetan sinetsi egiten dugu, eta nik aurreikusten dut bide luzea egingo duela. Ez dakidana da nik bertan jarraituko dudan. Izan ere, beti proiektu berrien bila ibiltzen naiz, eta nork daki hemendik 5 urte barru ez ote naizen borda batean egongo baratze-lanetan, tomateak eta loreak saltzen... Era guztietara, argi dut Garoa geratzeko etorri dela. Eta hala izan dadila!
Bizikleta ibiltaria | Mahai berezia |
MOTZEAN:
2014an irakurritako liburu bat: “Niños en el tiempo” Ricardo Menéndez Salmónena. Liburu oso gomendagarria da, gogorra baina asko gustatu zitzaidan.
Idazle bat: Ricardo Menéndez de Salmón.
Genero bat: Ni oso-oso eleberrizalea naiz. Nire arazotxoei irtenbidea ematen, eleberriek laguntzen didate.
Oroitzen duzun lehen liburua? Bi liburu aipatuko nituzke: Nire super heroia izan zena Makila Kixki, niretzat ikaragarria. Bestalde, izugarrizko kariñoa diodan liburu bat: Euskaldun bat Marten. Iñaki Zubeldiak idatzi zuen, orain dela 42 urte idatzi zuen, Ilargira lehen aldiz igo ziren hartan idatzi zuen. Iñaki Zubeldia Zarautzen zegoen maisu eta zergatik ez ditut nire ikasleak ere espaziora bidaliko? Hasiera batean folioetan idatzitako liburu hori klasiko bihurtu da.
Argitaratzeko zain zauden liburu bat? Euskaldun bat Marten bigarren zatia. Nik liburu hori hainbeste gomendatu dut, batez ere Zarautzen, Zarautzen kokatzen baita; kontakizun asko ditu eta oso ongi funtzionatzen du gazteekin, lehendabiziko liburu moduan. Eta uda honetan, Iñakirekin topatu nintzen eta esan nion: “Aizu, Iñaki liburu honek bigarren zatia behar du, hainbeste gomendatu dut zure liburua, jada ez dakidala nori gomendatu”. Handik bi astera idatzi zidan esanez, liburua idatzi zuela eta ea udarako argitaratzen den. Garai hartan Martera joan zen Unai, ea zer egin duen orain arte eta nola dabilen. Deseatzen nago! Egunen batean seme-alabarik edukiz gero, gustura kontatuko diedan liburua da.
Liburua, paperezkoa edo elektronikoa: Paperezkoa. Egia esango dizuet: Pantaila baten aurrean denbora asko galtzen dugula uste dut “refresh”, “refresh”, “refresh” eta Twitterren zenbatek bertxiotu gaituzten edo Facebooken zenbat “atsegin dut” jartzen digun begira. Pantaila baten aurrean distraitu egiten naiz, ezin naiz denbora askoan geldirik egon. Abantaila asko ditu pantailak, baina paperezkoa nahiago. Liburuan egoten naiz.
Irakurtzeko leku bat: Zarauzko moila eta zehazki, moilako izkina, “morrua”.
Abesti bat: Zarauzko Lou-Topet-ek Wilcoren You and I euskaratuta dauka: Zu eta Ni.
Zarautz edo Donostia? Zarautza! (Zarautz)
Gustatu ez zaizun liburu bat... Ez dut gustatzen ez zaidanik, utzi egiten baititut eta ez naiz gai liburu horiek gomendatzeko. Harremanak bezala dira: ez bazaizkit gustatzen utzi egiten ditut; ez nago sufritzeko eta gutxiago gomendatzeko. Pasatu izan zait, baten batek galdetu izana: “Zer iruditzen liburu hau? Kritika onak jaso ditu”. Eta nik erantzun: “Garbi esango dizut, utzi egin diot irakurtzeari”. Eta horrela egin behar dela uste dut, gustatzen ez zaizkigunekin ez jarraitu.
GAROA kultur lab.
Garoa orain dela berrogeita hiru urte inguru sortzen da, amak, Mari Florrek, Zarautzen irekitzen du liburu-denda. Denborak aurrera egin ahala, mantso-mantso eta urte asko lanean jardun ondoren, orain dela lau-bost urte inguru liburu-denda Eneko nire anaia eta nire eskuetara mugitzen da. Eta hor saiatzen gara nolabaiteko planteamendu aldaketa bat egiten baina beti ere jakinda nondik gatozen, zein garen eta sustrai horri eutsi nahian. Beti ere esaten dugu garrantzitsua dela atzera pauso bat egitea, pixka bat erreflexionatu zein zaren, nondik zatoz, zer nahi duzu egin… Jarraian bi pausotxo horiek aurrera egiteko.
Guk geuk funtzionatzen dugu hemen askotan “prueba-error” izaten den formula baten bitartez, alegia, saiatzen gara gauzak egiten eta konturatzen bagara ez dutela funtzionatzen planteamendua aldatu egiten dugu. Beti ere arte diziplina ezberdinak ukitzen ditugu, liburua oinarri edukita eta iruditzen zaigu gainez ere derrigorrezkoa dugula, alegia, erreferentzialtasuna irabazi nahi dugu ekimen ezberdinen bitartez.
Liburu-dendak aipatzen ditudan bezala, beste edozein negozio-eredu izan liteke, gaur egun bukatuta baitago “tienda-mostrador” esaten den kontzeptu hori edo liburu-denda bere osotasunean ulertuta, formulak aldatzen ari dira eta erreferentzialtasuna irabazteko derrigorrezkoa da ahalik eta ekimen gehien egitea eta liburu-dendari beste aire hori ematea, horretan saiatzen gara.
Interesatzen zaizu
Dokuteka
-
Zinea Sortzen
