detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Mahai-jolasak vs bideo-jokoak

Berdin da zer nahiago duzun; biak egiteko aukera daukazu Bilboko Azkuna Zentroak sortu duen JokuPlay espazioan.

Partxisa, dominoa, kartak, hitz gurutzatuak, Monopolya… Mahai-jolas hauek denok ezagutzen ditugu eta, ziurrenik, noizbait jolastu ere egin gara. Haurrek edo helduok, guztiok elkarrekin ibil gaitezke eta, urteetan zehar, hainbat belaunaldik erabili dituzte aisialdian entretenitzeko.

Mario Bros: 193 milioi kopia, Pokemon: 155 milioi kopia, The Sims: 100 milioi kopia, Final Fantasy: 68 milioi kopia, eta Sonic The Hedgehog: 64 milioi kopia. Horiek izan dira historiako bideo-jokorik salduenak. Ezagutzen dituzu? Bideo-jokoetan ikus-entzunezko gailuen bidez jokatzen dugu eta mundu birtual batean murgiltzen gara. Mahai-jolasek baino historia laburragoa dute, baina guztiz arrakastatsua. Gaur egun, bideo-jokoen industria boteretsua da.

Mahai-jolasak, bideo-jokoak. Bideo-jokoak, mahai-jolasak. Bata eta bestea edo biak batera, bakoitzaren gustuak tarteko. Bien bat egitetik sortu du Bilboko Azkuna Zentroak JokuPlay. 14 urtetik gorakoentzat da espazio hau eta, bertan, mahai-jolasak edo bideo-jokoak aurkituko dituzte. Gainera, hainbat aukera eskaintzen dituzte: etxera maileguan eramatea, bertan jokatzea, antolatutako lantegietan parte hartzea… Gu Alasne Martinekin (Bilbo, 1963) elkartu gara. Bera Azkuna Zentroko Mediateka BBKren arduraduna da, eta JokuPlay guneari buruz galdetu diogu.

JOKOAK, ADIN KONTUA?
Mahai-jolasak helduentzat direla pentsatzen dugu eta, bideo-jokoak, berriz, gazteentzat. “Gaur egungo haurrak ‘natibo digitalak’ dira. Gero eta lehenago hartzen dituzte tabletak edo mugikorrak. Intuizioz erabiltzen dituzte”, kontatu digu Alasnek. Aldi berean, 60 urte baino gehiagokoek ez dute teknologia berriekin aritzeko ohiturarik. “Oraingoz ez da horrelakorik gertatzen, baina etorkizunean… Nork daki”, esan digu. Gainera, alzehimerra bezalako gaixotasunei aurre egiteko, hainbat joko daude merkatuan.

Beraz, orokorrean, jokoak oso garrantzitsuak direla azpimarratu du Alasnek: “Gauza asko erakusten dizkigute, eta lagungarriak izan daitezke. Ez dut uste adin kontua denik”. Hala ere, berak mahai-jolasak nahiago dituela aitortu digu eta, bere semeak, berriz, bideo-jokoak.

INDUSTRIA BOTERETSUA
Bideo-jokoen historia laburra da: 1980. urtearen inguruan hasi ziren gizartean zabaltzen, eta teknologia berriei lotutakoa garapena izan dute. “Industria honek hainbat milioi mugitzen ditu, eta etengabeko garapenean dago. Horrek mahai jolasen garapenean ere eragin du, azken urteetan guztiz aldatu baitira”, azaldu digu Azkuna Zentroko Mediateka BBKren arduradunak. Horrez gain, hainbat mahai-jolas bideo-joko izatera ere heldu dira.

Gamer lanbidea ere kontzeptu berritzailea da: “Bideo-jokoen akatsak topatzen dituzte, eta, jokatzea erraza den edo ez definitzen dute. Enpresa batzuek langileen artean izaten dituzte gamerrak, eta beste batzuek freelance bezala kontratatzen dituzte”. Mahai-jolasek euren historia luzean zehar ez dute horrelako lanposturik sortu, “errazagoak direlako eta teknologia berriak erabiltzen ez dituztelako”, kontatu digu Alasnek. 

JOKUPLAY
Jokuplay Bilboko Azkuna Zentroak ireki duen espazio informala eta atsegina da. Bertan, mahai-jolasen eta bideo-jokoen aukera zabala aurkituko dugu. “Aspaldian ireki nahi genuen espazio hau. Izan ere, Azkuna Zentroan AzPlay bideo-jokoen jaialdia antolatzen dugu, eta bertako jokoak urte osoan eskuragarri egotea nahi genuen. Gainera, jendearen artean interakzioa sortu nahi genuen, bertaratutakoei gozatzeko eta ikasteko leku bat eman”.

Mahai-jolasak kolektiboak direla eta bideo-jokoak indibidualak direla esaten da. “Nik uste dut biak direla posible: bakarrik edo taldean jokatzea. Horretarako ere sortu dugu gune hau, jendeari partekatzeko aukera eskaintzeko”, adierazi digu. Horrez gain, jokoak alokatzeko aukera eskaintzen dute, eta, urtean zehar, hainbat lantegi antolatzen dituzte.

Eta zuk, bideo-jokoak edo mahai-jolasak dituzu nahiago? Zergatik? Adinak zerikusia duela uste duzu? Batzuk taldean entretenitzeko dira eta besteak bakarrik jokatzeko? Zergatik? Bideo-jokoetan jolasteko teknologian aditua izatea beharrezkoa da, zure ustez?
 


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

1.    Bideo jokoak edo mahai jolasak?
Jolasak oso inportanteak dira, eta oso inportanteak dira ikasteko. Eta hainbeste, hainbat ikerketa daude non agertzen da (den) zein garrantzitsua den jakiteko, eta, adibidez, erabakiak hartzeko unean, edo enpatia eta elkarrekin egoteko unean… Orduan, jolasak dira tresnak, oso inportanteak. Orduan, erabakitzekotan, adibidez, nire semea oso amorratua da, bideo jokozale amorratua da, eta ni, berriz, beste era bateko… eta beste adin batekoa naizenez, jolasten dut mahai jolasekin.

2.    Gazteek bideo jokoak eta helduek mahai jolasak, horrela da?
Ez dut uste kontua adina izan behar denik. Tarte bat dago, zeren 60 edo 60 eta… gorakoek, ba normalean ez dute, orain arte behintzat, ez dute erabiltzen teknologia-tresnak (tresnarik) baina, bai egia dela, azkenean, gizartearen barruan gaude eta gizartea(k), ba nolabait, bultzatzen dizu (zaitu) aurrera eramateko eta bueno, eta hori, gauzak ulertzeko, erabiltzeko, tresnak erabiltzeko.

3.    Bideo jokoen ludopata izan zaitezke. Eta mahai-jolasena?
Hartu behar dugu (ditugu) gauzak bere neurrian. Arazoren bat baldin badago, saiatu konpontzen lehenbailehen. Nik uste dut denetarik egin behar dugu(la): bai paseatu, bai irakurri, bai jolastu, bai lagunekin egon… Guzti hori egin behar dugu, eta desoreka bat baldin badator, ba saiatu konpontzen. Kartakin (kartetan) ibili zara nagusiekin, edo Monopoly(an) jolasten egon zara zure lagunekin… baina beste pertsonekin egoten zara, eta, bueno, jolasten duzu, eta pasatzen da denbora… Baina zer gertatzen da? Azkenean, gero eta indibidualagoak gara, eta gero eta gure munduan gero eta sartuago gaude. Orduan, hori be (ere) bai saiatu behar gara (dugu) sozializatzeko uneak be (ere) bai lantzen eta gordetzen. Eta alde horretatik be (ere) bai, geuk zabaldu dugu espazio hau, horrelako helburua kontuan hartuz be (ere) bai: nolabait badago hemen toki bat jolasteko, baina sozializatzeko be (ere) bai, zure lagunekin egoteko be (ere) bai. Eta jakiteko zein den, zeintzuk diren zure eskubideak eta zeintzuk diren besteen eskubideak be (ere) bai.

detalle2

Dokuteka

B2
2017-05-12

x61pRelaContWAR

16173890

x61pViewCountWAR

6482

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR