Leni Riefenstahl

Leni Riefenstahl Alemanian jaio zen 1902ko abuztuaren 22an eta bertan hil zen 2003ko irailaren 8an. Antzezle gisa sartu zen zinemagintzaren alorrean, denboraldi batean kirolari eta dantzari emana bizi ondoren, alemaniarrak xarmatzen zituzten film askotan parte hartuz.

Antzezlea izan zen eta, aldi berean, zuzendaria. Leniren lanik ezagunenak alderdi naziaren hazkundearekin eta goienarekin daude lotuta. 1934an, Adolf Hitlerrek berak enkargu bat eman zion agintera heldu ondorengo alderdi nazionalsozialistaren Lehen Batzarra filmatzeko.

 

Egin zuen lan bikainari esker, agintari naziek 1936ko Joko Olinpikoak filmatzeko ardura eman zioten. Artean ez ziren Joko Olinpikoak inoiz ere filmatu. Joseph Goebbels propaganda-ministroari alderdia eta espiritu nazia munduaren aurrean goresteko gertaera handi hura aprobetxatzea otu zitzaion. Oso ongi lotu zituen Lenik kirolaren estetika eta gogoeta filosofikoa, gertaera olinpikoaren aintzarako. Behin eta berriz esan ohi da Lenik asko lagundu ziela nazien arraza-garbitasunaren eta alemaniarren botere ikusgarriaren aldeko idealak finkatzen. Baina, haren mezuen anbiguotasun handia aitortuta ere, bidegabekoa da Lenik arioak ez zirenak mespretxatu egiten zituela uste izatea. Izan ere, zinegileak, esate baterako, asko nabarmendu zuen Jesse Owens-en garaipena, erregimen naziak lehenesten zuen bere errekordun kutunaren ondoan. Owens beltza zen, eta hitler-ek ez zuen agurtu nahi ere izan. Gainera, Lenik kamera-gizon juduak erabili zituen beti bere filmak egiteko.

 

 

Aliatuen garaipenaren ondoren, kartzelan sartu zuten Leni. Salatu zioten gauza bakarra erregimenaren handikeriak ondo filmatu izana izan zen. Handik atera ondoren, ezin izan zuen zuzendari-lanetan aritzeko aukerarik lortu, garaileek jarri zizkioten eragozpenak garaiezinak izan baitziren. Ondorioz, handik aurrera argazkigintzan jardun zuen. Horrela, bidaia asko egin zituen Afrikara eta han mota askotako herriak ezagutu zituen, “nuba” izeneko tribu ezezaguna, besteak beste. Eta jende bitxi haren argazkiekin bi liburu egin zituen: “El último de los Nuba” eta “El pueblo de Kau”. Argazki zoragarriak egin zituen: gizonak erdi biluziak, paraje exotikoak…

Handik urte batzuetara, Australian bizi zela, 72 urterekin, urpean igeri egiten ikasi zuen, eta itsas hondoan argazki ederrak egin zituen.

 

Emakume bizkorra eta bizia izaki, laurogeita hamar urte zituela hegazkin batetik jausgailuarekin salto egin eta zangoa hautsi zuen. Ia ehun urte zituela, oroitzapen-liburu bat argitaratu zuen. Lan horretan laburbildurik dago emakume adoretsu eta trebe honen bizitza polemikoa eta liluragarria. 

 

 

Mundu osoko telebistek eskaintzen dituzten kirol-emankizunak dira, estetikari erreparatzen badiogu, ikuskizunik erakargarrienetakoak. Teknikaren mirariak eta narrazioaren eraginkortasunak ahalmen handia dute edertasuna, interes dramatikoa eta kiroletarako grina bat egiteko. Hala ere, oso gutxik dakite, gaur egun ere emankizunen estetika gidatzen eta zuzentzen duten irizpideak emakume berdingabe bati zor zaizkiola. 101 urte zituela hil zen Leni, 2003an.


HIZTEGI LAGUNGARRIA

ADORETSU.- Vigoroso/a, animoso/a.
AHALMEN.- Poder.
AINTZA.- Gloria.
ARTEAN.- Hasta entonces.
BAT EGIN.- Aunar.
BERDINGABE.- Sin par.
BIDEGABEKOA DA.- Es injusto/a.
BILUZI.- Desnudo/a.
EMANA BIZI ONDOREN.- Después de vivir dedicado/a a.
ERAGINKORTASUN.- Eficacia.
ERAKARGARI.- Atrayente.
EZEZAGUN.- Desconocido/a.
GARAIEZIN.- Insuperable.
GOIEN.- Cúspide, cumbre.
GORETSI.- Ensalzar.
GRINA.- Pasión.
HAZKUNDE.- Crecimiento.
IKUSKIZUN.- Espectáculo.
JAUSGAILU.- Paracaídas.
KIROL-EMANKIZUN.- Retransmisión deportiva.
KUTUN.- Favorito/a.
MIRARI.- Prodigio.
OTU ZITZAION.- Se le ocurrió.
SORMEN-GAITASUN.- Capacidad creativa.
URPEAN IGERI EGIN.- Bucear.
XARMATU.- Liluratu. Encantar.
ZANGO.- Pierna


C1
2002-10-01
16161720
2370