Myanmarreko altxor gordeak
Garai batean Birmania izandako Myanmarrek asko du bidaiariari eskaintzeko: paisaia zoragarriak, monumentu bitxiak, jendea, antzinako erlijio-ohiturak... Gehiago ezagutu nahi?
Myanmarrek -lehen Birmania- baditu hainbat gauza eder bidaiariari erakusteko. Indotxina guztiko aniztasun gehien eskaintzen duen herrialdea da Myanmar, bai monumentu, bai paisaia eta bai jende-mota aldetik ere. Ez dago oraindik oso esplotatuta baina, egia esanda, hasita dago turistaz betetzen. Txinatarrek aurrena Kanbodia eta Thailandia osoa bete zituzten, eta orain gauza bera egiten dabiltza Myanmarren.
Kyaiktiyo-ko urrezko Harkaitz ikusgarria.
Nora doaz nazioarteko turistarik gehienak? Ba Yangon-go Shwedagon pagodara, Bagan-go tenpluetara eta Mandalay-ko monasterioetara. Ez da harritzekoa, toki ederrak dira-eta. Baina egoera horrek berak eragozten du, adibidez, argazkietan tenpluetako lautadak bere horretan ateratzea, beste ezer gabe: hortxe azalduko dira argazki guztietan globo aerostatikoak lautada gainean; turistek hartzen dituzte, bertatik oso era ikusgarrian ikusten direlako lautada horiek. Dena den, badira Myanmarren turistekin hain beteta ez dauden lekuak ere, baina oso interesgarriak.
Kyaiktiyo-ko (ahoskatu Txaktioko) Urrezko Harkaitza da horietako bat: mendi-tontor batean dago. Budistak hara doaz erromes; eta oinez, ezin delako bestela joan. Kamioi batzuk mendi-magal erdiraino iristen dira bai, baina hortik tontorreraino ordubeteko bidea dago, gutxienez. Bertako gazteek, bizimodua ateratzeko, bizkarrean daramatzate turisten ekipajeak; aise eraman ere. Horrela turistek bihotzeko bat izateko arriskua baztertzen dute. Zoritxarrez, zamariak askotan haurrak dira, eta beraien gurasoak salatu beharko lirateke, umeak esplotatzeagatik.
Urre-koloreko xafla mehe-meheak dituelako esaten zaio Urrezko Harkaitza. Izan ere, erromesek jartzen dizkiete urre-xafla horiek Buda monumentu guztiei, herrialde osoan. Baina Kyaiktiyon harkaitz guzti-guztia urreztatu dute. Hainbeste urre erabiltzeaz gain, bitxia zera da, harkaitza airean zintzilik ¬hala moduzko orekan¬ dagoela ematen duela, harkaitz-gune txiki batek bakarrik ukitzen baitu lurra. Badirudi apurtxo bat bultzatu eta erori egingo dela menditik behera, ilunabar zoragarriak eskaintzen dituen haraneraino.
Monjeak kalean, ilaran jan-eske.
Popa da birmaniarren beste mendi sakratu bat. Haraino ere igo egin behar da, baina estalpedun eskaileretan gorantz. Eskailerak, mendi-magalean gora, tontorreraino iristen dira, eta bertan daude hainbat tenplu, oso gurtuak direnak. Egian esan, Myanmar oso herrialde erlijiosoa da, eta Popa mendirik sakratuenetako bat.
Eskailera horiek tximinoz beteta daude. Hasieran barregarriak dirudite, baina gero amorragarriak. Izan ere, motxiletara egiten dute jauzi jana kentzeko. Gainera, hainbeste tximurekin bidea zikin samarra dago, baina, hala ere, oinutsik joan beharra dago, leku budista sakratua delako.
Urrezko Harkaitzeraino turistei ekipaia igotzen dien umeetako bat.
Buda ez da Popan gurtzen den bakarra, nats izeneko izpirituak ere gurtzen dira, budismo-aurreko erlijio batenak. Eta zer gertatzen da izpirituekin? Ba arreta handiz ibili behar dela, bestela haserretuko egingo dira-eta! Adibidez, Popara joateko ez eraman jantzi beltzik, ez gorririk: natsak haserretu egiten dira, eta zoritxarra bidali diezaiokete horrela jantzita doanari. Myanmartarrek hori uste dute behintzat!
Myanmar barnealde guztian moja eta monjeentzako Buda monumentu, tenplu eta monasterio pila bat dago. Ez da derrigorrezkoa, baina mutil gazte gehienak monasterioren batera joaten dira, hainbat hilabetetarako, garai batean, gurean soldaduskara bezala. Han ilea mozten diete, kaskamotz, eta oinutsik ibili behar dute. Soinean, tunika laranja bat besterik ez. Ez diete uzten lanik egiten, ezta jana lortzeko ere: kalean, ilaran, ibiltzen dira jana biltzeko lapiko batzuekin, eta erromes budistek bertan sartzen dizkiete jakiak. Eta emakumeek ere arau berberak dituzte: ilea motz-motz eraman, hanka-hutsik ibili, jan-eske atera, eta janzteko tunika bat besterik ez… arrosa. Kontua da emakumeak ez daudela monasterioetara joaten hain ohituta.
Myanmar barnealdean pagoda asko daude. Nahiz eta bakar batek ez duen Yagongo Shwedangogoaren handitasunik, ez dabiltza urruti Bagoko beste batzuk. Eta Po Win Daungo-ko edo Pindayako leize batzuek Budaren bizitzari buruzko freskoak dituzte, eta izkina guztietan Buda estatuatxoak; milaka daude.
Emakume bat Birmaniako zigarreta tradizionala erretzen.
Orain 40 urte Txinara, edo 20 Indiara, joatea bezala da gaur egun Myanmarrera bidaiatzea. Autobusak zahar-zaharrak dira eta trenak herdoilduta daude. Beti errepiderik ez dagoenez, idi-gurdiren bat edo itsasontziren bat erabili behar izaten da Ayeyarwadi ibaitzarra zeharkatzeko. Myanmartarrentzat ibai honek duen garrantzia Laosentzat eta Vietnamentzat Mekong ibaiak duenaren antzekoa da. Zer axola dio bidaia deserosoa izatea, helburua zoragarria baldin bada?