Momentuaz gozatu edo argazkiak egin?

Zuk zer egiten duzu leku paradisiako batera iristen zarenean, aukera aprobetxatu eta momentua bizi edo hori betiko gogoraraziko dizun argazkia atera?

Oporretara joaten garenean, askotan, garrantzitsuena bueltan ekarritako argazkiak erakustea izaten da, eta ez bertan bizitakoa edo sentitutakoa kontatzea. Iguazuko ur-jauzia, New Yorkeko etxe-orratzak, Veneziako San Markos plaza, Vietnameko janari-merkatua, Serengetiko lehoia… Leku horietan gaudenean, ez al dugu askotan momentua galtzen argazkia egiteko?

Urtetik urtera kamerak gero eta eskuragarrigoak bihurtu dira guretzat, nahi adina argazki ateratzen ditugu eta, gainera, kalitatea hobetu egin da. Horrez gain, denok dugu mugikorra gure poltsikoan, eta horrekin ere argazkiak atera ditzakegu, baita tabletarekin ere. Teknologia berriei esker, goitik behera aldatu da alor hau.

Noiznahi egiten dugu klik, eta edozein izan daiteke arrazoia: autobusa berandu datorrela, klik, argazkia; gazta-tarta goxo bat bazkaldu dudala, klik, argazkia; pisu bat salgai dagoela, klik, argazkia; oina putzuan sartu eta blai egin naizela, klik, argazkia. Lehen baino gehiago egiten ditugu, bai, baina lehen baino gutxiago inprimatzen ditugu. Edo ateratako argazki horietatik, mobilean dituzun giga guztietatik, paperean zenbat dituzu?

“Argazkizalea naiz, argazki asko egiten ditut”, kontatu digu Marian Mangasek. Azpeitiko San Martin adinekoen egoitzako psikologoa da, eta, bere ustez, “orokorrean, guztiok saiatzen gara argazki on bat ateratzen”. Ibai Lasarte informatikaria da eta teknologia berriekin egiten du lan. “Bidaietan ateratzen dut argazki gehien, baina egunerokotasunean ere bai”, aitortu digu.

Galdera bera egin diegu biei: “Momentuaz gozatzen dugula uste duzu edo argazki on bat atera nahi izaten dugu?”, baina erantzunak oso desberdinak izan dira. Marianen ustez, argazkia axola zaigu, eta ez dugu uneaz gozatzen. “Aspaldiko momentu bat gogoratzen saiatzen bagara, ez gara gai, eta, horretarako, argazkiari begiratu behar izaten diogu. Beraz, momentuan burua beste nonbait eduki genuen”, azaldu digu.

Lasartek, ordea, argi du: “Beti gozatzen dugu, baina argazki batekin betikotu nahi izaten dugu bizitakoa. Argazkian ez dira sentimenduak eta bizipenak islatzen, eta, horregatik, egiten ari garena gozatu behar dugu”.

‘Selfie’ bat egingo dugu?

Modan dago ‘selfie’ hitza. Mobilarekin edo kamerarekin egindako autoerretratu bat da, eta, gaur egun, horretarako makil bat ere asmatu dute, norberak bere buruari klik egitea errazteko. Mangasek ez du mota honetako argazkiak ateratzeko ohiturarik, baina Ibaik bai. “Normalean, bakarrik bidaiatzen dudanean ateratzen ditut, edo sare sozialetarako ere bai”.

 

Batzuetan selfia egitea arriskugarria izan daiteke

Baina geure buruari erretratu bat egitea arriskutsua izan daiteke. Carnegie Mellon unibertsitate estatubatuarrak eta New Delhiko Indaprasth institutuak ikertu egin dute horren inguruan. Horien arabera, azken urteetan, Indian, 76 pertsona hil dira horrelako argazki bat ateratzen ari zirela. 2015ean, handiagoa izan da arrazoi honengatik hildako lagunen kopurua, mundu guztian marrazoek eragindako heriotza-kopurua baino. Selfieak egiteko arrazoi nagusia zein den ere argitu du ikerketa honek: sare sozialetan ahalik eta “atsegin dut” gehien eskuratu nahi dituzte. Horregatik arriskatzen dute euren burua, ahalik eta argazkirik ikusgarriena ateratzeko asmoz, baina, hala ere, ez dakite zergatik dagoen hildakoen kopururik handiena Indian. Herrialdearen iparraldean, adibidez, hiru ikasle hil ziren tren batek harrapatuta trenbidean argazki bat ateratzen ari ziren bitartean, eta beste ikasle bat, berriz, harkaitz baten gainean zegoen, harria amildegi batetik behera jausi zenean.

Zerrenda horretan India dago lehenengo postuan, bai, baina jarraian Pakistan dago, bederatzi heriotzarekin, Estatu Batuak zortzirekin, eta Errusia, seirekin. Beraz, hurrengoan Taj Mahalera edo Plaza Gorrira joatean, kontuz selfie bat ateratzerakoan, arriskutsua izan daiteke-eta. Edo zuk ez dituzu autoerretratuak atsegin? Bestelako argazki asko ateratzen dituzu? Zure ustez, momentuaz gozatzen dugu edo argazkiak egin nahi izaten ditugu? Zer uste duzu, lehen ere horrela izaten zela?
 


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

1.    Argazki asko ateratzen dituzu?
Marian Mangas: Ba egia da asko ateratzen ditudala, asko, asko, bai, argazkizalea naiz.
Ibai Lasarte: Bai, batzuetan ateratzen ditut, normalean, bidaian baina egunerokotasunean ere bai argazkiak ateratzen dira.

2.    Momentuaz gozatzen dugu edo argazki on bat atera nahi izaten dugu?
Marian Mangas: Nik uste dut, orokorrean, saiatzen garela argazki on bat ateratzen. Pena bat da esatea, baina horrela ibiltzen gara nik uste denok. Eta gero, une horretan ez garela disfrutatzen (ari). Adibidea erraza da: saiatzen baldin bazara, egunen batean, orain dela hilabeteko momentu batekin gogoratzen, zein izan zen, non izan zen, zeinekin egin nituen argazki batzuk, ezin dituzu gogoratu, ez zara akordatzen momentu horrekin. Gero ikusi behar dituzu argazkiak, bestela… Eta horrek esan nahi du momentu horretan, zure burua ez zegoela. 
Ibai Lasarte: Momentuaz beti gozatzen dugu, baina gero beti nahi dugu betikotu argazki bat. Gero ere bai, pasatzen da, bidaian eta zabiltzanean, azkenean beti oroitzapen bat eraman nahi duzula, baina, klaro, sentimenduak, bizipenak ez dira isladatzen argazkian. Orduan, momentuaz ere gozatu behar da.

3.    Lehen ez ziren hainbeste argazki ateratzen, gehiago gozatzen zuten?
Marian Mangas: Askoz gehiago, askoz gehiago, askoz gehiago. Eta gainera, egiten genituen argazkiak, nahiz eta gutxi izan, denak ditugu paperean inprimatuta, eta gaur egun ez ditugu inprimatzen. Eta argazkirik onenak, buruan daude, burmuinaren barruan daude argazkirik onenak; ez daude ez paperean, ez ordenagailuan. 
Ibai Lasarte: Ez dut uste, ze garai batean, kamera bat azkenean luxu bat zen, orain denok daukagu eskura gure poltsikoan kamera bat, mobil guztiek dute argazki-kamera. Eta lehen ere bai, argazkia ateratzea ere bai garestia zen, ze ez zenuen ikusten zer ateratzen zenuen, eta orain atera ditzakezu mila argazki, eta mila horietatik aukeratu berrehun.

4.    Zer da selfie bat? Ateratzen dituzu?
Marian Mangas: Ez, oso gutxitan, oso gutxitan.
Ibai Lasarte: Bai, ateratzen ditut, eta, normalean, ateratzen ditut bakarrik bidaiatzen dudanean, edo sare sozialetara igotzeko, eta ‘selfie’ hitza orain egin da ezaguna, baina kamerak existitu direnetik argazkia ateratzeko era bat da, da norberak bere buruari ateratzen dion argazkia.
 

B1
2017-03-03
  • Malutafilms
16171608
00:03:20
7431