Juan Manuel Castro Prietoren argazkiak Donostiako Tabakaleran

"Argazkiak ondo eginak eta kontzeptuetan oinarrituak egon behar dira".
J. M. Castro Prieto

Juan Manuel Castro Prieto 1958. urtean jaio zen Madrilen. Autodidakta da. Egun hauetan Donostiako Tabakaleran Castro Prietok erakusten duen "Cespedosa" deituriko lan hau, Cespedosa de Tormes herrian egina dago.
J.M. Castro Prietok, hasiera batean, ekonomia-ikasketak egitea pentsatu zuen baina, Gabriel Cualladó eta Paco Gomezen argazkiak ezagutu zituenean, txundituta geratu zen eta madrildar lagun hauen bidea hartzea erabaki zuen. Hura izan zen unibertsitatea utzi eta "Real Sociedad de Fotografia" eskolan ikasketak egiten hasteko arrazoia.
Juan Manuelen jaioterri afektiboa, bere gurasoen herria, Cespedosa izan zen. Bera han ez jaio arren, bertako semea sentitu da beti. Hau da bere bizitzaren erreferentzi nagusia.

J.M. Castro Prietok bere bizitza osoan ehunka argazki atera ditu han eta hemen baina inon ez Cespedosakoak bezain ederrak eta hunkigarriak. Berak dio, bere arimaren epizentroa Cespedosan dagoela. Tabakaleran ikusgai dauden irudi hauen argumentuak, Cespedosan bizi izandako haurtzaroaren ondorioz sortuak dira. Landutako gaiak, nagusiki, arraroak, irrealak edo amestutakoak dira. Kezka ezberdinak omen dira gogoeta hauen oinarria eta berak nahiko luke ikusleak ikuspuntu horretatik behatzea argazkiak.
  

 

"El cordero pascual", 2009

Azken lau hamarkadetan, Castro Prietoren argazkiei esker, atzerritarrek Espainiako gizarte tradizionala ezagutu dute.

Bere liburuetan azaldutako irudiak ere lagungarriak izan dira ezagutza hori sakontzeko. Berak argitaratutako libururik aipagarrienak hauek dira: "Perú, viaje al sol", "Bodas de sangre", "Extraños", "Cuenca en la mirada", La Seda Rota", "Mota de polvo" ... Lan hauetako batzuk Andres Trapielloren testuekin daude osatuak eta artelan bikainak dira.


Castro Prietoren argazkigintza ikusleek gogo onez ikusi duten seinaleetako bat, berak jaso dituen sariak dira: "2002an, Photo España erakundeak Bartolome Ros saria eman zion. 2003an, Peruko gobernuak Cesar Vallejoren domina eman zion han egindako ikerketa artistikoarengatik. 2015. urtean Juan Manuelek Espainiako Argazkigintzaren Sari Nazionala lortu zuen argazkiaren hizkuntza eraberritzeagatik.
Argazkien erakusketa hau 2018ko ekainaren bukaera arte egongo da ikusgai Donostiako Tabakaleran.

Informazio gehiago, helbide hauetan:
https://www.kutxakulturartegunea.eus/eu/erakusketak/oraingoa
https://www.castroprieto.com/
 




B2
2018-05-10
  • Juanjo Dorronsoro
16143664
1699