Bilbo, turismorako hiri erakargarria

Bilbo Bizkaiko hiriburua da, XIII. mendean sortu zen, ekainaren 15 batean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiririk jendetsuena da. Klima, industrializazioa, biztanle-kopurua, jaiak, gastronomia…Horiek eta beste hainbat kontu jakin nahiko ditu atzerritar batek hiria ezagutzera etortzen denean. Eta zuk, ezagutzen dituzu bereizgarritasun horiek?

Europako bigarren helmuga turistiko onena izendatu dute 2018. urtean, Poloniako Wroclaw hiriaren atzetik, eta jende gehiagok bisitatzen du urtetik urtera. Eskaintza zabala dagoenez gero, turismo-bulegora gerturatu gara, gidari turistiko batekin hitz egitera. Bertan, Zabalgunea eta Alde Zaharra ezagutzeko ordu eta erdiko ibilbideak antolatzen dituzte, eta horixe egiten du Miren Bihotza Fernandez bermeotarrak. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez eskaintzen ditu azalpenak: “Hasieran asko ikasi behar izan nuen, gidari batek gauza asko jakin behar dituelako”.

Mirenen enpresa itxi zutenean, gidari turistiko izatea erabaki zuen.

GIDARIAREN LANA
Gidari turistiko baten lana talde bati leku bat erakustea eta horri buruzko informazioa ematea da: “Jendeari kultura, gastronomia, hizkuntza, historia, arkitektura… azaltzea da nire lana, baita bertakoak nolakoak garen ere”.
Duela sei urte hasi zen lan horretan, bere enpresa itxi zutenean. “2012. urtean, krisia Bilbora iritsi zen eta bide berri bati ekin behar izan nion: beharrik gabe geratu nintzen, eta, historia beti asko gustatu izan zaidanez gero, aukera honi eutsi nion. Oso pozik nago, asko gustatzen zait egiten dudana”. Mirenek ez du Bilbon bakarrik lan egiten, Euskal Herriko zenbait txokotako gidaria baita.

ESKAINTZA ETA ESKARIA
Guggenheim museoa, Arriaga antzokia, Euskalduna jauregia, Zazpi Kaleak, Zabalgunea, kale Nagusia… Toki erakargarri asko ditu Bilbok. “80ko edo 90eko hamarkadetan, jende asko ez zen Bilbora etortzen, grisa eta itsusia zelako. Orain jende asko etortzen da, Bilbo asko aldatu delako”.
Hala ere, bisitari askok zerbait berezia egin nahi izaten dute: arkitekturari buruzko ibilbidea, pintxo-tailerra, ibaian nabigatu… “Gero eta jende gehiago joaten da Portugaleteko zubia ikustera, Getxora trekking bat egitera edo Gaztelugatxe bisitatzera”. Mirenek argi du turismoa aldatu egin dela eta bisitarien nahiek etengabe aldatzen jarraituko dutela.

GALDERAK
Lanean hasi zenean, frantsesak, ingelesak eta espainiarrak joaten ziren Bilbora oporretan: “Orain, Brasiletik, Argentinatik, Kanadatik… etortzen dira”.
Gidari turistiko baten lana ere bada taldekoen galderei erantzutea, eta askok euskarari buruz galdetzen diote Euskaltzaindiko egoitzaren aurrean: “Zer den Euskaltzaindia eta gure hizkuntza nondik datorren jakin nahi izaten dute. Beti saiatzen naiz azalpen batzuk ematen, noski”. Hala ere, horrekin ohituta badago ere, beti egiten dizkiote galdera “xelebreak”: “Plaza Biribilean zergatik dauden hainbeste erloju, Begoñako pertsianak zergatik diren urdinak, edota zebra-bideetan zergatik dauden marra motz edo luzeak… Askok gauza bereziei erreparatzen diete”.

 

Arriaga antzokia 1889. urtean eraiki zuen Joaquin de Rucobak.

BERTAKOAK

Baina gaztelaniaz eta ingelesez soilik ez, euskaraz ere egiten ditu bisita gidatuak. “Euskara ikasteko urte sabatikoa hartu duten irakasleak, ikastetxeetatik joandako haurren taldeak, bertako edo gertuko kuadrillak… Batzuekin euskara batua erabiltzen dut, eta besteekin bizkaieraz egiten dut, taldearen beharretara egokitzen naiz”. Euskal bisitari gehienek esaten diote Europako hirietan bisita turistikoak egin dituztela, baina gero bertakoa ez dutela ezagutzen. “Alderantziz ere egiten dute: hemengoak izan, ingelesa ikasten ari eta nirekin bisita ingelesez egin, praktikatzeko”.


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

1.    Zein da gidari turistiko baten lana?
Nire beharra zein den? Nire beharra polita da. Nire beharra da jende guztiari esatea zelako hiri polita den Bilbo: ez Bilbo bakarrik, bai Euskal Herri guztixe (guztia). Jendeak jakitea zelako kultura berezia daukagun hemen,  hizkuntza, gastronomia…

2.    Lehen baino jende gehiago etortzen da Bilbora?
Guggenheim ireki zeneko, ba bueno, jendea hasi zen Bilbora etortzen, baina gero eta jende gehiago dator. Pentsa, lehenengokotan (hasieran) igual ba frantsesak zeren hurre gauz (gaude), frantsesak etortzen ziren asko, ingelesak ere bai, Espainiako jendea ere bai, pilo bat. Baina gero eta jende gehiago dator, eta igual, Brasileko jendea, Argentina, Kanada… Jendea Bilbora dator. Ez Guggenheim bakarrik ikustera, bai beste guztia ikustera ere bai. Total-total (oso-oso) fama handia hartu du: jatekoagatik, historiagatik, edariak  ere… Maiteminduta akabaten (bukatzen) daurie (dute), benetan.

3.    Zein galdera egiten dizute askotan?
Bai, pilo bat, pilo bat. Zeren jendea beti dago, por ejemplo (adibidez), joaten gareneko Plaza Berrira, Bilbon, Euskaltzaindiko eraikina daukagu han, eta Euskaltzaindia dakar idatzita. Eta orduan jendeak begiratzen dueneko hasten dira galdetzen zer nahi du esan Euskaltzaindiak, zer lan egiten duzue eta nondik dator hizkuntza hau, hori denek galderatzen (galdetzen) dute. Orduan beti eman behar duzu esplikazio (azalpen) txikitxo bat, jendeak jakiteko ez dakigula nondik datorren.

4.    Bisitariek gauza berriak egin nahi dituzte?
Gauza pilo bat daude, gero egin ahal duzu arkitektura tour-a; gero egin ahal duzu hori, pintxo-tailerra; edo ibaitik bidaia…  Edo gauza pila bat dago. Jendea gero joaten da metroarekin Portugaletera, edo Getxoraino trekking egitera, edo izaten dira Artxandara ikusteko bistak goitik… Gauzak desde luego… Gure (nahi) baduzu etorri eta gure (nahi) baduzu gauzak egin, Bilbo daukazu… Ezin gara hobeto lokalizatuta egon…

B1
2018-07-19
  • Malutafilms
16145419
03:34
3014