Koldo Mitxelena, hizkuntzalari handia gogoan

1915eko abuztuaren 20an jaio eta 1987ko urriaren 11n hil zen Koldo Mitxelena hizkuntzalaria. Bere biografia laburra duzu irakurgai eta entzungai.

Koldo Mitxelena (1915-1987) Errenterian jaio zen eta kultura handiko gizona izan zen: polifazetikoa, hizkuntzalaria, hiztegigilea eta euskara batuaren bultzatzaile nagusienetako bat. Salamancan, Sorbonan eta Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle izan zen. 

Gaztetan gerra zibilean boluntario aritu zen nazionalen kontra. Preso hartu eta heriotza-zigorra ezarri zioten. Zigorra espetxe-zigor bihurtu zen, ia 6 urte. Kartzelan hasi zen hizkuntzalaritzara zaletzen; ingelesa eta alemana ikasi zituen.

Espetxea betiko utzita, unibertsitate-ikasketetan murgildu zen, baina gerra-ostean lan egonkorra lortzea oso zaila zen galtzaileen bandoko preso batentzat. Juan Ajuriagerra politikariak lana eskaini zion, baina Mitxelenak bezala pentsatzen ez zutenek ere lagundu zioten lana aurkitzen, adibidez, Manuel Agud-ek, edo Antonio Tovar falangista ohiak.

1951n lizentziatu zen Filologia klasikoan eta 1952an euskaltzain oso izendatu zuten. Garaitsu hartan Egan aldizkarian hasi zen lanean: orduko euskal idazle askok idazten zuten bertan. Mitxelenaren gidaritzapean euskara hutsean argitaratzen hasi ziren, 1954an. Doktoretza 1959an lortu zuen. Tovarrek eta beste irakasle batzuek Manuel de Larramendi katedra sortu zuten Salamancako Unibertsitatean eta Mitxelenak bertan irakats zezan sustatu zuten. 1960an Historia de la Literatura Vasca argitaratu zuen.

1968an Euskaltzaindiak euskara baturako oinarri-txostena egiteko eskatu zion. Ez zen erraza izan. Ahozko eta idatzizko ondarea bateratzeko ahaleginak handiak izan ziren Arantzazuko Biltzarrean. Mitxelenaren lan-lerroa hobetsi zen.


1984an, Mitxelenaren zuzendaritzapean, behin-betiko abiada eman zitzaion Orotariko Euskal Hiztegiari. Baina, 1987an, lehen liburukia argitaratu aurretik hil zen Mitxelena.

Bere lanak hobeto ezagutu nahi duenak liburu aproposa du Mitxelenaren Idazlan Hautatuak liburua, Patxi Altunarena.   

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Bultzatzaile. Sustatzailea. Impulsor/a, promotor/a.
Euskaltzain oso. Euskaltzaindiko batzarretan parte hartzeko eta botoa emateko eskubidea duena. Miembro de número de la Academia de la Lengua Vasca.
Euskara hutsean. Euskaraz soilik. Solo en euskera.
Heriotza-zigorra ezarri. Hiltzera kondenatzen duen epaia. Imputar la pena de muerte.
Hizkuntzalari. Linguista.
Hobetsi.- Hobetzat hartu. Preferir.
Idazlan hautatuak. Aukeratutako idazlanak. Obras seleccionadas.
Lan egonkorra. Lan finkoa. Trabajo fijo.
Oinarri-txostena. Oinarrien informea. Informe de los principios.
 


Jaitsi
Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Koldo Mitxelena, hizkuntzalari handia gogoan
Koldo Mitxelena (1915-1987) Errenterian jaio zen eta kultura handiko gizona izan zen: polifazetikoa, hizkuntzalaria, hiztegigilea eta euskara batuaren bultzatzaile nagusienetako bat. Salamancan, Sorbonan eta EHUn irakasle izan zen. 
Gaztetan gerra zibilean boluntario aritu zen nazionalen kontra. Preso hartu eta heriotza-zigorra ezarri zioten. Zigorra espetxe-zigor bihurtu zen, ia 6 urte. Kartzelan hasi zen hizkuntzalaritzara zaletzen; ingelesa eta alemana ikasi zituen.
Espetxea betiko utzita, unibertsitate-ikasketetan murgildu zen, baina gerra-ostean lan egonkorra lortzea oso zaila zen galtzaileen bandoko preso batentzat. Juan Ajuriagerra politikariak lana eskaini zion, baina Mitxelenak bezala pentsatzen ez zutenek ere lagundu zioten lana aurkitzen, adibidez, Manuel Agud-ek, edo Antonio Tovar falangista ohiak.
1951n lizentziatu zen Filologia klasikoan eta 1952an euskaltzain oso izendatu zuten. Garaitsu hartan Egan aldizkarian hasi zen lanean: orduko euskal idazle askok idazten zuten bertan. Mitxelenaren gidaritzapean euskara hutsean argitaratzen hasi ziren, 1954an. Doktoretza 1959an lortu zuen. Tovarrek eta beste irakasle batzuek Manuel de Larramendi katedra sortu zuten Salamancako Unibertsitatean eta Mitxelenak bertan irakats zezan sustatu zuten. 1960an Historia de la Literatura Vasca argitaratu zuen.
1968an Euskaltzaindiak euskara baturako oinarri-txostena egiteko eskatu zion. Ez zen erraza izan. Ahozko eta idatzizko ondarea bateratzeko ahaleginak handiak izan ziren Arantzazuko Biltzarrean. Mitxelenaren lan-lerroa hobetsi zen.
1984an, Mitxelenaren zuzendaritzapean, behin-betiko abiada eman zitzaion Orotariko Euskal Hiztegiari. Baina, 1987an, lehen liburukia argitaratu aurretik hil zen Mitxelena.
Bere lanak hobeto ezagutu nahi duenak liburu aproposa du Mitxelenaren Idazlan Hautatuak liburua, Patxi Altunarena.   

B2
2014-10-31
16236771
02:44
200