Ipuina engainua da

Iban Zaldua, euskal ipuingintzaren aldarrikatzaile ez ezik praktikatzaile handienetakoa dugu, eta espiritu horri helduz ondu du ipuin-bilduma berri hau; aurrekoaren aldean bi berezitasun: bilduma potoloagoa dela eta aldi berean ipuin gutxiago dituela (hamazazpi); beraz, istorioak ez dira hain laburrak; edo, zehatzago esateko, ohiko ipuin laburren ondoan, nobela laburren neurrira hurbiltzen diren istorio luzeagoak ere ondu ditu, ipuinaren muina mantenduz betiere. Gaiak, berriz, askotarikoak, Zalduaren unibertsoa osatzen dutenak gehienbat: bikote-arazoak, adulterioak, guraso eta seme-alaben arteko gorabeherak, kontu fantastiko zenbait (ohi baino gutxiago), zientzia-fikzio apur bat, sare sozialetako jardueraren parodia, gizarte-kritika (segregazio eskolarra dela, armagintza dela), pop musikaren mundua, eta baita metaliteratura ere, ipuinari berari buruzko teoriak barne.

EGILEA: Iban Zaldua

ARGITALETXEA: elkar

ARGITALPEN-URTEA: 2022

 

Berriak Zalduari liburu honi buruz egindako elkarrizketa irakur dezakezu hemen klik eginez.

 

Hona hemen pasarte bat (9.or)

DISKOTEKARENA

Kontxako pasealekutik noa ibilera lasaian. Gauerdia igaroa da, eta, ilargirik sumatzen ez den arren, apenas dago iluntasunik; hiriko argiak badiako uren gainean ispilatzen dira, bertan ainguratuta dauden belaontzien siluetak nabarmenduz. Giroa epela da eta, berandu izan arren, ez dabil jende gutxi, irla seinalatuz edo sakelakoarekin argazkiak ateratzen; noizean behin flash txiki batek dir-dir egiten du barandaren inguruan. Baina, turistifikazio guztia gorabehera, ezin inolako eragozpenik ipini ikuskizunari.

Barandara hurbildu naiz ni ere. Donostia azkenengoz agurtzeko asmoz. Lekuetatik despeditzeko ohitura daukat, eta erritual berezi bat horretarako, lagun askok ergelkeriatzat hartzen dutena; ziurrenik arrazoia izango dute, ez dut ukatuko. Donostiatik despeditzeko nire lekua, betidanik, Kontxa izan da. Ezin topikoagoa, badakit. Baina ezinbestekoa, bestalde. Nirentzat, behintzat. 

 

Páginas: 276
C1
22-12-2022
30046720
981