irakurgai-mailakatuak-fitxa
Ikusezina
Eleberri honetan Laida Martinezek kontatuko digu gay den Ismael nerabeak nola egiten dion aurre ikaskide batzuen jazarpenari. Jazarpen horri aurre egiteko Kerman eta Alaitz adiskideen laguntza beharko du, eta baita eskolaren inplikazioa ere.
Egilea: Laida Martínez Navarro
Argitaletxea: Giltza
Argitalpen-urtea: 2018
Eleberrian zehar denetik egiten diote Ismaeli jazarleek, eta hori gutxi balitz, mutikoaren etxeko egoera ekonomikoa ere ez da samurra. Alaitzek ere baditu bere komeriak, argaldu nahi eta ezinarekin. Arazoa bata zein bestea izan, konpontzeko lehen urratsa arazoa badela onartzea da, eta onartze horretatik etorriko dira soluzioak. Eta elkartasunetik.
Hona pasarte bat:
Ahalegina egin dut malkoak irensteko. Une batez eutsi egin diot negar egiteko gogoari. Baina gero, klaseko karkaren oihartzuna etorri zait berriro belarrietara, eta dena gogoratu dut. Gainera, uste dut norbaitek mugikorra atera duela dena grabatzeko. Bai, dena grabatu dute, ziur: sokatik igo naizen unea, Kaskamotzaren eskua nire ipurdi gainean, nola kendu didan arropa, eta nire ipurdia, denen aurrean. Internetera bost segundoan igoko dute guztia, YouTubera. Horretaz hausnartzean, lur jota geratu naiz.
(43. or.)
