Zure argitan bizitzea
Malika nekazari marokoarraren bizitzan hiru aldi nabarmendu daitezke. 1954an hasi, eta 1999a bitartean, kolonizazio frantsesaren eta Hasan ii.a erregearen heriotzaren artean. Aurrena, lehen senarra, Allal, Indotxinara joan zitzaion frantsesen alde borrokatzera. Hurrena, 1960ko hamarkadan, Rabaten, zazpi ahaleginak egin behar izan zituen Khadija alaba Monique burgesarekin neskame joan ez zedin. Azkena, Hasan ii.aren heriotzaren bezperan, gazte lapur eta homosexual bat, Jaafar, etxera sartu zitzaion lapurreta egitera eta, beharbada, Khadija hiltzera. Narrazio guztia, Abdela Taia idazlearen amaren ahotik dator, izan ere, egiazko bizipenetan oinarritutako kontakizuna da.
EGILEA: Abdela Taia
ITZULTZAILEA: Patxi Zubizarreta
ARGITALETXEA: Alberdania
ARGITALPEN URTEA: 2022
Liburuaren aurkezpena lotura honetan ikus dezakezu.
Hona hemen pasarte bat:
1- BENI MELLAL
Lur honen maitasun guztia.
Lur honetan den maitasun guztia ez dut aski izango eta ez dit arinduko, Allal, zureaz geroztik gertatzen ari zaidana.
Urrun baino urrunago joana zara, zure munduaz zipitzik ere ez dakit nik. Ez zara itzuiko.
Oroitzapena baino ez zait geratzen, zure hutsa, zure maitasun zu gabea.
Hainbat hilabetetan zehar, aitarekin zokora egiten genituen joan-etorrietan, begira izan zintudan. Ez zinen haren beldur eta zure begiei aske uzten zenien mintzoa, niri begirik ez kentzeko, niregan barneratzeko eta, nire ordez, segidan zetorrena, gertatzear zegoena erabakitzeko. Zurekin izatea. Zurea izatea. Zeure emakumea izatea. Zure begiek ez zuten aditzera ematen ederra nintzela ez maite ninduzula. Ez, halakorik batere ez. Zure begiak jostetan ari ziren, eta dantzan, eta ni gauza bera egitera behartzen ninduten. Denen begien bistan, azokan zurekin dantza egitera.