Dokuteka
Oporrak, Aner Peritzen begietan
Lanean gaudela, oporrak ditugu amets. Baina oporrek ere badituzte beren eskakizunak: ez da nahiko lanera joan behar ez izatea; oporretan “egoten jakin” ere behar da.
Oporrak dira eta antzeman egin behar da. Oporretan hobeto egon behar da, ez dakigu nola, baina geundena baino hobeto. Lanean baino hobeto. Eta bai, noski, oporretan triste ere egon gaitezke, badakigu, baina inork ez du hori nahi. Ez da ondo geratzen oporrak tristurari ematea, horretarako eguneroko bizitza dago. Oporrak erromantizatu egin behar dira, askatzaileak izan behar dute, hor ez zaudenean nora itzuli nahi duzun jakin dezazun.
Ihes egiteko modu bat da oporraldia finean, liberazio bat. Langilea juergan irtetea bezala, hiritarra mendira joatea, menditarra hirira, aita bizikletan ibiltzea bezala. Ihes, bizitzatik ihes, Aste Santua goi-denboraldia da egunerokotasunetik ihes egin nahi dugunontzat. Eta horri esker irudika dezakezu oporretan zaren hau ere bazarela zu, eta poz efimero horrek asko balio du.
Oporren funtzio garrantzitsu bat da etetea, gelditzea, errealitatez aldatzea. Ez dira ohiko gauzak egin behar oporretan, ez dira errutinaren ardurak bete behar, ez da etxea garbitzeko aprobetxatu behar oporraldia. Oporretan mugikorra itzaltzeko eskubidea daukazu, presente ez egotekoa, ardurak ez betetzekoa. Tienes 15 chats no leídos eta pentsatzen duzu toma, jódete, ez naiz bilerara azalduko eta esango dut barkatu oporretan nengoen. Eta aldi berean antsietatea, itzultzen zarenean hori hor egongo delako.
Bidaiatu egin behar da oporretan. Lekuak ezagutu, hara eta hona joan, eraikinak ikusi. Argazkietan politago geratzen da ia dena bertatik bertara baino. Begiratu hau eta ikasi hitz hura eta herrialde haren historiaz irakurri eta diferentzia kulturalak konparatu eta interesantea da dena oso. Turista jatorrak ez dio turista izateari uzten.
Oporretan gozatu behar da atsedenaz, zereginik ezaz: eguraldi ona bilatu, joan, bidaia bat egin, probatu hango janaria, edan. Oporretan pentsatzen duzu irakurriko duzula eta gero ez duzu asko egiten. Pentsatzen duzu paseatzea baina ez dakizu zertarako eta aspertu egiten zara. Jendeak ilusio eta asmo faltsuak jartzen dizkio bere buruari. Lagun batek esan dit egunero eguzkiari agurra egiten hasiko dela. Hiru egun daramatza.
Baina hor dago produktibitatearen paradoxa ere. Oporretan bi pertsona mota daude: batzuek oporrak hiperplanifikatzen dituzte, ordutegiak jarri, agendarekin joan hara eta hona; besteontzat inproduktibitateaz gozatu behar da, ezer ez egitea obligazio bat da, plazer geldoa bilatu behar da, eta aprobetxatu egin behar da denbora alferrik galtzeko. Bizitza kapitalistak, lanean zein atsedenean, beti darama bere produktibitate zatia.
Ziurrenik horregatik, oporretan asko gustatzen zaigu aberatsenak direla uste dugun gauzak egitea: buffet batean gosaldu, ahuakatea jan, bizikletan ibili, tunbona batean etzan. Norbere klasea abandonatu ahal izatearen ilusioa pobreen kontua bakarrik da.
Hau dena pentsatzen, praktikatzen eta erromantizatzen ari zara zorionez Euskal Herrian ere jantzi ahal izan ditugun eguzkitako betaurrekoen atzetik. Baina badakizu bikotearekin edo familiarekin bidaiatzen ari dela jende gehiena, ziurrenik zu ere bai, eta horrek zein bizitza-eredu erreproduzitzen duen. Badakizu era berean zure bizilaguna lanean ari dela ez daukalako oporrik. Badakizu askok lanik ere ezin duela egin. Gasolina garesti dagoela bidaiatzeko. Amek eta emazteek doan egiten dutela lan, oporretan eta oporretatik kanpo (eta beraz ezin zaiela opor deitu). Gu oporretan gabiltzan lekuetara jendeak migratu egin behar duela, edo ezin duela migratu.
Edozein modutan, zuk astebete daukazu oporretarako, eta ez zenuke egunkaria eta politika irakurtzen ibili behar.
Irudia: Pixabay
|
HIZTEGI LAGUNGARRIA Antzeman egin behar da. Igarri egin behar da. |
