Aiztondo 2008-2013 urteetako gutunen bilduma
"Aiztondo gutun lehiaketa"n azken 5 urteotan garaile suertatu diren gutunak biltzen dira liburu honetan.
Gutun sarituak dira; sariketa adin-tarteka egina dago. Bost adin-tarte daude, 6 urtetik hasi eta 17k gorakora arte.
Gutunak izan arren, esan denek ez dutela gutunek eramaten duten haserako data hori. Bestetik, batzuk eskuz idatzitako gutunaren fotokopia dira. Eta batzuek letra-tamaina txikiegia dute. Hala ere, liburua hona ekartzea pentsatu dugu, zer probestua badagoelako, oraintxe ikusiko duzuenez.
Egileak: 34 idazle
Argitaletxea: Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitatea
Argitalpen-urtea: 2013
Hona 2013ko gutun bat (6-8 urte bitartekoen saila). Gaia: Jaiotako etxea txikitzera doaz. Idazlea: Xuban Irazu Eizagirre. Izenburua: Xomorro.
Kaixo Iker Kilker, zer moduz?
Eduardo Kakalardo naiz. Gure etxea bota nahi dute gizakiek.
Zatoz bizkor mesedez. Plana prest dugu: zuk abisua emandakoan kir-kir-kir eginez, Katixa Urtxintxak intxaurrak botako dizkio burura gizakiari. Okila Purtzilak arrautzetan pare bat mokokada pa-pa-pa emango dizkio. Eta gizakia makurtutakoan Erle Merlek zizta! egingo dio ipurdian.
Beraz, etorri zaitez bihar goizeko 8etan Zuhaitzeko Etxera.
Zure lagun
Eduardo Kakalardo.