Erreskateak, nork ordaindu behar ditu?

Prestatuta joaten al gara mendira? Zergatik egin behar izaten dira hainbeste erreskate?

Espainiar estatuan mendiko erreskate gehienak Aragoin egiten dira. Zergatik? Pirinioak eta Guarako mendilerroa han daudelako. Zenbat? Batzuen ustez, asko: azarotik apirilera bitartean 101 erreskate egin zituzten. Horietatik 72 onik atera dira, 62 zaurituta hartu dituzte eta 9 hil egin dira. Neguan udan baino erreskate gutxiago izaten dira, baina hauek larriagoak izaten dira. Horregatik, 101 horien erdiak erreskatatzeko, helikopteroa erabili dute, eremua zaila delako.

Beste batzuentzat, berriz, proportzioan ez dira hainbeste erreskate. Izan ere, mendizaletasunak gorakada handia izan du azken urteetan: Espainiako Mendizaleen Federazioan (FEDME) 2009. urtean 125.000 federatu zeuden, eta 2015ean, 203.000 lagun daude. Beraz, urte gutxitan bikoiztu egin da kopurua. 

Asko edo gutxi izan, istripu horiek arrazoi askok eragiten dituzte. Hauek aipatzen ditu Antxon Burciok, Euskal Mendi Federazioko presidente ohiak, segurtasunari buruz argitaratutako liburuan: planifikazio falta, eskarmentu falta, norberak bere burua balio handiegian hartzea, arropa edo tresna desegokiak, gaixotasunak, prestakuntza desegokia (fisikoa edo teknikoa), ekaitza, elur-jausiak…

“Gizartea gero eta gehiago kezkatzen du kontu honek. Orain dela 20 urte ez genuen honi buruz hitz egiten”, esan digu Rafa Elorzak. Bera Vasco de Camping elkarteko presidenteordea da, 56 urte ditu eta beti joan izan da mendira. Erreskateez eta mendiaren arriskuez hitz egin dugu berarekin.

TEKNIKA ETA PRESTAKUNTZA

Rafa Elorzak urte asko darama mendira joaten, eta eskalatzailea ere bada.

Mendia edozein izanda ere, prestakuntza eta teknika beharrezkoak dira, mendizaletasuna kirol bat delako. Hortaz, kasu bakoitzean, mendiaren baldintzetara egokitu beharko dugu. “Mendira joateko, aldez aurretik prestakuntza bat egin behar dugu, bai fisikoa baita teknikoa ere. Fisikoa entrenamendua da, edozein kiroletan bezala, eta teknikoa, berriz, heziketa”, azaldu digu Elorzak. Heziketa horretan, hainbat gauza jakin beharko ditugu: larrialdi egoera baten aurrean zer egin, nola jokatu, laguntza nola eskatu, lehen laguntzak, susperketa-maniobrak… Hau guztia mendira joan aurretik egin behar da.

Gainera, planifikazio bat ere egin behar dugu: eguraldiaren iragarpena, ibilbidearen nondik-norakoak, zailtasunen aurreikuspena, egun horretarako espero den egoera…

Edozein menditara joateko asmoa duenean, Rafak frontala eramaten du beti motxilan: “Nahiz eta irteera egunean zehar izan, beti eramaten dut motxilan. Horrez gain, arropa oso garrantzitsua da: galtza motzak jantzita bagoaz, motxilan luzeak eramaten ditut eta xira bat ere bai, noski. Bestalde, ura, jatekoa, telefono mugikorra, GPSa, eguzkitako krema, botikin txiki bat (benda eta esparadrapoarekin) eta barrita energetiko bat gainean daramatzat beti”.

MENDIKO ERRESKATEAK, NORK ORDAINTZEN DITU?
Komunikabideek mendiko erreskateei buruz askotan hitz egiten dute, baina nork ordaintzen ditu? 2011. urtean, Eusko Legebiltzarrak lege

Oinetakoak eta arropa oso garrantzitsuak dira.

bat adostu zuen: mendian gertatutako istripu baten ondorioz sortutako gastuak zaurituak berak ordaindu behar ditu. “Baina legea ez da betetzen. Hala ere, bi multzo bereiztu behar ditugu: federatuak eta federatu gabeak. Federatuek segurua dute, eta horrek ordaintzen du, bai erreskatea, baita kalteen konponketa edo artatzea ere. Federatu gabeek, berriz, ez dute ordaintzen, nahiz eta legeak kontrakoa dioen. Zergatik? Horretarako borondate politikoa dagoelako”, adierazi du. Salbuespen bakarra axolagabekeria handia izan denean ematen da, orduan ordaindu egin beharko dute. Adibidez, 3. mailako alerta egon eta linternarik gabe, gauez, mendira joanez gero. Orduan norberak ordaindu beharko du, legea horretarako baitago. Atzerrian, aldiz, federatuta egon ezean, beti ordaindu beharko dugu.

ISTRIPUEN ARRAZOIAK
Mendian bi arrisku-mota bereizten ditugu: arrisku objektiboak (harri bat erortzea, tximista bat… mendiak sortzen dituenak), eta, bestetik, arrisku subjektiboak (kaskorik gabe joan eta harriak jotzea, soka ondo lotu gabe dagoelako askatzea… norberak eragiten dituenak): “Istripuen % 85 arrazoi subjektiboek eragindakoa da, eta % 15 objektiboek. Horrek esan nahi du istripu asko saihestu daitezkeela eta asko dagoela egiteko. Zalantzarik gabe, jende gehiegi hiltzen da mendian, nik uste jendea ez dela kontziente jokoan zer dagoen”.

Eta zu, prestatuta joaten zara mendira? Zer eramaten duzu motxilan? Mendiko erreskate gehiegi egiten dira? Nork ordaindu beharko lituzke?
 


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

1.    Edozein menditara joateko, prestakuntza eta teknika beharrezkoak dira?
Edozein menditara joateko, nik esango nuke baietz. Ze mendizaletasuna azken finean kirol bat da, eta kirol bat denez, kirol guztiek daukate, dauzkate bere baldintzak. Orduan, baldintza horiek kon(t)utan hartu behar dira, eta prestakuntza izan behar da eta askotan, teknika baita ere, noski, kon(t)utan hartuta badaudela mendi errazagoak eta mendi zailagoak. Orduan, prestakuntza hori (horrek) eta teknika hori (horrek) egokituta joan beharko du egin behar dugun jarduerara.

2.    Jendeak behar beste prestatzen du bere burua mendira joateko?
Nik uste dut orokorrean jendea ondo prestatuta joaten dela. Eta bueno, galdera hori agian dator, ez dakit, komunikabideek edo nolabait kontatzen digute geroz eta istripu gehiago daudela eta horrek, sortu dezake inpresio hori, ez? Jendea ez dela nahiko prestatuta joaten. Baina, ez dut nik esaten, adituek esaten dute istripuen edo erreskateen gehitze hori lotuta dihoala mendizaletasunaren gehitzearekin. Baina horrek ez du esan nahi jendea gaizki prestatuta dihoanik. Nik uste jendea orokorrean ondo prestatuta dihoala, gertatzen da, beti daude gauzak gaizki egiten dituztenak. Eta bereziki Euskal Herrian tradizio handia dagoenez mendira joateko, nik uste dut jendeak gauzak ongi egiten dituela, nik uste dut kultura, mendizale-kultura ona dagoela segurtasun aldetik eta abar, orokorrean.

3.    Zein dira mendiko istripuen arrazoiak?
Guk, mendizaleok, bi arrisku-mota bereizten ditugula mendian: bata dira arrisku objektiboak. Zer da arrisku objektibo bat? Ba harri bat erortzen dela, elur jauzi bat dagoela edo tximista batek jota norbait hiltzen duela… Eta gero daude arrisku subjektiboak, da nik kaskoa ez neraman eta harriak eman dit, soka gaizki lotu dut eta askatu egin da eta erori naiz, horrelakoak. Norberak sortutako, norberaren akatsen ondorioz sortutako istripuak. Istripuen arrazoietan % 85 arrazoi subjektiboak direla eta % 15 bakarrik arrazoi objektiboak. Horrek esan nahi du asko dagoela hobetzeko eta gure esku dagoela proportzio handi batean istripuak sahiestea.

4.    Nork ordaindu behar du mendiko erreskate bat?
Gure erkidegoan, duela bost urte, 2011n Eusko Parlamentuak onartu zuen lege berria, hori guztia erregulatzen duena. Eta orduan, erantzuna, istripuak sortutako erreskate baten gastuak zeinek ordaindu behar ditu? Zaurituak. Erantzuna garbia da, legez garbia da. Zer gertatzen da? Legea ez dela betetzen eta arrazoiak daude gainera, horretarako. Ikusi behar dugu federatuen kasuan edo ez federatuen kasuan. Federatuen kasuan beti ordaintzen da eta seguruak ordaintzen du. Ez federatuekin, zer gertatzen da? Zuk ez daukazu seguru bat. Orduan gaur egun, ez da kobratzen. Legeak dio baietz, kobratu daitekeela baina ez da kobratzen. Eta zergatik? Horretarako borondate politikoa dagoelako. Kontsigna da ez kobratzea. Orduan bai kobratu izan dela axolagabekeria oso nabarmena izan denean, dagoela hirugarren mailako alerta bat eta zu mendira joaten zara, gauez eta linternarik gabe, eta harrapatzen zaitu ekaitzak, elurteak, eta denak, eta orduan erreskatea eskatzen duzu eta bai, erreskatatzen zaizu (zaituzte), baina aizu, zuk gaizki jokatu duzu, eta, orduan, nola legea badaukaten, tresna badaukaten, ordaindu egingo duzu. Ordaintzeko garaian, hitz egiten ari gara Espainian gertatu dela istripua. Frantzian gertatzen bazaizu edo edozein atzerriko herrialdetan, federatuta ez bazaude, ordaindu egin behar duzu bai edo bai. 
 

B2
2017-01-19
16170332
00:05:29
12231