Hedy Lamarr aktorea: wifiaren aitzindaria
Hedy Lamarr aktorea Vienan jaio zen 1914ko azaroaren 9an. Emakume adimentsu hau, George Antheil musikariarekin batera, wifi sistemaren baitan dagoen teknologiaren asmatzailea izan zen.
Bere benetako izena Hedwing Eva Maria Kiesler. Neskatxa oso ikasle azkartzat zuten eskolan. Familia judua zuen, aberatsa. Operara-eta eramaten zuten, eta pianoa jotzen ere bazekien. Ingeniaritza ikasten hasi zen, baina ikasketak eten eta Berlinera joan zen interpretazioa ikastera. 1932an, Extasis pelikulak denon ahotan jarri zuen nerabea, biluzik atera zelako eszena batzuetan eta orgasmo-itxurak egiten beste batean.
Baina pelikula horri esker, neskarekin txora-txora eginda geratu zen Fritz Mandl arma-saltzailea, eta gutxira ezkondu egin ziren. Filmarekin lotsatuta, neskaren gurasoek uste zuten alaba zentzatu egingo zuela suhiak. Fritz Mandl oso jeloskorra zen ordea: ez zuen asmoa lortu, baina Extasis pelikulako kopia guztiak erosten saiatu zen. Egia esan, ez zion inora bakarrik joaten uzten emazteari. Are gehiago, Hitlerrekin eta Musolinirekin zituen lan-bileretara joatera behartzen zuen. Bilera horiek armagintzari buruzkoak ziren. Agian bilera horietan hasi zen Hedwing naziei nola aurre egin pentsatzen eta aliatuen gerra-torpedoak nola hobetu ikusten.
Kontua da behintzat, Hedwing ez zegoela pozik ezkontzarekin. Eta ihes egin zuen Parisera, senarraren bizkartzainak atzetik zituela. Parisetik Londresera joan zen AEBerako itsasontzia hartzeko. Itsasontzian Hollywoodeko zine-ekoizle batek lan-kontratu bat egin zion eta ekoizlearen emazteak izena aldatu. AEBera heltzean izen berria zeukan austriarrak: Hedy Lamarr.
Gerrarako torpedoak eta bonoak
40ko hamarkadan mundu-erdia gerran zegoen eta beste erdia, hortxe- hortxe. Hedy Lamarr nazien aurkakoa zen, baina bere ingeniaritza-jakintza AEBeko armadari eskaini zionean, esan zioten bere edertasuna baliatzeko gerra-bonoak saltzeko. Bonoak erosiz 25.000 dolar gastatzen zituenari musu bat emango zion Lamarrek. Gau bakarrean 7 milioi dolar lortu zituen.
Baina Lamarrek zerbait gehiago nahi zuen. Hasierako filmak ez ziren oso arrakastatsuak izan, eta gainera AEBeko torpedoak urrutiko aginte bidez hobetzeko ideia zerabilen buruan. Itsasontzi batek torpedo bat jaurtitzen zuenean seinale-frekuentzia bat emititzen zuen itsasontziak berak. Torpedoa jaurtitzean, beti frekuentzia berean emititzen zen seinalea, eta beraz, detektatzen oso erraza zenez, torpedoek maiz egiten zuten kale. Seinale hori hain detektagarri ez izateko modua diseinatu zuen Lamarrek.
George Antheill musikagilearekin batera “espektro hedatua” izeneko komunikazio-sistema patentatu zuen.
Hori batetik. Bestetik, egun batean, festa batean, George Antheil musikaria ezagutu zuen. Musikari honek Ballet Mécanique izeneko kontzertua emana zuen. Kontzerturako, besteak beste, 16 pianola sinkronizatu zituen euren artean kablerik erabili gabe: pianola bat entzun zitekeen, gero isiltzen zen, eta beste bat hasten zen jotzen edo bi, edo lau. Musika zaleek arbuiatu egin zuten kontzertua, baina Hedy Lamarrek pentsatu zuen pianolak sinkronizatzeko sistema erabiltzea torpedoak eraginkorrago bihurtzeko. Elkarrekin sei hilabete pasatxo lanean aritu ondoren, azkenean, 1942an patentatu egin zuten asmakizuna. Ordurako II. Mundu Gerran sartuta zegoen AEB, baina armadak ez zuen aintzat hartu patentatutako asmakizuna, eta Lamarr eta Antheil zinemara itzuli ziren, bata pelikulak egitera eta bestea pelikuletako musika sortzera.
Patentea lortuta gero, 15 pelikula edo egin zituen Lamarrek nahiko jarraian, tartean oso ospetsu egin zuen Sanson eta Dalila (1949). Aktore-lanean jarraitzen zuen, baina hara non, 1957an, AEBeko enpresa batek (ordurako iraungita zegoen patentea) asmakizuna garatu egin zuen eta AEBek erabili helburu militarrekin: Kubaren kontra 1962an, eta geroago Vietnamen. Gaur egun ere, haririk gabeko komunikazio-sistema batzuek (wifi, bluettoth…) Lamarrek eta Antheilek patentatu zuten asmakizuna dute oinarrian.
Lamarrek ez zuen txanpon bakar bat ere lortu patenteagatik. Gerra amaitu zenean zine-ekoizle bihurtu zen, ez oso arrakastatsua. Maila pertsonalean ere bizitza nahiko gorabeheratsua izan zuen: sei aldiz banandu zen, espetxean egon zen kleptomaniak eraginda, kirurgia estetikoaren bidez ebakuntza asko egin zizkioten aurpegian, eta azkenean, bizitzako azken urteetan Miamiko bere etxetik atera gabe ematen zuen ia denbora osoa, bakarrik.
Hedyk informazioa enkriptatzeko metodoa asmatu zuen, egungo wifi-sistemaren oinarria dena.
Berandu omendua
Halako batean, 1997an, asmatzaile gisara omendu zuten: «Bazen garaia!» –esan omen zuen. Baina omenaldi-ekitaldira Antony Loder semea joan zen amaren izenean. Urte horretan bertan beste omenaldi bat ere jaso zuen, oraingoan Antheil musikariarekin batera. Handik 3 urtera hil zen Hollywoodek bere garaian «munduko emakumerik ederrena» izendatutakoa. Floridan hil zen, 2000ko urtarrilaren 19an.
2014an, Vienan berriro izan zen omendua, eta gaur egun Austrian, azaroaren 9an Asmatzaileen Eguna izaten da bere jaioteguna gogoratzeko.
KAZETARIA. Lehen-lehen omendu nahi duguna wifiaren asmatzailea da. Hedy Lamarr.
Hedy Lamarr, esan bezala, austriarra sortzez, “Munduko emakumerik ederrena” titulua eta madarikazioa ezarri zioten Hollywoodeko izar honi XX. mendeko 40. hamarkadan. Baina edertasun fisikoaz gain bere adimena ikaragarri pribilegiatua zen. Bigarren Mundu Gerran naziek harrapatuko ez zuten komunikazio-sistema baten bila ari zela, egun wifi eta Bluetooth bezalakoek beharrezkoa duten teknologia asmatu zuen. Elhuyarreko kidea Ana Galarraga gonbidatu dugu Hedy Lamarri buruz hitz egiteko. Ana, egun on, zer moduz?
ANA GALARRAGA. Ondo. Ondo.
KAZETARIA. Bueno, Hedy Lamarr. Nondik hasi?
ANA GALARRAGA. Bueno, ikusgarria. Emakume oso ederra. Baina batez ere, oso bizimodu pelikuleroa, oso filmetako…
KAZETARIA. Oso zinematografikoa…
ANA GALARRAGA. Bai. Erabat.
KAZETARIA. …bere bizitza bakarrik. Austriarra, jatorri juduko familia onekoa, txikitatik izan zuen, ezta?, asmakizunetarako eta zientziarako, ikerketarako joera hori. XX. mende hasierako Viena hartan nolako giroan hazi zen Hedwig Eva Maria Kiesler?
ANA GALARRAGA. Ba esan bezala, bai, aberats-etxe batekoa zen. Orduan bazeukan aukera ikasketa goi-mailakoetara sartzeko, baina nahiz eta ikasketetan hasi eta ingeniaritzari heldu, utzi egin zuen ba film batzuetan parte hartzeko aukera izan zuelako. Eta horietako bat izan zen bere lehen arrakasta eta bere lehen eskandalua. Ba “Extasis” izeneko pelikula zen, oso gaztetxoa zen, 17-18 urte eta azaltzen zen lehen plano batean orgasmo bat antzezten eta bueno, ba grazia handirik ez zien egin gurasoei eta erdi behartu edo lagundu zioten ezkontzen enpresari ospetsu eta dirudun batekin.
KAZETARIA. Hau zen Fritz Mandl ezta?
ANA GALARRAGA. Hori da.
KAZETARIA. …armagintzako magnate, ez dakit, munduko garai hartan, handienetako bat izango zen, naziei ezta? saltzen zizkien armak. Eta beno, hau ere nolako istorioa! Berarengandik ihesi esango dugu, ezkontza horretatik ihesi iritsi zen Estatu Batuetara.
ANA GALARRAGA. Bai. Aktore izateko amets horrekin. Aprobetxatu zuen ospe hori bere zaletasunera bueltatzeko eta tarteetan asmakizunak egiten zituen eta, adibidez, asmatu zuen semaforoak hobetzeko sistema bat.
KAZETARIA. Hara!
ANA GALARRAGA. Ez zuten arrakasta handirik izan, baina egia da baita ez ziotela kasurik egiten. Ari zen ja pentsatzen nola egin aurre naziei Europan eta nola lagundu ejertzito estatubatuarrari.
KAZETARIA. Bai.
ANA GALARRAGA. Eta bere kasa hasi zen orduan asmatzen komunikazio-sistema bat laguntzeko ejertzitoari bi, bi gauzatan. Batetik, komunikazio sekretua izan zedin, hori bermatzeko, eta bestetik, urrutiko aginte-bitarteko sistemaren bat ere nahi zuen asmatu misilak bidaltzeko, ba nahi zen lekura.
KAZETARIA. Orduan, kontatzen ari zaren hau Ana, hori da orain wifi eta Bluetooth ezagutzen bezala, ezagutzen ditugun horien oinarrian?, mezuak ez interzeptatzeko (bidean atzemateko) sistema hori hor oinarrian dago ala beste asmakizun bat da?
ANA GALARRAGA. Hortik atera zen. Oinarrian aurrena hori pentsatu zuen, hori izango litzateke enkriptazio-metodo (enkriptatze metodo) bat. Nola egin sekretu. Bale. Baina horretarako egin zuen gaur egun wifi eta Bluetooth eta horiek erabiltzen duten sistema hori asmatu zuen. Eta da: maiztasun desberdinetan bidali mezuaren zatia, mezua zatikatu, banatu maiztasun desberdinetan, eta bidaltzen duenak eta jasotzen duenak bakarrik dakite zein den kodea pusketa horiek atzera berriro lotzeko.
KAZETARIA. Osatzeko eta mezua…
ANA GALARRAGA. Bai. Baina falta zitzaion sinkronizatzea bidaltzen zuenaren eta jasotzen zuenaren arteko komunikazioa. Eta hori egiteko laguntza eskatu zion musikari bati. Bazen George Antheill izeneko musikari, hau ere erabat bueno, gorrotatu eta maitatua aldi berean. Eta egin zuen kontzertu bat hamar eta piko pianola, ez dakit 14 edo ote ziren, sinkronizatuta, eta bakoitzak ateratzen zuen zarata, soinu… Sinkronizazio-sistema hori iruditu zitzaion Hedy Lamarri oso aproposa berak pentsatuta zeukan zatikatze eta maiztasunetan banatutako sistema hori osatzeko. Bien artean sortu zuten sistema hau. Orduan deitu zioten “espektro hedatua”. Patentatzera aurkeztu zuten…
KAZETARIA. Bai.
ANA GALARRAGA. …eta patentea, egin, egin zuten. Eta hori da gaur gure komunikazio-sistemetan erabiltzen duguna. Horixe bera.
KAZETARIA. Baina zer gertatu zen bera bizi zenean bere asmakizunekin, bere lan guzti honekin…
ANA GALARRAGA. Bai.
KAZETARIA. …zer gertatu zen?
ANA GALARRAGA. Ez zioten kasurik egin, eta patentea kadukatu (iraungi) eta handik hiru urtera hobekuntza batzuk egin zizkioten, eta orduan bai erabili zuten, baina ez bere izenean.
KAZETARIA. Uste dut 1987an edo, ia bera nahiko zaharra zenean…
ANA GALARRAGA. Hori da.
KAZETARIA. …orduan saritu zuten…
ANA GALARRAGA. Bai.
KAZETARIA. …edo behintzat aitortza bat eman zioten.
ANA GALARRAGA. Eman zioten Aitzindaritza saria Estatu Batuetan, eta aitortu zioten bereziki patentatu zuten sistema hori, baina bestela, oro har ere.
KAZETARIA. Bueno, eta ja handik hiru urtera hil zen.