Aldizkari Digitala
Nork bere kasa euskara ikasteko ARIAN metodoa
Elkar argitaletxeak euskara nork bere kasa ikasteko Arian metodoa landu eta merkaturatu berri du. Eguneroko egoerak proposatu eta komunikazioan oinarritutako metodoa da, euskara-ikaslea uneoro motibatu eta erakartzen duena. Ikasliburuez gain, propio sortutako testu, audio eta bideo-esketxak batzen ditu metodoak.
Zer helburu nagusi jarri zenituzten? Metodo modernoa, erabilgarria, bakarka landu daitekeena, eguneroko testuinguruan txertatua…?
Txantxon Zubeldia: Elkarrek duela zenbait urte euskara ikasteko metodo bat argitaratu zuen, Bakarka izenekoa, erakargarria eta ondo saldu izan dena. Urteetan zehar hainbat berrikuntza izan baditu ere, egitura tradizionalean oinarrituta dago. Hortik abiatuta, beste pauso bat eman nahi genuen, askoz material osatuago eta erakargarriagoarekin. Euskara ikasten ari denari gaur egun beste edozein hizkuntzatan eskaintzen den materialaren antzekoa eskaintzeko, hain zuzen ere.
Itziar Etxabe: Konturatu ginen autoikaskuntzarako edo nork bere kasa ikasteko metodoetan garrantzia batez ere gramatikari ematen zitzaiola. Hala, pentsatu genuen nork bere kasa ikasteko materiala nahi genuela, baina komunikazioan eta ekintza komunikatiboetan oinarritutako helburuak beteko zituena.
Zer izan da zailena prozesu honetan?
I.E: Sortze-lanari dagokionez, helburuak eta horien hurrenkerak egoki zehaztea izan da lanik zailena: helburu komunikatiboen eta gramatikaren artean oreka mantentzea. Gehienetan gramatikari garrantzia handiagoa ematen zaio, baina gu hori aldatzen saiatu gara.
Zertan bereizten da Arian beste metodo batzuekin alderatuta?
I.E: Erabiliz ikasten da komunikatzen; eta tresna horiek erabiliz ikasten da gramatika. Egoera praktikoak, egunerokoak, komunikatzeko ohikoak landu ditugu, eta ikasleak bere burua islatuta ikusiko du eguneroko jardueretan: aurrez aurreko elkarrizketak, telefono bidezkoak, mezuak idatzi, web guneetako informazioa ulertu, berri laburrak ulertu… Hori egiteko aukera eskaintzen zaio, eta ikasleak parte-hartze aktiboa du uneoro ikas-prozesuan. Ikaslearengan behar bat sortzen da eta behar horrek darama hizkuntza erabiltzera eta ikastera.
Horrek ikaslea motibatuta egotea ekartzen al du?
I.E: Bai, motibatzeko gaitasuna horretan aurkitu dugu; planteatzen zaizkion jardueretan ingurune eroso eta motibagarriak eskaintzen saiatu gara, ikaslea hasi bezain laster zapuztu ez dadin eta ikasteari utzi ez diezaion. Helburua da ahalik eta oztopo gutxien jartzea ikasleari horrek motiba dezan.
Gaztelaniazko argibideak baditu; momentuz, frantsesez ez…
T.Z: Elkarrek badu Baionan beste argitaletxe bat, frantsesez produktuak ateratzen saiatzen dena. Ez dugu ideia baztertzen. Une honetan Bakarka frantsesezko bertsioan ari dira egokitzen; eta honek ere izan beharko luke jarraipena. Beti diru-inbertsioek mugatzen gaituzte, are gehiago krisi garaian.
Nori zuzenduta dago Arian?
I.E: Printzipioz nork bere kasa ikasi nahi duen orori, hasi berriei; baina gero, jakina, erabilgarria da euskaltegietan, ikastetxeetan, hizkuntz eskola ofizialetan…, eta jakin badakigu hainbatetan erabiltzen ari direla. Nola erabili irakasleak erabakiko du. Baina abiapuntua izan da A1 maila honetan ezer ez dakien ikasleari bere kasa ikasteko materiala eskaintzea.
Zer harrera izan du orain arte?
T.Z: Harrera ona. Jendeak ondo jaso du. Erabiltzen ari da; eta orain galdetzen dutena da bigarrena noiz aterako den. Hau sortaka irteten joango da, eta ez guk nahi bezain azkar, material ona egin nahi dugulako. Erabiltzaileari aurrera egingo duela ziurtatu nahi diogu.
Zer elementuk osatzen dute metodoa?
T.Z: Ikaslearen liburua, CD eta guzti edo bakarrik eros daiteke, baita CDa ere. Lan-koadernoa ere badauka. Bai liburuak bai lan-koadernoak erantzun eta transkripzioen koadernotxoa dute. Hori da euskarri nagusia, laster euskarri digitalean ere jarriko duguna. Hala, laster, ariketak eta autozuzenketak egiteko aukera ere baliatuko dugu. Eta hirugarren sorta irakurgaiena da, honetarako propio Miren Agur Meabek eta Josu Lartategik sortutakoa.
I.E: Momentuz, A1 mailarekin ari gara lanean, baina horren atzetik etorriko dira A2, B1, B2 eta C1. Europako erreferentziazko mailaketari jarraitu diogu. Beste hizkuntzen parean jarri nahi izan dugu gure metodoa.
Erabilera da euskararen egoeraren gakoa eta zuen abiapuntua, ezta?
I.E: Arianek planteamendu komunikatiboa du oinarri, ikasleari komunikatzen irakatsi behar zaiolako. Beraz, erabilera bultzatzen dugu. Garbi adierazten zaio ikasleari tresna batzuk behar dituela, eta gramatika tresna besterik ez dela komunikatzen ikasteko. Ahoz komunikatu nahi badu, gramatika ulertu eta ikasi beharko du. Erraztasuna ematen zaio pauso txikien bitartez arrakasta lortzeko, eta horrek bultzatzen du ikasten jarraitzera.
Gai honekin lotutako audio eta ariketak egin nahi badituzu, hona jo.
Ele-alea irratsaioan Xabier Sukiak Txantxon Zubeldiari egindako elkarrizketa entzun nahi baduzu, berriz, hona jo.
Dokuteka
-
Barandiaran (Arteman), Iker
-
Arantzabal (argazkiak) , Josetxo
