Elikagaien bankuak

Banku hitza entzunda, dirua, buruhaustea eta krisia etortzen zaizkigu gehienoi burura. Krisiak, ordea, beste era bateko bankuak ezagutzera eman ditu gurean: Elikagaien Bankuak. Bai, krisiarekin egin dira ezagunak, baina horien lana aspalditik dator. Hain zuzen ere, 1967an sortu ziren Phoenix-Arizonan eta urtebete geroago, 1968an, Europan zabaldu ziren. Gipuzkoan, esaterako, 1997an sortu zen lehenengoa Oiartzunen, eta 2011n bigarren ordezkaritza zabaldu zuten Bergaran. Bizkaian, Araban eta Nafarroan ere badira horrelako bankuak.

 

Azken minutua programaren barruan garbitze eta errekuperatze lan azkarrak egiten dituzte.

Motzean azalduta, Elikagaien Bankuak sobera dagoen janaria bildu eta janari horren beharrean daudenen artean banatzen du. Bertan aritzen diren langileak boluntarioak dira, musu truk egiten dute lan. Haien leloa honakoa da: “Dohainik ematen zaiguna jasotzen dugu, behar dutenei dohainik banatzeko”. Horrela azaldu digu haien lana Arantza Idiazabalek, Gipuzkoako Elikagaien Bankuko partaideak. Senarrarekin batera aritzen da bertan boluntario. Oro har, “boluntarioen lana elikagaiak jaso, iraungitze-datari begiratu, txukundu, sailkatu eta banatzea” dela zehaztu digu Idiazabalek. “Senarrak eta biok, horrez gain, Elikagaien Bankutik bidaltzen diren gutunak eta txostenak euskaratzen ditugu”.

 

Elikagaien iturria

Eta nondik lortzen dute biltzen duten janari guztia? Bada, hainbat bide erabiltzen ditu Gipuzkoako Elikagai Bankuak. Alde batetik, Europar Erkidegotik datorrena dago. “Hori bildutako guztiaren % 38 da”. Eta, beste aldetik, beraiek jasotako janaria dago. Arantza Idiazabalek adierazi digunez, modu asko dituzte bilketa egiteko. Horietako bat Azken minutua izeneko programa da. “Saltoki handietan egunero biltzen dena da. Elikagai horiek aztertu eta gero, azkar banatu behar dira erraz galtzen direlako –barazkiak, fruta, haragiak…-”. Programa honi esker, bilketaren % 45 lortzen dute. “Gainerakoa beste enpresa batzuek emandakoarekin -galletak, lekaleak, latak…-, saltoki handietan eta ikastetxeetan egindako kanpainetan lortutakoarekin, beste banku batzuekin trukatutakoarekin eta norbanakoek ekartzen dutenarekin osatzen dugu”.

 

Hautsita heltzen diren paketeak moldatu behar izaten dituzte boluntarioek.

Bide horiek erabilita, iaz 1.745.796 kilo janari biltzea lortu zuen Gipuzkoako Elikagaien Bankuak. Datu hori lortzea ez da, ez, ahuntzaren gauerdiko eztula. Baina beso eta esku asko behar dira horretarako. “Ehun lagun inguru aritzen gara bertan boluntario lanean”. Horrez gain, bi langilek egun erdiko lanaldia dute, administrariak eta mantentze-lanak egiten dituenak.

 

Lan asko egiteko

Kopuru handia da, bai, baina datuei erreparatuz, Arantzak gogorarazi digu “oraindik lan asko dagoela egiteko”. Izan ere, batez beste, 150 kilo janari inguru botatzen du pertsona bakoitzak urtean. Azken minutua programarekin 700.000 kilo janari zabortegira botatzea ekiditen du Elikagaien Bankuak, “baina kopuru hori botatzen denaren % 5,5 besterik ez da”.

 

Behin elikagaiak antolatu dituztenean, banaketari ekiten diote bankuek. 2012an, esaterako, Oiartzundik 20.700 lagunenganaino heldu zen laguntza. “Kopurua oso handia da, ezinezkoa izango litzateke banaka haiengana heltzea, eta egoera kontrolatzea oso zaila izango litzateke guretzat. Horregatik, banaketa-erakundeen bidez egiten dugu”. Hala, aterpetxeetara, elkarteetara, udaletxeetara, parrokietara, laguntza-zentroetara eta egoitzetara bideratzen dute janaria, haiek banaketa egin dezaten. “Taldeak egoitzara bertara etortzen dira janari bila”, zehaztu du Idiazabalek.

 

Bankuen lanarekiko interesa gora doa

Gipuzkoako ikastetxe batzuek Elikagaien Bankuek egiten duten lanarekiko interesa ere erakutsi dute, eta Arantzak eta senarrak girotze-lana egiteko ardura hartu dute, kanpainak egitera bideratzeko. Izan ere, “Elikagaien Bankuaren lana gero eta ezagunagoa” dela esan du Arantzak eta “gizartea haren garrantziaz jabetzen eta kontzientzia hartzen” ari dela uste du.

 

Janaria jasotzen duten taldeak Elikagaien Bankuko egoitzara joaten dira paketeen bila.

Eta, adituek datozen urteak ere gogorrak izango direla iragarri dutenez, bankuek lan handia izango dute, Idiazabalen iritziz: “Lan asko egin beharko dugula aurreikusten dugu, eskaera gora doalako”. Dena den, itxaropentsu azaldu da, izan ere, “aurten boluntario-kopurua ere asko handitu da, baita biltzea lortu den kopurua ere”. Hala, bide honi eustea espero du Elikagaien Bankuko partaideak. Eskertzekoa da, dudarik gabe, guztion lana.

 

 Zenbait datu interesgarri

- Gipuzkoan bildutako elikagai kopurua, 2012an: 1.745.796 kilo.

- 2011n: 168 erakunderekin egin zuten lan eta 18.000 pertsonenganaino heldu ziren.

- 2012an: 220 erakunderekin egin zuten lan eta 20.700 pertsonenganaino heldu ziren.

- Pertsona bakoitzak 150 kilo janari botatzen du urtean, batez beste.

- Langileen kopurua Oiartzunen: 100 boluntario inguru eta bi langile, egun erdiko lanaldian.


B2
2013-04-22
16163050
11166