irakurgai-mailakatuak-fitxa
Iazko hezurrak
Liburuko protagonista, Irene, obsesionatuta dago indarkeriarekin. Indarkeriaz gogoeta egiten du Irenek eta berarekin batera irakurleak.
Ez da Elorriaga indarkeria-mota bakar batera mugatzen, herrialde askotakoak eta era askotakoak jartzen dizkio irakurleari begi aurrean: gerrak, bortxaketak, torturak, jipoiak, hilketak, atentatuak, arrazismoa, lintxamenduak, holokaustoa, euskal sehaska-kanten letrak… Izan ere, Irenek eta gizakiok aldez edo moldez jaiotzetik bertatik dugu inguruan indarkeria. 1971n jaiotako Irenek 44 urte bete arteko denbora-tartea hartzen du liburuak, eta batzuetan saiakera ematen du, beste batzuetan nobela, zenbaitetan datuz jositako kronika…
Egilea: Unai Elorriaga
Argitaletxea: Susa
Argitalpen-urtea: 2014
Hona pasarte bat:
Nicolae Ceaucescuk jaten zuen guztia analizatzen zuen laborategi batek. Sabelustu eta gero ere hondakinak analizatzen zizkioten, gorozkiak, obsesio horrekin bizi zen. Horrezaz gainera, talde berezi batek, erradiazio-detektagailu batez, diktadorearen lantokia, komuna eta luma aztertzen zituen egunero. Arropa ere kontrolatuta zegoen: Ceaucescuk jantzi aurretik analizatzen zizkioten arropa guztiak. Erre egiten zuten arropa gero, egunaren amaieran, iluntzean, iluntzero. Egunero estreinatzen zituen arropak, beraz, egunero erre, Europako herrialderik pobreenetako batean.
(237. or)
Oharra: Nahi baduzu, testu labur bat idatz dezakezu, indarkeria azaltzen duen kontakizun bat. Aipatu zer gertatu zen, noiz, nola, zergatik, nortzuk izan ziren protagonistak.
