Nelson Mandela, apartheidaren aurkako borrokalari nekaezina

Gaurko egunez jaio zen, duela 100 urte Nelson Rolihlahla Mandela. Lehenengo hauteskunde demokratikoen bidez hautatutako Hegoafrikako presidente izendatu zuten 1994ko maiatzean, apartheidaren aurkako borroka irabazi ondoren. Baina horra iristeko bidea luzea bezain latza izan zen, bere bizitzari buruzko lerrootan ikusiko dugunez.

1948tik 1990era Hegoafrikan apartheida izan zen erregimen sozio-politikoa, zuriek agindutako gobernuak ezarritakoa. Afrikaans hizkuntzan "arraza-bereizketa" esan nahi du apartheid eta garai hartan, biztanle gehienak beltzak izan arren, gutxiengoa osatzen zuten zurien esku zegoen agintea eta giza eskubideen murrizketa larria pairatu behar izan zuten hegoafrikar beltzek.

 

 

Nelson Mandelaren gaztaroari buruzkoak

Mandelaren bizitzaren garai honi dagozkionak Maritxu Muruak idatzi berri duen Nelson Mandelaren biografiatik atera ditugu.

Egilearen arabera, Mandelaren autobiografia irakurri ostean, "hunkituta" geratu, Hegoafrikatik zer ikasia badela pentsatuz eta liburua idazteari ekin omen zion.

Hegoafrikan izan zen Murua, Mandelaren jaioterrian, eta gaztaroa igaro zituen lekuak eta kartzela bisitatu zituen. Euskal Herriko gazteengan Mandelari buruz jakin-mina piztea eta gogoeta eginaraztea izan omen du helburu irakasle ohi donostiarrak liburua idazteko garaian.

MANDELAREN GAZTAROA
(1918-1940)

Rolihlahla Mandela, honela baitzen Nelsonen txikitako izena, Transkei-ko Mvezo herrixkan jaio zen 1918. urteko uztailaren 18an. Transkei lurraldea Cape Town-etik, Lurmutur Hiri-tik alegia, 1.200 kilometrora dago, ekialdera, Drakensberg mendien eta Indiako Ozeanoaren artean, Kei ibaiaren eta Nataleko mugaren artean. Bere aita, Gadla Henry Mphakanyswa, Thembu tribuko buruzagi oinordekoa zen eta errege-aholkularia. Gizon eskolagabea izan arren hizlari entzutetsua genuen eta zurien aurrean inolaz ere kikiltzen ez zena. Poligamoa izaki, bere lau emazteetan Mandelaren ama, Nosekeni Fanny, hirugarrena zen. Rolihlahla, aitaren hamahiru seme-alaben artean semerik gazteena dugu. Emazte bakoitza bere kabuz hornitzen zen, bere kraal propioa zuen eta aita kraal batetik bestera igaro ohi zen emazteak eta haurrak bisitatzera hilean behin. Kraal, Hegoafrikan, natiboen ohiko etxaldea da, txabola biribil batek edo batzuek osatua eta, abereak gordetzeko, hesiz inguratua. Badirudi emazteen arteko harremanak onak zirela eta amari oso atxikia egon arren haurrak beste emazteak ere amatzat hartzen zituela. Lau amen maitasunaz gozatu izanak babes giro handia eman zion Mandelaren haurtzaroari. MARITXU MURUA, Nelson Mandela, ELKAR, 2010 15.or.

 

Ikasketa-garaia

Bere tribuko ohiturei jarraituz, hamasei urterekin egin zen adinez nagusi Mandela eta orduantxe joan zen Clarkeburyko institutura. Bi urteren ondoren bukatu zituen ikasketak, ohiko hiru urteak igaro beharrean. Garai hartan, ANC alderdiaren berri izan zuen, baina Mandelak zuriei buruz iritzi ona zuen. Bere ustez, estimatzekoa zen afrikarrak hezteko orduan zuriek izan zuten jarrera.

Institutuaren ondoren, arte-ikasketak hasi zituen Fort Hare-ko unibertsitatean. Lehen urtearen amaieran unibertsitateko araudiaren aurka agertu zen Mandela, zenbait boikotetan parte hartuz. Unibertsitatetik kanporatu eta itzultzea galarazi zioten, bertako legeak onartzen zituela adierazi ezean.

Unibertsitatea utzi ostean, Jongintaba aitaordeak Evelyn Ntoko Mase izeneko andregaia bilatu eta bikote gaztea ezkontzea erabaki zuen. Mandelak, ordea, ezkontzeari uko egin eta Johannesburgera joan zen bizitzera. Hasieran, meategi bateko zaindari gisa topatu zuen lana, baina ez zuen han luze iraun eta legelari batzuen bulegoan hasi zen lanean, lagun baten laguntzari esker. Bertan zela, falta zitzaizkion ikasketak amaitu zituen Hegoafrikako unibertsitatean.
 

Apartheidaren aurka

1961ean, Mandela Umkhonto we Sizwe (MK), ANCren beso armatuko buru egin zuten (bera izan zen fundatzaileetako bat), eta bere helburua nazioartean babesa lortzeaz gain, taldea sortu eta entrenamendu militarra ematea izan zen. Gobernua eta militarrak helburu zituzten sabotajeak egin zituzten, baita gerrilla guda baterako planak egin ere, sabotajeek ez bazuten apartheidaren gainbehera eta amaiera ekartzen. Mandelak nazioartean MKrentzat finantziazioa bilatu zuen, eta taldearentzako entrenamendu paramilitarra antolatu.

1980ko hamarkadan MK apartheid erregimenaren aurka gerrilla gerran aritu zen, eta borroka honen ondorioz, ehunka zibil hil zen. Mandelak berak aitortu izan du, ANCk ere apartheidaren aurkako borrokan Giza Eskubideak hautsi zituela.


Atxiloketa eta Rivoniako epaiketa

1962ko abuztuaren 5ean, Mandela atxilotu egin zuten eta Johannesburgeko Gotorlekuan kartzelaratu. Hiru egun geroago, ehunka manifestariren presiopean egin zen epaiketan, 1961ean langileak grebara bultzatzeagatik eta herrialdetik ilegalki ateratzeagatik espetxeratuko zutela iragarri zion epaileak. 1962ko urriaren 25ean, Mandelari bost urteko atxilotzea ezarri zioten. Bi urte beranduago, 1964ko ekainaren 11n, ANCko kide izateagatik zigor gogorragoa ezarri zioten.

 

Kartzelaratzea

Nelson Mandela Robben Uharteko kartzelan sartu zuten 27 urte zituela eta bertan eman zituen hurrengo 18 urteak. Kartzelan zegoen bitartean, bere izen onak gora egin zuen eta berehala Hegoafrikako lider beltzik esanguratsuenetakotzat hartzen hasi ziren. 1988an Victor Versterko Kartzelara eraman zuten eta han egon zen askatu zuten arte.

 



1989an, Botharen ordez Frederik Willem de Klerk-ek presidente kargua hartu zuenean, Mandelaren askatasuna iragarri zuen, 1990eko otsailean.


Presidentetza

1994ko apirilaren 27an egin ziren baldintza demokratikoak betetzen zituzten lehen hauteskunde ez-arrazistak Hegoafrikan. ANC alderdiak botoen %62ko babesarekin irabazi zuen, eta Mandela, ANCko lider gisa, 1994ko maiatzaren 10ean herrialdeko lehen presidente beltz izendatu zuten, NPko de Klerk eta Thabo Mbeki presidenteordeekin batera. Batasun Nazionaleko Gobernua osatu zuten.

1994ko maiatzetik 1999ko ekainera bitartean, zurien gutxiengoak agintzen zuen herrialde baten trantsizioa gidatu behar izan zuen, horregatik nazioarteko babes eta begirunea irabaziz.


Erretiroa

Mandela Hegoafrikan hautatzen zen presidenterik zaharrena izan zen, 1994an 75 urterekin agintera heldu zenean. Bigarren agintaldi bat ez egitea erabaki zuen eta Thabo Mbekik hartu zion lekukoa.

Erretiroa hartu ondoren, Giza Eskubideen alde lan egiten duten zenbait erakunderentzat aholkulari-lanetan aritu da Mandela.


 

_________________________________________

 



 

Ipuina

Nelson Mandelak idatzitako "Mis cuentos africanos" liburuko ipuin bat duzu jarraian:

 

 

Katemea txabolan betiko gelditu zenekoa


Bazen behin batean kateme bat, basa-katemea, sasidian bera bakarrik bizi zena. Egunen poderioz bakardadeaz nekatu eta basoko katar batekin ezkondu zen, begien aurrean bere ustez izan zitekeen oihaneko izakirik ederrenarekin alegia.

Baina egun batez, hazitako belarrak inguratutako bidexka batean paseatzen zihoazela, raust, hara non egin zien jauzi Lehoinabar batek belazetik, katemearen senarrari zilipurdi egin araziz; hantxe geratu zen gizajoa zoruan tripak agerian.

- Hara! -esan zuen katemeak- hara nire senar menderatua! Orain ulertu dut oihaneko izakirik ederrena ez dela bera, Lehoinabarra baizik. Eta katemea Lehoinabarrarekin bizitzera joan zen.

Oso zoriontsu bizi izan ziren elkarrekin, baina egun batez sasidian ehizan zebiltzala, halako batean, tupust!, ilunpetik Lehoi batek jauzi egin Lehoinabarraren bizkar gainera    eta jan egin zuen.

- Hara! -esan zuen katemeak- Orain badakit oihaneko izakirik ederrena ez dela Lehoinabarra, Lehoia baizik.

Eta katemea Lehoiarekin bizitzera joan zen.

Zoriontsuak izan ziren oso biak, baina egun batez, oihanean beren harrapakinak zelatatzen zebiltzala, alimaleko izaki bat etorri zitzaien gainera, eta braust, Elefanteak bere hanka Lehoiaren gainean paratu, eta hantxe utzi zuen, lisatua.

- Hara! -esan zuen katemeak- Oraintxe ikusi dut oihaneko izakirik ederrena ez dela Lehoia, Elefantea baina.

Beraz, katemea Elefantearekin bizitzera joa zen. Bizkar gainera igotzen zitzaion, eta hantxe belarrien artean bertan goxo egiten zuen, lepoaldean urruma eginez.

Benetan zorionekoak izan ziren, harik eta egun batean, ibai bazterreko kanabera itzelen artean zebiltzala, danba!, eztanda izugarri batek lurrera bota zuen Elefantea, seko.

Ingurumarian gizontxo bat ikusi zuen katemeak, eskopetaz armaturik.
- Hara! -esan zuen katemeak- Orain badakit oihaneko izakirik ederrena ez dela Elefantea, Gizasemea baizik.

Hala bada, abiatu zen katemea Gizasemeren atzetik, eta hau bere etxera heltzean, txabolako lastozko teilatura igo zen katemea, jauzi eginda.
- Azkenean, aurkitu dut oihaneko izakirik ederrena.

Pozik bizi izan zen txabolaren teilatupean, eta herrixka hartako sagu eta arratoiak ehizatzeari ekin zion. Egun batean ordea, teilatuan eguzkiaren epelaz goxatzen zegoela, etxe barrutik zetozen zarata batzuk entzun zituen. Gizasemea eta emaztea apurka-apurka geroz eta ahots gorago ari ziren oihuka,  eta fixti-faxta, nolako zartakoa hartu zuen Gizasemeak lurraren kontra atetik kanporatua izan orduko!
  
- A bai e? -zioen katemeak- Orain badakit zein den oihaneko izakirik ederrena: Emakumea!

Katemea lastozko teilatutik jaitsi, txabola barrenera sartu, eta sutondoan eseri zen patxada ederrean.

Eta bertan darrai harez geroztik.

 

  • AHOTS GORA.- Levantando la voz. En haussant la voix.
  • ALIMALEKO.- Oso-oso handia. Inmenso/a. Immense. 
  • BAZEN BEHIN BATEAN.- Érase una vez. Il était une fois.
  • BERTAN GOXO EGIN.- Acomodarse a gusto en un lugar, sin intención de cambiar, conformarse. Se conformer
  • EGUNEN PODERIOZ.- Egunak joan ahala. Al cabo del tiempo. Au fil du temps.
  • EGUZKIAREN EPELA.- El calorcito del sol. La chaleur du soleil.
  • HALA BADA.- Beraz. Así pues. Ainsi donc.
  • HARA!- Kontxo! ¡Vaya! Voilà!
  • HARRAPAKIN.- Presa. Butin.
  • ILUNPE. Itzal. Lugar oscuro, sombrío. Obscurité.
  • ITZEL. Oso handia. Enorme. Terrible, énorme.
  • KANABERA. Caña. Tige, chaume.
  • KANPORATU.- Kanpora bidali. Expulsar. Mettre dehors.
  • KATAR.- Gato. Chat.
  • KATEME.- Gata. Chatte.
  • LASTO.- Paja. Paille.
  • LEHOINABAR.- Leopardo. Léopard.
  • PATXADA EDERREAN.- Tan gustosamente, tan tranquilamente. En toute tranquillité. 
  • SASIDI.- Labardia. Matorral. Buisson.
  • SEKO.- Hilda. Muerto, cadáver. Sans vie, cadavre.
  • URRUMA.- Ronroneo. Ronronnement.
  • ZARTAKO.- Golpe. Coup.
  • ZELATATU.- Acechar. Épier.
  • ZILIPURDI.- Voltereta. Cabriole.

 


B2
2010-10-04
16132572
12067