Aldizkari Digitala
Zer gertatu zen Artxandako atrakzio-parkearekin?
1974an ireki zutenean parke moderno eta aurreratua izan zen, baina hainbat konturengatik nahiko bizitza laburra izan zuen.
Mendi errusiarrak, jauzi libreak, noriak, talka-autoak… Askori atrakzio horietara igotzea izugarri gustatzen zaie, eta beste askok, aldiz, gorrotatu egiten dituzte. Eztarrian edo sabelean sentitzen dugun zirrara hori, bizitza segundo batez arriskuan jartzen ari garela pentsatzea, emozioak lehertzea… Atrakzio-parkeak hori baino askoz gehiago dira, izan ere, denontzat aurkituko baitugu lekua bertan: antzerkiak, ikuskizunak, desfileak, panpinak irabazteko jokoak… Guztiak ez dira muturreko atrakzioak.
Eurodisney edo Port Aventura izan daitezke guretzat ezagunenak eta, bertan, adin guztietako jendea dibertitu daiteke. Euskal Herrian, berriz, Artxandan (Bilbon) zegoen atrakzio-parkea desagertu ondoren, Igeldokoa (Donostian) bakarrik dago martxan. Euskaldunoi ez zaizkigu atrakzio -parkeak gustatzen, ala?
Artxandako atrakzio-parkea 1974. urtean ireki zuten, baina ez ziren espero zuten bisitari-kopurura iritsi. Arazo asko izan zituzten: kokapena, eguraldia, prezioa… Azkenean, 1990. urtean, ixtea erabaki zuten. Hala ere, historia ez zen hor amaitu. 2007. urtean, proiektu artistiko bati esker, Artxandako jolas-parkea herritarrei zabaltzea lortu zuen Saioa Olmok (Bilbo, 1976). ‘Atrakzioen itzulera’ egitasmoaren inguruan hitz egin dugu artistarekin Bilboko Wikitoki enpresan, berak hor egiten baitu lan.
Atrakzio-parkeak
Jolas-parkea, atrakzio-parkea edo parke tematikoa atrakzio mekaniko, ikuskizun, denda, jatetxe eta nagusiki aisialdirako erabiltzen diren beste azpiegitura-mota batzuk dauden instalazioa da. Horrela definitzen du Wikipediak.
Saioaren hitzetan, gizarte bakoitzak eraikitzen duen leku bat da, gizarte horretako biztanleak paradisu-moduko batera eramateko. “Garaiaren arabera, desberdinak izango dira. 70eko hamarkadan, Artxandakoa eraiki zuten, eta 2000ko hamarkadan, Guggenheim”, azaldu digu Saioak.
Atrakzioen itzulera proiektua
2007. urtean, Maria Mur, Bilboko Consonni ekoiztetxeko zuzendaria, Saio Olmo artistarengana joan zen, Artxandako jolas-parkea biziberritzeko zerbait egin nahi zuela esateko. “Nik parkea bere horretan uzteko esan nion, pertsonen pertzepzioarekin edo esperientziarekin lan egit
Bisita hauekin, parkea bere horretan, ezagutzeko moduan zegoela aldarrikatu nahi zuten. “Txikitan bertan egondako askok parte hartu zuten, eta beraien esperientzia kontatu ziguten. Izan ere, ez da gauza bera haurrak garenean dugun ilusioa eta lekuak ikusteko modua, eta helduena, ikuspuntua asko aldatzen baita”, azaldu digu. Bisita horietan, egiazko eta fantasiazko datuak tartekatzen zituzten, eta hondakinek gogoeta egiteko balio dutela erakutsi nahi zuten.
Eraitsi egingo dute?
1990. urtean itxi zuten parkea, eta gaur egun, Bizkaiko Foru Aldundiarena da. Enkantean jarri zuten, baina ez zuen inork erosi.
Bere garaian, Saioak adierazpen hauek egin zituen: “Eraitsi egingo zutela esan zuten, baina oraindik ez dute egin. Nik ez dut botatzerik nahi: materiala gordetzeko balio du, film edo bideoklip bat grabatzeko leku aproposa da, bertako piramideak oso ikonikoak dira…”, esan zigun artistak.
“Niri Las Vegasera joatea gustatuko litzaidake, edo Marinador Ciudad de Vacaciones horretan bisita gidatuak antolatzea, edo Italiako azpiegitura abandonatuen bisita batera joatea…”, aipatzen zituen Saioak.
Bizkaiko Foru Aldundiak, ordea, 2018ko otsailean eraitsi zuen. Parke zaharraren eraispenak 153 eguneko iraupena izan zuen eta lanak uztailaren 9an amaitu ziren.
Eta zuri, nora joatea gustatuko litzaizuke? Atsegin edo gorroto dituzu jolas-parkeak? Zergatik? Zer iruditzen zaizu Artxandako jolas-parkean egindako proiektua?
1. Zuretzat zer da atrakzio-parke bat?
Atrakzio-parke bat da gizarte bakoitzak eraikitzen duena bere biztanleriari momentu bat paradisuan bezala emateko. Beraz, garaiaren arabera, atrakzio-parkeak desberdinak dira: eta, 70eko hamarkadan, Artxandako parkea asmatu zuten gure gestoreek, eta, 2.000ko hamarkadan, Guggenheim asmatu zuten, ezta? Eta horiek dira parkeak edo infraestrukturak gizakiok eta herritarrok disfrutatzeko.
2. Artxandako jolas-parkea (Bilbon) 1974. urtean ireki zuten. Lehenengoa izan zen?
Bazeuden, bai, beste jolas-parkeak. Bazegoen Madrilgo jolas-parkea, eta hango enpresa izan zen gure parkearen promotorra (sustatzailea, bultzatzailea). Gero zeuden kutxak, dirua ipintzen, baina, berez, kudeatzen zuena izan zen Madrilgo parkearen gestorea edo enpresa. Baina, bai, guri esan ziguten, parkea bere garairako oso aurreratuta zegoela eta atrakzio modernoetarikoak ekarri zituztela. Beraz, ba bueno, bai izango zen aitzindaria atrakzio batzuetan eta berez ere, esan ziguten, prezioa altua zela eta bueno…
3. 1990. urtean, parkea itxi egin zuten. Eta zuek, 2007. urtean, ateak irekitzea lortu zenuten. Zer da ‘Atrakzioen itzulera’ proiektua?
Parkera eraman genituen 500 eta piko pertsona. Egin genuen bisita urrian eta azaroan, 2007an, eta askoz gehiago, 600 eta piko gelditu ziren itxaron zerrendan. Eta jendeak jarraitzen zuen deitzen telefonora. Guk asmatu genituen hamar atrakzio… Guk eramaten genituen pertsonak ibilbide horretatik eta leku bakoitzean istorio berri bat kontatzen genuen. Eta istorio horretan, bazeuden datu batzuk historiakoak zirenak, eta beste batzuk, iradokitzaileak izaten saiatzen zirenak. Bisita gidatuak egiten aritu zirenak izan ziren bi kide, Garikoitz Fraga eta Aiora Quintana, egin ziren gazteleraz eta euskaraz, eta ez zen bakarrik gu haiei gauzak kontatzen bisitariei, baizik eta bisitariek haien anekdotak, haien bizipenak, kontatzen zizkiguten. Eta horiekin gidariek ere berregiten zuten haiek kontatzen zuten (zituzten) zati batzuk. Proiektua egin genuenean, batez ere interesatu zitzaigun, hondakinak, gaur egungo hondakinak nola hitz egiten duten gugaz eta hondakinak ez dira zaborra, ez dira botatzeko, eta erreflexionatzeko oso baliagarriak direla.
