detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Mendi-lasterketak

Mendi-lasterketaren batean parte hartu duzu? Zer iruditzen zaizkizu? Zergatik moda hori?

Mont Blanceko ultratrailak 170 kilometro ditu, eta berak munduko marka jarri zuen; Kilimanjarora (5.900 metro) igotzen azkarrena izan da; mendiko eskiatzaile eta mendi-korrikalari arituz, bietan munduko txapelduna izatea lortu du; eta, bukatzeko, duela hilabete Everest igo du bi aldiz astebetean.  Nor da? Kilian Jornet. Berak errekor guztiak hautsi ditu kirol hauetan, eta kirolari askorentzat idolo bat da, euren inspirazioa, baina, aldi berean, jende askok bizitza arriskuan jartzen duela uste du, astakeria dela egiten duena. Zuk zer uste duzu?

Euskal Herrian mendi-lasterketek indar handia dute; lauzpabost antolatzen dira astebururo. Gainera, korrikalariak itxaron zerrendan geratzen dira askotan, guztientzat lekurik ez dagoelako. Korri egingo dutenak bakarrik ez, zaleak ere mendira joaten dira, txalo eta oihu artean kirolariak animatzera.

Jornet profesionala da, hori da bere lanbidea. Baina gehienek ez dute zorte hori; lana kirolarekin uztartzen dute, eta, gainera, entrenatzen ordu asko ematen dituzte. Hassan Ait Chaou (Todra, Maroko, 1977) horietako bat da. Izan ere, zortzi orduz egiten du lan, ia egunero entrenatzen du eta asteburuetan mendi lasterketetan hartzen du parte. Duela bost urte Euskadiko selekzioan hasi zenetik, Munduko Kopako lasterketetan lehiatzen da; 46 kilometroko mendi-ibilbideetan. “Ez da erraza lana eta entrenamenduak uztartzea. Lasai hartzen saiatzen naiz”, aitortu digu Ait Chaouk. Maitasunagatik etorri zen Euskal Herrira, Villabonara (Gipuzkoa) hain zuzen ere. Bertan elkartu gara berarekin, eguneko entrenamenduaren aurretik.

EGUNEROKOA
Mendi-lasterketetan, oso gutxik korri egiten dute modu profesionalean: “Euskal selekzioan 15 bat gara, neskak eta mutilak, baina bakoitzak, hortik kanpo, bere lana dauka”. Hala ere, gero eta korrikalari gehiagorentzat lanbide bilakatu da. Munduko Kopan, adibidez, 400 bat kirolari daude; horietatik 15 edo 20 dira profesionalak. “Nire ustez, oso zaila da. Ez dago dirurik, hau ez da futbola. Gainera, nik ez dut kirol hau profesionala izaterik nahi. Zergatik? Hemengo lasterketek asko galduko dutelako: xarma, herri-giroa, lagun artean korri egitea…”. Hala ere, Hassanek badaki gero eta arrakasta handiagoa duela kirol honek, eta bi aldeak ikusten ditu: “Olinpiadetara iritsiko da, eta kirol profesionala izatera ere bai”.

Berbere-jatorriko korrikalariak txandaka egiten du lan lantegi batean, gauez edo goizez: “Nik lasai hartzen dut. Egia da Euskadiko selekzioko entrenatzaileak, Jokin Lizeagak, aste osorako entrenamendua prestatzen digula. Baina nik lana eta familia ditut, beraiek dira nire lehentasuna”.

Hassanek bere egutegia zein izaten den kontatu digu: “Astelehenetan, ordubetez bizikleta; astearteetan, atsedena; asteazkenetan, ordubete inguru lasterka eta serie laburrak; ostegunetan, ordu eta erdi inguruko korrika saioa; ostiraletan, atsedena; larunbatetan, ordubete inguru eta erritmo aldaketak; eta, igandeetan, mendi lasterketaren batean hartzen dut parte. Nik gustatzen zaidalako egiten dut; beraz, gozatzea eta ondo pasatzea dira nire helburua”.

LASTERKETAK
Mendi-lasterketak Italian hasi ziren, Alpeetan. Munduko Kopa dela eta, Hassan askotan joaten da bertara. “Euskaldunok asko sufritzen dugu Italian edo Suitzan. Izan ere, 3.000 metrotik gora ibiltzen gara eta Euskal Herrian, berriz, 600-800 metrotan entrenatzen dugu. Beraz, arnasa hartzea asko kostatzen zaigu. Niretzat Zermatteko eta Livignoko lasterketak, adibidez, oso gogorrak dira”, adierazi digu.

Euskal Herrian ere baditugu lasterketa famatuak Ezagunenak Zegama-Aizkorri eta Ehunmilak Ultratraila dira. Azken horrek 168 kilometro ditu. “Oraingoz ez dut egitea pentsatu; baina badakit korrikalari asko egoera horretan egon direla eta azkenean egitea erabakitzen dutela”.

Eta zuk, horrelako lasterketa luze batean parte hartuko zenuke? Astakeria dela uste duzu? Kirol profesionala izatea gustatuko litzaizuke? Posible dela uste duzu? Zergatik?


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

1.    Zergatik egiten dituzu mendiko lasterketak?
Hasieran asfaltoan ibiltzen nintzen, eta asko ibili naiz mendian: baina ibili, oinez, Marruecosen (Marokon), eta gainera, Marruecosen, zona (zonalde) menditsuan jaio nintzen, Atlasen eta beti mendiaren inguruan ibili naiz. Eta hemen, etorri Euskal Herrira eta beti mendian, igandeetan edo horrela mendi buelta bat, eta bueno ba… Gero ia korrika gustura ibiltzen nintzen asfaltoan, eta jada probatu nuen Amasa-Loatzo lasterketa eta oso gustura. Orduan ia, korrika gustatzen zait eta mendia ere bai. Orduan, lortu dut biak batera lotzea.

2.    Nola uztartzen duzu lana mendiko lasterketekin?
Zaila da batzuetan konpajinatzea, baina egia esan nik lasai hartzen dut. Ez naiz horrela presionatzen. Entrenamenduak ere badauzkat entrenamenduak. Badakit horretan (horretaz) ez naiz bizi eta horretan (horretaz) ez naiz biziko. Eta orduan, aurrena da lana eta familia, eta gero, denbora baldin badaukat, joaten naiz entrenatzera; bai horrela, serio-serio hartu gabe. Azken finean, hau egiten dut gustatzen zaidalako, eta orduan, disfrutatzera eta ondo pasatzera.

3.    Irabazitako lasterketen artean, zein da zure kuttuna?
Emaitza handiena Munduko Kopan, Estatu Batuetan, irabazi dudan lehengo urtean lasterketa. (Emaitza handiena Munduko Kopan, Estatu Batuetan, lehengo urtean irabazi nuen lasterketa).

4.    Euskal Herrian mendi-lasterketak gustatzen zaizkigu?
Munduan ez dago horrelako afiziorik (zaleturik), hemen bezala. Bai, bai, Euskal Herrian da pasada bat, ikustea astebururo badaude lau edo bost lasterketa, eta gainera denak beteta. Gainera nola animatzen duen jendeak eskertzen da. Hemen edozein lasterketan (lasterketatan), Zegaman edo edozein lasterketan (lasterketatan),  hemen inguruan jendeak animatzen du asko, bai, eta Munduko Kopan hori ez dago. Ez dago, ikusten dugu hori falta. Joaten zara beste toki batera, Italian edo Suitzan, eta ez dago hori. Jendea joaten da mendira, baina ez dute animatzen hainbeste, horrela, hemen bezala.

5.    Ehunmilak mendi-lasterketak 168km ditu. Parte hartzea pentsatu duzu?
Momentuz ez, nik momentuz ez dut pentsatzen, baina badakit, askok esaten dute ezetz eta gero jada pasatzen dira horra. Azkenean ez dakit zergatik, baina igual nahi dugu gure gorputza, ez? Limiteak  a ver (ea) non dauden…

detalle2

Dokuteka

B2
2017-06-23

x61pRelaContWAR

  • Malutafilms
16174598
00:03:25

x61pViewCountWAR

1771

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR