Aldizkari Digitala
Bizi daiteke Berlinen 6,4 metro koadroko etxe batean?
Van Bo Le-Mentzel arkitektoak gizartea aldatu nahi du bere mikroetxeekin. Proiektu bat dauka Alemaniako hiriburuan gauzatzeko.
6,4 metro koadroko etxe batean sar al daitezke sukaldea, komuna, ohea eta laneko mahai bat? Bizi al daiteke horrelako etxe batean? Van Bo Le-Mentzel arkitektoak baietz uste du. Jatorri laosiarreko aleman honek neurri hori nahikoa dela pertsona batentzat uste du, eta baita 13 metrokoa bikote batentzat edo 25ekoa lau laguneko familia batentzat.
Tiny House University taldeko arkitekto honek, hori horrela dela erakusteko, 6,4 metroko etxe bat eraiki du material birziklatua erabilita, eta erakusgai jarri du zenbait astetan Berlineko kanal baten ondoan. Ideiak prentsa erakarri zuen, eta agintariek alokairuen mundua eraberritzeko bidea izan daitekeela ikusi dute. Izan ere, Le-Mentzelek uste du bere etxea hileko 100 euroan alokatu daitekeela, berogailua, elektrizitatea eta Internet barne.
Arkitektoak, inbertitzaile baten laguntzarekin, 200 etxeko auzo bat eraiki nahi du. Dagoeneko lursail baten bila ari dira, Berlinen bertan, eta 2019rako proiektuarekin hastea espero dute. Hasieran etxeak aipatutako neurrikoak izango dira, baina maizterrek, nahi badute, zabaldu ahal izango dituzte geroago.
Etxe txikien moda AEBn sortu zen, eta gero eta zabalduagoa dago Europan. Le-Mentzelek erakusketa iraunkor bat dauka orain Bauhaus museoan, eta bertan, modelo berriak erakutsi eta klaseak emateaz gain, elkarbizitzako modu berriak bilatzen ditu.
Laguntza politikorik gabe
Dioenez, “interes handia dago etxe-mota honetan, baina politikariek ez dute espero bezala erantzun”. Hala ere, Van Bo Le-Mentzel ez dago horrekin kezkatuta. Ziur dago bere ideiak arrakasta izango duela, batez ere, gazteen artean, horiek ez baitaukate beldurrik bizitzeko eredu berriak hartzeko.
“Gure erakusketa bisitatzen duen jendeak oso ondo baloratzen du gure ideia, eredu berri bat eskaintzen dugulako”, dio arkitektoak, eta dagoeneko badauka jendea alokairuan interesatuta. Etxeen prezioa 30.000-50.000 eurokoa da, baina alemaniarrak beste ideia bat dauka: “Ez ditugu gure etxeak saldu nahi; gizartea aldatu nahi dugu”.
6,4 metroko etxe batean bizitzea erronka bat da, eta bere miniauzoak arrakasta baldin badauka, gauza asko aldatu daitezke hiri handietan.
