detalle dokuteka-generico-fitxa

Ba al dago neutral izaterik?

Neutral izateak, berez, gauza ona izan beharko luke: iritzi guztiak aintzat hartu, eta, ekidistantzian, guztiekiko errespetua izan. Baina nondik abiatzen da neutraltasun hori?

 
Etxepeko apartamentuan kataluniar emakumezko bat bizi da aspaldi. Zientzia-ikerlaria da baina kirolaria ere bada, profesionaletan ibili izan denak sekula ez baitu kirola baztertzen. Ahizpa bisitan etorri zaio, eta lehengoan igogailuan egin nuen topo berarekin. Kirolariz jantzita zetorren (hau ere kirolaria, antza). Gasteizen zegoela esan zidan, «selekzioarekin». Ohikokeriak ziostazan bitartean, neure burua, zentrifugatuan, zein «selekzio» ote zen argitu nahian zebilen, Kataluniak ba ote selekziorik? Segundo kontua izan zen. Bista-kolpean ikurrik ikusi ez nioenez, galdetu egin nion. «Zein selekzio?». Tentsio apur bat sentitu nuen igogailuan egin zen isiltasunean; baina berehalakoan erantzun zidan: «Espainiakoan». Ez dakit zein kiroletan dabilen, baina jokatzen duten txapelketaren bat irabazten badute, garaikurra jaso ahala, edo ostean, Espainiako ereserkia entzungo dute, ziurrenen. Hegemonikoa beti da neutrala; normalitateak ez du behar ez izen-lagunik, ezta abizenik ere. Selekzioa. 

Bilbon genozidioaren* kontra txirrindularitza-lasterketan egindako protesten ostean entzun nion bati baino gehiagori kirolak politikoki neutrala izan behar duela. Nik ez dakit zeri esaten dioten neutrala izatea, baina estatu bateko ereserkia entzutea ez da neutrala, eta horren ikurren bat daraman txandala eramatea ere ez. Neutraltasuna deserosotasun-erosotasun kontuarekin lotuta dago. Alegia, zerbaitek deseroso sentiarazten banau, orduan neutraltasuna hautsi dela ulertzen dugu. Eta jakina, gutxitan pentsatzen da norberaren neutraltasuna bestearentzat partzialtasuna izan litekeenik. Non neutraltasuna, han partzialtasuna. Boterea duenak ezartzen du neutraltasuna, eta beste denak abizena darama. 

*2023tik gerora Gazan gertatutakoaz ari da.

Kanpoko irudia: Pixabay

HIZTEGI LAGUNGARRIA 

Ohikokeriak ziostazan. Normalean izaten diren hizpide arruntak esaten zizkidan. 
Bista-kolpean. Lehen begiratuan, begiratu batean. 
Garaikurra jaso. Irabazleei ematen zaien saria jaso, trofeoa. 
Hegemonikoa. Nagusitasuna duena. Estatu, erakunde edo ikuskera batek besteekiko duen nagusitasuna da hegemonia. 

 

detalle2

Docuteca

C1
24-11-2025

x61pRelaContWAR

38735509

x61pViewCountWAR

1077

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR