Kuba, La Habana baino askoz gehiago

Kubara doazen turista askok astebete ematen dute Varaderoko hondartzetan –ezin da ukatu ikusgarriak direla–, eta, ondoren, egun bat hartzen dute La Habana bisitatzeko. Lastima!

(Jarri arreta hizkuntzan: Testu antolatzaileak---Konparaketak)

 

Zeren gainontzean uharteak asko du eskaintzeko. Garraio-sare publikoa nabarmen hobetu da: garai batean baino autobus gehiago dabiltzanez, nahiko erraza da Kuba zeharkatzea. Jakina, badira alokatzeko autoak, apur bat garestiagoak, eta denbora sobera duenak badu beste aukera oso erakargarri bat: Kuba osoa txirrinduz zeharkatzea!

Santa Clarako irudi bat

Has gaitezen Kuba zeharkatzen Santa Claratik. Errepidea hartuta, 3 kilometrora dago La Habanatik. Kubako Iraultzan zeresan handia du Santa Clarak. Izan ere, gerrillari castristek, Ernesto “Che” Guevara gidari, hantxe geldiarazi zuten Fulgencio Batista diktadoreari laguntzera zetorren trena, soldaduz betea. 1958an gertatu zen hori: soldaduak ez ziren iritsi, beraz. Batistak AEBetara ihes egin zuen, eta egun batzuk geroxeago Fidel Castro eta bere laguntzaileak La Habanan sartu ziren, garaile.
Tren horretatik geratzen zena museo bihurtu dute, aire librean. Besteak beste, hori da Santa Clarak erakusteko duen gauzetako bat, baina are ikusgarriagoa da kanpoaldean dagoen Cheren Monumentua. Monumentuaren goialdean estatua handi bat dago: Che borrokan, eta monumentuaren paretetan iraultzaren aldeko aldarrikapenak irakur daitezke. Iraultzaren faseei buruzko azalpenak, berriz, monumentua baino beherago dagoen museoan daude. Museoraino zalgurdiz joan daiteke. Zalgurdiak ohikoak dira Santa Clarako kaleetan. 

Santa Clara hiri oso lasaia da, eta erdian plaza bat dauka musika-kiosko eta guzti. Zer kontsumiturik ia ez dagoenez, familiek paseatzen ematen dute denbora, edo ahuntzek tiratzen dituzten orgatxo batzuetara haurrak igotzen. 1960. urtera itzultzea bezala da hango giroa. 

Lasaitasun hori erabat eteten da larunbatetan. Gaztedia kalera ateratzen da, rona barra-barra dabil… Eta Kuban, nola ez ba!, hainbat taldek Karibeko musika jotzen dute eszenatokietan. Bertakoek nola egiten duten dantza misterioa da kubatar odola ez dugunontzat. Beraientzat, ordea, genetikoa da. Horregatik mugitzen dira horrela, kanpotarrok egin ezin dugun erritmo harmoniko eta  erotikoan.
Santa Claratik Trinidadera beste hiru orduko bidea dago. Trinidad harribitxi bat da. Espainiarren garaiko arkitektura koloniala dago nonahi, harrizko kale aldapatsuekin batera. Herri-erdian plaza dago, eta hantxe daude bai eliza eta baita lorez betetako patioak dituzten jatetxeak ere.


Tren bat bada Trinidadetik azukre-fabrika batera joateko, han ingenio azucarero esaten diotena. Inguruan herrixka bat du, eta garai kolonialeko jauntxoen etxaldea. Ingenioa bera ez da oso interesgarria, baina bai haraino joateko modua: baporezko tren xahar bat, 20 km/h. abiada apenas hartzen duena.


Hurrengo etapa pixka bat luzeagoa da, bost bat ordu Camagüey-ra iristeko. Kuba barnealdeko herri tipikoa Camagüey. Ez dago ikusteko ezer berezirik, baina han ere, Santa Claran bezala, badirudi denbora gelditu egin dela, eta erritmo geldoa du bizimoduak, Gau Camagüeytarra ospatzen dutenean salbu. Orduan kaleak musika-taldez eta salmenta-postuz betetzen dira.
Camagüey abiapuntu egokia da Kuba-ekialdeko cayoetaraino  iristeko, adibidez, Cayo Cocoraino edo hurbil dagoen Cayo Pilar-eraino. Azken hau zen Ernest Hemingway idazlearen gustukoena. Hantxe dira gure zain hondartza luze bakartiak. Jakina, ondoan hotelak dituzte eta jendea izaten da, baina, pittin bat aurrerago bazoaz, zeu bakarrik ibiliko zara paseatzen. Ura urdin gardena da, eta koralez eta koloretako arrainez beteta dago.

 

Santiago de Cubara heltzeko beste zazpi ordu behar dira errepidean. Uhartearen hegoaldean zaude, baina inguru horri –ez dakigu zergatik– bertakoek Ekialdeko eskualdea esaten  diote.  Karibe bete-betea da Santiago, eta La Habanarekin konparatuta handiagoa da beltzen kopurua. Kubako musika-sortzaile handien sehaska da: toki guztietan entzuten da musika. Santeria erlijioa ere oso presente dago Santiagon, katolizismoaren eta esklabo afrikarren erlijioen arteko nahasketa bat da, eta horren apaiz –babalao– ugari daude hirian.


Historia aldetik oso garrantzitsua da Santiago. Arkitekturari dagokionez, bertako Katedrala espainiar koloniako harribitxietako bat da. Edo Del Morro gaztelua, kaiko zaintzaile, eta garai batean hiriaren babesle, ingeles eta holandar piraten erasoaldien aurrean.  Baina, batez ere, Moncada kuartela da aipatzekoa. 1953an eraso egin zioten castrotarrek, Raúlek eta Fidelek: hori izan zen Kubako Iraultzaren lehen urratsa.
Kuba alderik alde zeharkatuta, erraza da ulertzen zergatik esaten dioten Karibeko Perla. 

 

Trinidaden espainiarren kolonien garaiko aztarnak daude nonahi. Cheren monumentua
Iraultzako kartel asko daude Santiagon.


B1
2016-06-07
  • Torquemada , Jesús
16242405
6025