irakurgai-mailakatuak-fitxa
Alexis Zorbaren hitzak eta egintzak
Liburu honetako protagonista nagusia da narratzailea. Oso gizon ikasia da, aukeran gutxi bizi izandakoa, irakurle amorratua, eta Kretara joateko itsasontzi bat hartu beharra daukana hango meategi baten kargu egitera. Itsasoratu baino lehen ezagutuko du Alexis Zorba, bera ez bezala, asko bizi izandakoa.
Egilea: Nikos Kazantzakis
Itzulpena: Luis Berrizbeitia
Argitaletxea: Elkar
Argitalpen-urtea: 2017
Zorba egun bakoitzari zukua ateratzen saiatzen da kosta ahala kosta. Bi gizaseme, adiskide min eta lankide bihurtuko dira: bata, dena arrazionala eta bestea, dena grina eta pasio. Bi ikuspegi horien arteko elkarrizketa da liburua. Idazleak bi pertsonaien arteko harremana baliatzen du Grezia eta Kretari buruzko datu historikoak tartekatzeko, pentsamendu filosofikoak, erlijioaren kontra hitz egiteko eta abar.
Hona pasarte bat, Zorbaren maitale bihurtuko den Hortense andrearen deskribapena:
Makalen artetik emakume bat agertu zen, emakume txipito gixena, buruko ile ximelak liho-hori kolore, bere zango okerren antzara maingu urrats dorpean beso biak zabal-zabalik zangala-mangala gugana heldu. Txerri-zurda latzez estalitako orin txipi batek kokotsa apaintzen zion poliki. Lepoan belus gorriko xingola bat zeraman, eta masail iharrak more koloreko hautsez pastaturik zeuzkan. Txima jostakin bat zebilkion jauzika kopetan, Arranokumea filmeko Sara Bernhardt jadanik zaharraren holako aire zerbait ematen baitzion.
(51. or.)
