Nola funtzionatzen dute kontsumo-taldeek?

Elikadurak duen garrantziaz jabetuta zenbaitek kontsumo-taldeen bidez produktu naturalak eta bertakoak erostea hautatzen dute.

Egunean 600 gramo barazki eta fruta jan behar omen ditugu, horixe gomendatzen dute behintzat. Baina zer barazki-mota kontsumitzen dugu? Egia da ‘barazki ekologikoak’ modan daudela gaur egun, jendeak gero eta garrantzi handiagoa ematen baitio erosten duen produktuari.


Kontsumo-taldeek bidezko prezioan erosten diote produktua ekoizleari.

Askotan, barazki edo fruta ekologikoa eskuratzea garestia izan daiteke, edo ez dakigu non erosi behar dugun. Horren irtenbide dira egun kontsumo-taldeak: gertuko nekazariek ekoitzitako produktuak zuzenean erosteko osatutako kontsumitzaileen taldeak. “Beste modu batean kontsumitzeko elkargune bat da;  produktu ekologikoak, etikoak eta hurbilekoak kontsumitzen ditugu”, esan digu Ander Lezamiz bilbotarrak. Bera hiriko Bilbo Zaharra auzoan dagoen Kidekoop kontsumo-elkarteko kidea da. “Gurea, kontsumo-taldea baino gehiago kontsumo-elkartea da. Izan ere, bazkideek dendan bertan jasotzen dute gure webgunean eskatutakoa, eta, bila pasatzen direnean, gauza gehiago erosteko aukera dute”.


Funtzionamendua
Kontsumo-talde guztiek modu berean funtzionatzen dute: garaiko produktuekin osatutako saskia prestatzen dio astero baserritarrak kontsumitzaileari, eta hauek hilero kuota bat ordaintzen dute zerbitzua jasotzeagatik. “Guk aplikazioa eta webgunea ditugu, eta eskariak horren bidez egiten ditu Kidekoopeko bazkideak. Asteartetik ostegunera bitartean dendara etor daitezke erositakoaren bila, eta produktu gehiago ditugu bertan salgai: pasta, txokolatea, gazta, garagardoa, kafea…”.

Duela lau urte jarri zuten martxan proiektua: “Auzoan ez zegoen supermerkaturik, ezta ekoizleekin zuzeneko harremana zuen saltokirik ere. Bilboko Alde Zaharrean, ordea, hainbat aukera zeuden. Beste modu batean kontsumitzeko eta elikadura gune estrategikoa dela uste dugulako sortu genuen Kidekoop”.


Kidekoop egitasmoari esker, zuzeneko harremana dute kontsumitzaileek ekoizleekin.

Bilakaera
Lauzpabost ekoizle eta 15 pertsona inguru ziren kontsumitzaileak hasiera hartan: “Proiektua asko handitu da, izan ere, 30 edo 40 ekoizlek osatzen dute taldea eta kontsumitzaileak 100 inguru gara”. Gero eta produktu gehiago kontsumitzeko aukera eskaintzen dute, nahiz eta saskia beti den oinarria: “Saskia ? oso garrantzitsua da guretzat; ekoizleari barazkien produkzioa antolatzen laguntzen diolako eta bere lanaren bermea delako. Gainera, saski erdia edo osoa eros dezakegu”.

Anderren ustez, biek irabazten dute: “Kontsumitzaileak badaki zer ordaintzen ari den eta ekoizleentzat diru-iturri finko bat da. Esnearen kasuan, adibidez, guk litroa 0,90 euro ordaintzen diogu nekazariari, eta industria handiek 0,13 edo 0,14 euro”. Kontsumo-taldeen kasuan, ekoizpen txikiak izaten dira eta harremana zuzena.


Eskaintzen diren produktuak etikoak, hurbilekoak eta ekologikoak dira.

Modan
Europan aspalditik funtzionatzen dute kontsumo-taldeek, baina Euskal Herrian une honetan modan dagoela esan daiteke. “Arriskua zein den argi daukat: guztiok ekologikoa erosi eta duen balioa galtzea. Nire ustez, ekologikoa izatea garrantzitsua da, baina garrantzitsuagoa da hurbileko produktua izatea. Zer dugu nahiago, 300 kilometro egin dituen letxuga ekologikoa edo hemen ekoitzia eta berme batzuekin erositako letxuga, ekologikoaren zigilurik ez badu ere?”

Anderrek irizpide batzuk argi ditu, eta horrexegatik da Kidekoop kontsumo-elkarteko kidea: “Helburua elikadura burujabetza lortzea da, nire ustez, alor estrategikoa baita”.


Eta zeu ere kontsumo-talde bateko kidea zara? Zergatik? Egunero jaten dituzu barazkiak edo frutak? Zenbat kontsumitzen duzu? Modan dagoen kontzeptua da ekologikoa, zure ustez?
 


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

1. Zergatik erabaki zenuen kontsumo-talde bateko kide izatea?
Alde batetik, ekologikoa izatea, ni horregatik hurbildu naiz ekimen honetara, ekologikoa delako; etikoa delako, ekonomia soziala bultzatzen duelako eta gero, elikadura burujabetza ezinbestekoa delako, gure herrian izan behar delako ere ardatz inportante bat, ardatz oso garrantzitsu bat.

2. Zein dira kontsumitzaileen onurak kontsumo-talde batean?
Onurak izan daitezke, alde batetik, prezioan uste dugu pagatzen (ordaintzen) dugula prezio justu bat dauzkagun produktu(eta)rako. Beste onura bat izan daiteke produktuak guk geuk erabakitzen du(itu)gula eta zabalduta gaude edozein produktu(a) jasotzeko, edozein beti ere nolabait izaten bada, bai ekologikoa, bai etikoa edo hurbilekoa, bidezko merkataritzakoa.

3. Eta nekazarien onurak?
Badagoela hartu-eman bat hor, ekoizle(en) eta kontsumitzaileen artean, hor badagoela elkarrizketa bat, badagoela elkarlan bat horren inguruan. Eta adibiderik onena da barazki-saskiarekin. Barazki-saskia, adibidez, batez besteko hori mantendu da azkenengo urteetan, gero eta jende gehiago proiektuan sartuz, batez besteko hori igo da, baina beti bermatu zaio produktoreari (ekoizleari) egongo dela haien produktuen kontsumo bat.

4. Produktuak garestiagoak dira supermerkatuan baino?
Imajinatzen dut supermerkatu bat horrelako produktu batekin, izan duen tratamenduarekin, eta izango zen askoz garestiagoa. Orduan, esan dezakegu askoz merkeagoa dela horrelako ekimen bat. Eta merkea edo ez merkea izatea, hori ere bada helburu bat elkartean. Azken finean, hemen biltzen gara edo indarra egiten dugu, indar puntu bat da kontsumo-elkarte bat, nolabait gauzak edo produktuak, produktu ekologikoak, batzuetan elitistak diren produktu batzuk, edo batzuetan garestiak diren produktu batzuk merkeagoak izateko. Orduan, ba beno, hori da beste indargune bat azpimarratu behar dena; izan ere, horretarako gaude hemen, horretarako elkartzen da jendea, pixka bat gauza hauek edo produktuak ere, nahi ditugun produktuak izateko prezio justu(r)a.
 

B1
2018-12-05
16147937
03:37
3689