Zein sare sozial erabiltzen duzu?
Nork ez du Whatsapp bidez mezurik bidaltzen? Eta nork ez du Facebooken argazkirik partekatzen? Eta Instagramen argazki bat zintzilikatzea, ez al dugu askok egiten? Gaur egun, askok erabiltzen ditugu sare sozialak, baina, sinesgaitza iruditzen bazaigu ere, ez dira beti hor egon. Noiz sortu ziren?
1995. urtearen inguruan, hainbat sare sozial asmatu zituzten. Horien helburua pertsonen arteko harreman digitalak sustatzea zen. Hala ere, garai hartako sarerik famatuena 1999. urtean iritsi zen: Microsoft Messenger. Berehalako mezularitza ahalbidetzen zuen, eta jende-multzo handi batek erabili zuen urte askoan. Ordutik asko eta asko asmatu dituzte, baina inork ez du lortu 2004. urtean sortu zen Facebookek adinako jarraitzaile-kopururik. Hasiera batean, Harvard unibertsitateko ikasleen arteko harremana bultzatzeko jarri zuten martxan, baina sortzaileak berehala konturatu ziren ibilbide luze eta aberatsa izango zuela aurretik.
Business Insider eta Statista enpresek emandako datuen arabera, 2014 eta 2016. urteen artean, mezularitza-tresnak gero eta indartsuagoak izan dira. Hazkunderik handiena Whatsappek eta Messengerrek izan dute. Ikerketa estatistiko horretan, Facebook da sare sozial nagusia, azken bi urteetan erabiltzaile gehien bereganatzea lortu duelako. Bere atzetik Instagram, Snapchat eta Twitter. Azken hau iparra aurkitu ezinik dabil: eragin mediatiko handia badu ere, kostatzen ari zaio erabiltzaile berriak lortzea.
"Azkue Fundazioaren lanaren zati handiena sarean zabaltzen da”, argitu digu teknikariak.
Sareen egungo egoerari buruz hitz egiteko, Amaia Ocerinekin elkartu gara Bilboko Euskararen Etxean. Bera, Azkue Fundazioko Marketing eta Social Media managerra izateaz gain, Komunikazio-arloko teknikaria ere bada. Internet soziala erabiliz, proiektu berriak sortzea gustatzen zaio. Berak sareetan murgilduta igarotzen du laneguna.
ADINAREN ARABERAKO LEHENTASUNAK
Aipatu ditugun sare sozial horietatik askok 500 milioi jarraitzaile baino gehiago dituzte, baina nola sailkatzen da adin-tartea? “Facebook sarea Snapchat edo Instagram baino helduagoek erabiltzen dute. Hala ere, Instagram azken bi urteetan heldutasun-maila batera heldu da, eta horrek adin tartea zabaltzea eragin du”, azaldu digu Amaiak.
Gaur egungo nerabeak natibo digitalak dira. Hau da, jaio direnetik teknologia berriak izan dituzte bizikide. “Horrek gauza bakarra esan nahi du: teknologiari ez diotela beldurrik, berarekin batera hazi direlako eta erabiltzeko ohitura dutelako. Hala ere, garrantzitsuena gai honetan ondo heztea da; behin eta berriz errepikatu behar dugu hori”. Badakite sare sozialak erabiltzen, baina ezjakintasuna dute oinarrizko balore batzuen inguruan: “Beraien identitate digitala, pribatutasuna, sexting-a, ciberbullyng-a… Horren inguruan hitz egin behar dugu beraiekin. Heziketa hori bideratu behar dugu, gazteek eta euren familiek ikasi behar dute-eta”.
"Sare sozialak ez dira moda, gure eguneroko bizitzaren parte dira”, azaldu digu Ocerinek.
Helduen kasua, berriz, alderantzizkoa da: haientzat askotan teknologia arrotza da. “Gure eguneroko bizitzan aparteko osagai bat bezala sartu da; beraz, ezjakintasun teknologikoa izan dezakegu”, kontatu digu.
MENDEKOTASUNA
Autobusaren zain gaudenean, Facebookeko gure profila begiratzea; zerbait hartzen egon, argazkia egin eta Instagramen zintzilikatzea; telefono mugikorrarekin kalean, oinez, Whatsapp edo Messenger bidez hitz egitea… Horietako egoeraren batekin identifikatuta sentitzen zara? Hala bada, agian, mendekotasuna duzu edo sare sozialetara ‘engantxatuta’ zaude. “Ez dira gazteak bakarrik, erretiroa hartu duten askok ere egunero erabiltzen baitituzte. Lehen aipatu dudan heziketa denok jaso behar dugu”.
“Urte hauetan guztietan, sare sozial asko desagertu dira”, kontatu digu bilbotarrak.
Azken batean, pertsonak gara, eta aurrez aurreko harremanak behar ditugu, batak ezin baitu bestea ordezkatu. Zygmunt Bauman soziologo eta filosofo poloniarrak honako hau dio: “Teknologia berriek ezin dute gure bakardadea amaitu”. Arrazoi duela uste duzu? Sare sozialen arrakastaren gakoa bakardadea al da? Gure harremanak sare sozialetara mugatzea zer iruditzen zaizu? Eta zuk, zein sare sozial erabiltzen duzu?
1. Noiz sortu zen lehenengo sare soziala eta zein zen helburua?
Lehenengo sare sozialak 1995. urte inguru horretan sortu ziren, eta batez ere bideratuta zeuden pertsonen arteko erlazioak, erlazio digitalak sustatzeko: bai kontaktua izateko antzinako ikaskideekin, bai norberak bere eguneroko bizitzari buruzko mezuak eta abar botatzeko… Eta sare sozial horietatik, sortu zen 1999an Microsoft Messenger, hain famatua izan zen berehalako mezularitzako aplikazio hori, eta hainbat urtetan hain erabilia izan zena. Eta Facebook, adibidez, 2004an sortu zen, hasierako sare sozial horien helburu berdintsuarekin. Hasiera batean, Harvardeko ikasleen arteko erlazioa bultzatzeko plataforma bezala sortu zen, baina sortzaileek berehala ikusi zuten bazeukala ibilbide luzeagoa edo askoz aberatsagoa egiterik.
2. Zein izan da sare sozialen bilakaera?
Urte guzti hauetan (hauetan guztietan), sare sozial asko desagertu dira; hasierako horiek eta erlazioak bultzatzen zituzten horiek, ia denak desagertu dira. Facebook agertu zenean, oso gogor ekin zuelako eta berehala lortu zuelako arrakasta handia, eta orduan, besteak geratu ziren atzeraka, atzeraka, atzeraka. Adibidez, HiFive deitzen den bat, gaur egun badabil ere, baina lehenengotarikoa izan zen, Facebook baino askoz arinago sortu zen. Baina, gero, erabiltzaile aldetik beherakada eman zuen. Mantentzen dira batzuk: adibidez, Flicker ere urte horietakoa da, eta argazkiak partekatzeko eta abar, eta hori mantentzen da. Baina esan genezake Facebookek besteak arrapalada batean gainditu zituela eta orduan nagusitu zen alor horretan. Eta orduan, bidean asko geratu dira.
3. Sare sozialek mendekotasuna sortzen dute?
Bai, badaukagu maila batean mendekotasuna, adin tarte desberdinetan. Adibidez, askotan aipatzen da nerabeen mendekotasun hori, baina ezin dugu ahaztu heldu eta heldu-nagusiek, erretiro adin horren ingurukoek, mendekotasuna ere adierazten ari direla. Ikasi dute askok sare sozialak erabiltzen eta batzuentzat bilakatu da erlazioak egiteko baliabide bezala, deskubritu berri izan dutena, eta badago mendekotasun kutsu hori. Oso beharrezkoa iruditzen zaigu aipatu beharra ardura edo heziketa behar dugula sare sozialen inguruan, adin guztietan. Ez bakarrik nerabe eta gazteei begira, helduei begira baita ere. Ezin dugu ahaztu sare sozialak hor ditugula, balio, onurak badituztela, eta balio batzuk erantsita doazela, eta erlazioak egiteko eta gure eguneroko erlazioak izateko eta jende berria ezagutzeko, eta informazioa lortzeko baliabide oso egokiak direla, baina pertsonak garela, eta aurrez aurreko erlazioak ere behar ditugula. Batak ez du bestea ordezkatzen, ezta gutxiago ere. Orduan, hori asko azpimarratu behar dugu eta gainera, gure lanaren zati bat hori da ere. Horren inguruko, teknologiaren erabilpenaren inguruko heziketa egokia ematea eta balore egokiak transmititzea.