Molière

Gaurko egunez, 1673. urtean, Molière El enfermo imaginario antzezlana eszenifikatzen ari zen bitartean hil zen. Molière (Jean-Baptiste Poquelin; Paris, 1622 - 1673. Dramaturgoa eta aktorea; frantziarra. Saltzaile-familia aberats eta burges batean jaio zen. 10 urte zituenean galdu zuen ama. Orleans-eko Zuzenbide-fakultatean lizentziatu zen (1642).

1643an, ordurako Molière goitizena hartuta, L’Illustre Théâtre antzerki-taldea sortu zuen Madeleine Béjart-ekin batera. Emakume honek komedia-lanak antzezten zituen, eta taldeko zuzendaria izan zen.  Gero Molière bera izan zen zuzendari. Parisen egonkortzen saiatu zen taldea, baina baliabide-eskasiak porrotera eraman zuen ahalegin hori; 1645ean gaude.

 

Beraz, taldeak 13 urteko ibiliari ekin zion Frantziako hegoaldean zehar. Eta Troupe de Monsieur izena zuela, Parisen zeukan egoitza 1658an. Arrakasta, lehendabizikoz, hurrengo urtean lortu zuen, satira batekin,  Les précieuses ridicules antzezlanarekin.

Molièrek ez zuen tragediarekin arrakastarik izan: Dom Garcie de Navarra antzezpena erabateko porrota izan zen. Bere lehen maisu-lanak Luis XIV.aren begiko bihurtu zuen,  L'École des femmes obrak hain zuzen, 1662an.

 


L'École des femmes

 

Ordurako bazeramatzan hainbat hilabete ezkonduta dramaturgoak.  Bere etsaiek kritikatu egin zuten Armande Béjartekin ezkondu zelako: 20 urte gazteago zuen emaztea.

 

1663: Racine autorearen lanak taularatzen zebilen Molière, eta Versalles Jauregian festibalak antolatzen zituen. Tartuffe obra bost agerraldik osatzen dute, eta urte horretan lehen hirurak taularatu zituen. Molièren etsaiei sakrilegoa iruditu zitzaien antzezlana, lotsagabea, eta izugarrizko eztabaida sortu ondoren, debekatu egin zuten.  Dom Juan ou Le Festin de Pierre lana ere debekatu egin zioten.

 

 

Etsaiek, batez ere Elizak, ez zuen bakean uzten. Hala, erregea zuen makulu nagusi, baina hau oso kapritxosoa zen, ez ordaintzen agindutakoa, eta beraz, taldearen diru-premia larriak eraginda antzezlan asko sortu behar izan zituen, bost 1664an. Bakarra izan zen arrakastatsua:  Le médecin malgré lui.

 

Tartuffe obrak buruko mina ematen segitzen zuen, eta taldeari ere hala moduz eusten zion. Horrek guztiak makaldu egin zuen Molièren osasuna, eta antzezlanak ere gutxiago sortzen hasi zen. Hala ere, garaitsu horretakoak dira bere obrarik onenak: Le Misanthrope, L'Avare edo Le malade imaginaire.

 

 

Azken lan hau laugarrenez antzezten ari zela (1673) minak lehertu beharrean jarri zen agertokian. Etxera eraman zuten, eta hantxe hil zen ordu gutxira. Lur santuan ehorzterik ez zuen nahi Elizak, baina halaxe ehortzi zuten erregearen bitartekaritzari esker. Hori bai, gauez eman zioten lur, apenas hileta-elizkizunik gabe.

 

Commedia dell’arte antzerki-moldea frantziar antzerkiaren modu eta estilora egokitzea, hori izan da Molièren meritua. Berak lortu zuen musikak, dantzak eta testuak bat egitea antzezlanean, eta ia beti alderdi komikoari lehentasuna emanda, bere garaiko hipokresiari ironiarekin erantzunez.  

 


B1
2014-02-14
16265316
64